|
Este año vamos a celebrar por todo lo alto
el regreso de Carlos Ezkurra (socio de Axular) a Burlada. Diez años
por los mejores hoteles de la geografía española. Actualmente
en La Moraleja, en el municipio de Dueñas, provincia
de Palencia. Nos hemos acercado a él para preguntarle sobre su
ánimo y sobre sus planes de futuro. Como siempre, no nos ha defraudado.
Hamar
urte laster beteko dira, halere, pozik eta hagitz zentratua aurkitu dugu
Carlos Ezkurra. Hamar urte eraman zutenetik. Hamar urte hainbat eta hainbat
espetxe ezberdinetan. Orain Palenciako Dueñas herrian dagoen La
Moraleja izenekoan dago. Izenak baditu, bai, ironiarekin lotura
ederrak. Bertan izan ginen.
Carlosen kanpoko itxurari so eginez honako hau ikusten
dugu: kalpar hori luze-luzea, bizar beltza, bekain beltzak eta eguzkiak
gozatutako aurpegi beltzarana. Gihartsu dago Carlos, ez dauka kilorik
soberan, batzuk flakoxka dagoela esanen lukete, berak ezetz dio, hori
dela bere benetako pisua. Barruko itxurari dagokionez, ezin hobeki dagoela
esan behar, gauzak hagitz garbi ditu, beno, hori da guri iruditu zaiguna.
Urte honetan ikusiko dugu Burlatan, ez dakigu oraindik
seguru noiz izanen den, agian abuztuan, ikusi egin behar! Dena den, gurekin
izanen dugu laster eta horrek gure bihotzak pozez betetzen ditu, hagitz
poz handiaz. Sekulako poza ematen digu guztioi, bai horixe! Gaur bertan
besarkatu nahiko genuke. Elkarrizketa honetan bere kontuak eta bizipenak
azaldu zizkigun.
10 urte espetxean laster beteko dituzu, zer
balorazio eginen zenuke pasa den denbora luze honetaz?
Ni naizen pertsonaren aldetik ikusita, 10 urte zaharragoa naizela esan
beharra dago. Nahiz eta neroni ere sinesgaitza iruditu. Hala ere, urte
hauetatik guztietatik ateratakoa ona izan dela esanen nuke: osasun aldetik,
nahiz fisikoa nahiz psikologikoa, indartsu ikusten dut neure burua; hartutako
eskarmentuaren aldetik, hainbat egoeratan bizitakoa (dispertsioa, txapeoak,
gose-grebak, espetxe-aldaketak ...) eta bertatik ikasitakoak neure burua
hobeki ezagutzeko eta aldi berean, helduagotzeko ahalbidea; harreman pertsonalen
aldetik, senideekin lotuago eta maiteago izatea ...
Euskal Herriari so eginez, balorazio ona eta txarra
aldi berean. Alde txarra, gatazka politiko-armatua bere horretan dagoelakoz
oraindik, eta Lizarra-Garazi aurrera ateratzeko ez ginelakoz gauza izan
abertzaleok. Alde ona, aldiz, uste dudalakoz euskara eta euskal kulturaren
aldeko herritarren gogoa gero eta zabalagoa dela (Nafarroan esaterako
hortxe dugu d ereduko eskola zein ikastoletako matrikulazioa
urtetik urtera gorago). Eta honekin batera herritar askoren lan eta borrokarako
gogoa ez dela inolaz ere itzaltzen.
Badakit galdera hagitz zaila dela, baina ...
hemendik atera ondoren zer?
Nire egitasmoak urte hauetan guztietan egindako ametsei lotuta dauzkat,
eta amets horiek ahal dudan bezala bete ahal izatea: baserriko bizitzan
aritzea nahiko nuke.
Nola
ikusten dituzu gaurko gazteak?
Euskal Herriko gaztediak, gehien batek behintzat, poza ematen dit. Lehen
esan bezala, haien eskubideen eta etorkizunaren alde lan eta borrokan
aritzeko gauza direla erakusten ari dira asko. Nahiz eta egungo bizimodu
kontsumistak eragiten duen menpekotasunaren atzaparretatik ihes egitea
gero eta zailagoa gertatu. Hala ere, esaterako, hortxe ditugu armadari
intsumisioa, euskal unibertsitatearen aldeko borroka eta beste hainbat.
Axular aldizkariak 5 urte bete ditu, gustatzen
al zaizu gure aldizkaritxoa?
Euskaldunok gure euskara eta euskal kultura batere normalizatu gabe bizi
izan gara, honek oraindik ekartzen digun kaltea oso larria da. AXULAR
aldizkariak normalizazio horretarako beste leiho bat zabaldu eta bertatik
ikusi ahal izateko laguntzen digu. Euskaldunok Burlatan gureak ere diren
toki eta txokoak ere bete behar ditugula adierazteko eta jende artera
eramateko bide bat da.
Zer da Burlatara heltzean eginen duzun lehendabiziko
gauza?
Heldu arte ezin jakin! Hala ere, burura datorkidana da herriko erreka
bazterretik ibilia egin eta zubi zaharraren gainetik patxada ederrean
errekari begira egotea
|