|
Hace 5 años (en nuestro primer número)
el técnico de euskara del Ayuntamiento de Burlada, Isidro
Rikarte, nos ofrecia unas reflexiones sobre el euskera y Burlata.
Ha pasado mucho tiempo y en esta entrevista nos vuelve a hacer su
diagnóstico particular de la situación del euskara
en nuestro pueblo.
|
Zer nolako osasuna du euskarak gure herrian?
Burlata Iruñerriko herria izaki, euskarak inguruko herrietan
duen osasun egoera beretsua du hemen. Azkeneko erroldaren arabera
burlatarren %8,24 gara euskaldunak. Gurasoengandik seme-alabenganako
transmisio katea ez da eten eta hori oso garrantzitsua da.
Horretaz gain azken 5 urteotan aurrerapauso garrantzitsuak eman
dira gure herrian, adibidez udalean. 1997. urtean euskararen erabilera
arautzeko udal ordenantzak onartu ziren. Hauek, udalak herritarrekin
dituen idatzizko eta ahozko harremanak elebidunak izanen direla
agintzen dute. Hau da, bandoak, propaganda, kartelak,... ele biz
idatzirik egonen dira. Ahozkoan, herritarrak aukeratu dezake zein
hizkuntzatan nahi den mintzatu administrazioarekin. Horretarako
udalak erabakiko du zein lanpostutan derrigorrezkoa den euskaraz
jakitea. Horretaz gain, lan publikoa lortzeko beti meritutzat hartuko
da euskaraz jakitea.
Azken 5 urteotako bertze lorpen bat musika eskolan euskarazko lerroa
ezartzea izan da. Haurrei musika hezkuntza zein hizkuntzatan jaso
nahi duten erabakitzeko aukera ematen zaie. Horretarako irakasleak
birziklatu dira. Hasiera batean gatazkatxoa gerta zitekeen gauza
bat era normalean eraman da aitzina.
Jorratzeko bideak geratzen zaizkigu hala ere. Adibidez, udalak euskaraz
egiten duen kirol eskaintza ez da nahikoa. Polita izanen litzateke
kirol iharduerak haurren hizkuntza ereduaren arabera antolatzea.
Kontua da euskarari erabilera guneak ematea.
Adibidez ?
Erabat erdalduna den herri batean, Burlata kasu, euskarari ez bazaio
erabilera gunerik eskaintzen, ez da erabiltzen. Eta erabiltzen ez
dena ez da hizkuntza. Hizkuntzak komunikazio tresnak dira, ibiltzeko
tresnak. Normalizazioa gehiago da hori eskaintza kulturala baino.
Eskaintza kulturala egin behar da. Askotan itxura edo irudia baino
ez da. Baina egiten al dugu euskaraz?. Hori da kontua. Zein funtzio
betetzen dira euskaraz? Administrazio funtzioa betetzen al da euskaraz?
Kultura funtzioa? Aisialdia? Hori da egin beharreko azterketa. Hizkuntza
batek betetzen dituen funtzioak dira bere osasuna neurtzen dituztenak.
Administrazio publikoetan euska- raren
erabilera mugatzen duen foru dekretuak zer nolako eragina izan du
Burlatan?
Dekretua murriztailea da. Arras murriztailea. Euskararen erabilera
idatzia murrizten du. Kartelak, señalizazioa, errotulazioa...
Hori komunikazioa da. Baina baita irudia ere, eta garrantzitsua
da. Gainera lehen lan deialdietan meritutzat hartzen zen euskaraz
jakitea eta orain ia-ia ez da kontsideratzen. Soilik ingelera, alemaniera
eta frantsesaren parean. Aztertu beharrekoa da Foru dekretuak kondizionatzen
edo menperatzen ote dituen herrietako udal ordenantzak. Burlatakoa
adibidez ez da aldatu baina orain lan deialdi batzuetan ez da euskara
meritutzat hartzen, dekretuaren poderioz. Gainontzeko esparruetan
udal ordenantza lehen betetzen zen bezala betetzen da orain ere.
|