| Kultur etxea, kultura bilgunea | |||
| Testua: Aritz Ibañez / Argazkiak: Marisa Torregrosa |
|||
|
La casa de cultura es casi una realidad, Aritz ha hablado con el coordinador cultural acerca del proyecto cultural del Ayuntamiento de Burlata. Todos esperamos que este nuevo centro cultural satisfaga las necesidades de todos los grupos culturales del pueblo. |
Burlatan kultur mugimendu handia dagoela inork ezin dezake uka. Horren seinale dira dantzariak, txistulariak, gaitariak, erraldoiak, peñak eta bestelako kultur taldeak. Hala ere, erakunde hauek gaur arte ez dute euren ekintzak egiteko espreski prestatutako tokirik izan, ez entseiutarako ezta emanaldietarako ere. Horregatik, urte batzuetatik hona talde hauek guztiak eta gehiago hartuko lituzkeen Kultur Etxe baten beharra ikusi da. Bada, kultur etxe hori bidean da dagoeneko. Jakinen duzuenez, urte hasieratik aitzina Hilarion Eslava eskolaren atzealdean, etorkizunean Kultur Etxea izanen dena eraikitzen ari dira. Hori gauza jakina da, baina zer ekintza eramanen dira aurrera bertan? Zeinek parte hartu ahalko du ekintza horietan? Galdera hauen erantzunak ez daude hain argi. Espero dezagun lerro hauek irakurri eta gero izan ditzakezuen dudak apur bat argitzea. Duela 3 urte hasi zen Kultur Etxea eraikitzeko proiektua. Honelako lan bat aurrera eramateko beharrezkoak diren biderapen guztiak egin ondoren, pasa den urtarrilean hasi ziren eraikuntza obrak. Honelakoetan, lanak noiz hasiko diren jakiten dugu, baina noiz bukatuko diren jakitea izaten da zailena. Kasu honetan 2002. urteko udaberrian bukatuko omen da eraikuntza, hala aurreikusia dago behintzat. Ondoren hornidura lanak etorriko dira eta guztia pentsatu bezala irten ezkero, datorren urteko udazkenean zabalduko dute Kultur Etxea. Proiektuaren aurrekontua 540 miloi pezetetakoa da (3 miloi euro inguru), eta horietarik ia erdia Nafarroako Gobernuak emandako laguntzaz ordaindu da.
|
||
![]() |
Erabilgarria izanen den solairua behekoa izanen da. Bertan, besteak beste, 500 bat pertsonendako areto nagusi bat egonen da, erakusketa gela handi bat, kafetegia eta erabilera anitzetako beste 4 gela. Kultur Patronatoko Iñaki Gordejuelak esan bezala, areto nagusian Patronatoak berak antolatuko dituen dantza, antzerki eta musika ekitaldiak eramanen dira aurrera eta baita bestelako erakunde kulturalek antolatutakoak ere. Orain arte leku faltarengatik ikusi ahal ezin izan diren erakusketak ere ekarriko dituzte Burlatara. Erabilera anitzeko gelak ikastaro ezberdinetarako erabiliko dira, baina kulturgintzan dabiltzan taldeei ere eskeiniko zaizkie. Kultur Etxea libre geratzen den orduetan, besteak beste enpresarien bilerak hartzeko aukera ere aztertzen ari dira, honela, etxeko finantziaketan bestelako diru sarrerak izateko. Burlatako Kultur Etxea, kultura bilgune izateaz gain kultura sortzaile ere izatea da helburua, talde gehiago sorraraztea, alegia. Burlataren tamainako herri batek beharrezkoa du Kultur Etxea, are gehiago, hainbeste erakunde kultural biltzen dituen herri batek. Gutxi barru Burlatako Kultur Etxea bukatua egonen da guztiok bisitatu, erabili, aprobetxatu, eta goza dezagun. Ikusteko geratzen da behar bezalako erabilera ematen zaion edo ez.
|
||