| Urtaroak | |||
| Testua: Gu |
|||
|
Las estaciones son momentos mágicos que desde siempre hemos vivido y celebrado los seres humanos. Cuando la dependencia con la climatología y el medio natural eran mayores nuestra mente estaba totalmente ligada a las estaciones del año. En este número Gu nos acerca al invierno, NEGUA. En próximos números vendrán las demás.
|
Dakigunez, lurrak eguzkiaren inguruan egiten duen bira eta eguraldian honek duen eragina dela kausa, urtea lau urtaro desberdinetan banatzen da. Urtaro bakoitzak baditu bere ezaugarri propioak eta haien artean dauden ezberdintasun klimatikoek betidanik baldintzatu dute gizakien bizimodua. Gaur, eguneroko bizitzan, teknikaren bitartez eguraldiaren eragina gutxitu bada ere, lehen, jaiak, lana, ospakizunak eta betebehar guztiak urte sasoi bakoitzari zegokion eguraldiaren arabera antolatzen ziren. Gure ustez interesgarria izan daiteke urtaroen ezaugarriak eta haien inguruan sortutako ohiturak eta sinesmenak ezagutzea, horretarako, urtero aldizkari honen lau ale kaleratzen direla aprobetxatuz, ale bakoitzean lekutxo bat eginen dugu sasoi horri dagokion urtaroari buruz hitz egiteko. Dena den, hasi aurretik, bitxikeri gisa aipatzekoa da aspaldian Euskal Herrian urte osoa soilik bi urtarotan banatzen zela, hots, uda eta negua. Negua abenduan hasi eta ekainean amaitzen zen, neguko solztiziotik udako solztiziora hain zuzen ere, eta kontrakoa, berriz, uda zen. Gerora kristauen usadioak eta ohiturak, bai eta haien egutegia ere, barneratu zirenean beste bi urtaroak, udaberria eta udazkena alegia, gehitu ziren urtearen banaketa zaharrari. |
||
|
|
|
||
|
|
NeguaNegua dugu, zalantzarik gabe, urtarorik hotzena eguzkiaren eragina sasoi honetan txikiena delako. Urtaro honen hasiera neguko solztizioak markatzen du abenduaren 21ean, amaitu, berriz, martxoaren 21ean amaitzen da udaberriko ekinozioarekin. Neguan eurijasak, eguraldi lehorra eta hotzarekin tartekatzen dira, gauak ere, luzeak bezain hotzak dira. Negualdian eroritako elurra oso mesedegarria da, lurra babesteko eta izozteak ekiditeko balio du, gainera ur erreserba bat suposatzen du. Hori dela eta, lehen, elurteak oso ongi hartuak ziren, froga gisa esaerak dioenari errepara diezaiokegu: Elur askoko urtea, urte doatsua. Elurrarekin zerikusirik zuen sinesmen baten arabera, neguan, eguerdian edo arratsaldean hontzaren kantua entzunez gero, hurrengo egunetan elurraren etorrera segurutzat jotzen zen. Neguaren sarrera nahiko leuna da, abenduan, neguaren hasierako egunetan ez da hotz handirik, oraindik udazkena hurbil dagoelako. Askotan egunak oso argiak dira, Ezkabatik edo Erreniegatik, Iruñerria garbi eta txukun agertzen zaigu. Hilabete honetan egun lehorrak, egun euritsuekin tartekatzen dira, baina orokorrean nahiko hilabete euritsu izan ohi da. Abenduari ezagutzen zaizkion beste izen batzuk hauek dira besteak beste: lotasila, lotazila (Xahoren ustez hazia lotan omen dagoelako), neguila eta abendoa. Hilabete honen ohiturei buruz mintzatzerakoan Eguberria datorkigu burura, dena den, jai hauek heldu aurretik, baserritarrak hirira jaisten ohi ziren beraien produktuak saltzeko eta baserri eta soroen jabeekin zorrak kitatzeko, betebehar hauek egin ondoren eguna festa giroan amaitzen zen. Eguberriaren ospakizunak ezagunagoak dira, hauek lirateke zabalduenak: Olentzero eta argiaren iragarpena, gabon gauean etxean piztutako sua eta honen ondoan utzitako enborra, bazterrekoa.
|
||
![]() |
Urtarrilari dagokionez, urteko hilabeterik hotzena dela esan behar da, abendua baina lehorragoa da baina ekaitzak ageriz gero, euri jasak ederrak dira eta egunak ilunak, argituko ez duela ematen du. Hilabete honek dituen beste izen batzuk hauek dira: ilbeltza, beltzila, ilbaltza, urtharrile eta izotzila. Leku askotan, urtarrilaren lehendabiziko 12 egun Zotale- gun izenarekin ezagutzen dira, segun eta zer nolako eguraldia egiten duen lehengo egunean horrela izanen da urtarrila, bigarren egunak otsailaren eguraldia aurreratuko digu eta horrela hilabete guztiekin. Hila- bete honen ospakizunen artean, urtezaharrean uraren inguruan egiten zen erritoa izan daiteke garran tzitsuena. Urte berriaren lehengo kanpai hotsak entzun orduko, gazteak ziztu bizian joaten ziren iturrietara uraren bila herriko agintariei eramateko, hauek kanta batekin jasotzen zuten ura, Ur goiena, ur barrena / Urteberri egun ona. Hilabete kaskarin eta zoroa dugu otsaila, Otsaila firili faraila dio esaera batek. Hilabete honetan egun epelik izan arren, negukoa da eta hotza dugu, oraindik izugarrizko hotzak eta hormak suertatzen dira. Otsaila katuen eta emakumeen hilabetea dugu, horregatik, hainbat lekutan katail izenarekin ezagutzen da, hilabete hau izendatzeko erabiltzen diren beste izen batzuk otsaile, otsila, zezeila, zizeila eta barantala dira. Otsailaren jaien artean San Blas, Santa Agedaren abesbatzak eta kaldereroak ditugu besteak beste, hala ere, hilabete honen ospakizunik garrantzitsuena inauteriak dira ezbairik gabe, izan ere, inauterien denboraldia otsailaren bigarren astean hasten da. Beno, gaurkoz utziko dugu gaia albo batean, nahi izanez gero, hurrengo alean udaberriari buruz mintza gaitezke.
|