| Udaberria |
|
Testua: Gu |
|||
|
|
|||
|
En esta segunda entrega sobre las estaciones del año,
nos acercamos a los misterios de la primavera. Gu nos trae el aroma de
los meses más primaverales: marzo, abril y mayo.
|
Kolore bizien urtaroa dugu udaberria, bedatse
izenpean ere ezagutzen den urtaroa. Negu loaren ondoren natura berpizten
da eta nonahi lore goiztiarren usain goxoa zabaltzen da. Eguna eta gaua,
berriz, berdindurik agertzen zaizkigu urte sasoi honetan. Dena den, ongi
dakigunez aldaketa hau ez da bat-batekoa, udaberriaren hasieran, hau da,
martxoaren 21ean (udaberriko ekinozioan), oso hurbil dugu oraindik neguaren
tarte hotzak eta euritsuak, pixkanaka, denbora aurrera egin ahala, eguzkipean
igarotako ordu kopurua luzazuz joaten den neurrian egunak goxoagoak eta
epelagoak izanen dira. Bestetik, tenperaturen igoera ematen bada ere,
gurea labore herrialdea izanez, urtaro honetan oraindik jasotzen diren
euri zaparradak ezinbestekoak zaizkigu. |
||
|
. MARTXOA Martxoa, edo epaila, efaila eta martia izenekin
ere ezagutzen den hilabetea, bi aurpegi ezberdinekin agertzen zaigu. Batetik,
amaierara heldu den neguaren egun hotzak eta euritsuak ditugu, bestetik,
hilabetearen azkeneko egunak epelak eta urdinak izan ohi dira, denok,
bi aldiz pentsatu gabe, berokiak armairuaren bazter batean uzten ditugu,
oraindik ere beharko ditugula konturatu gabe. Hilabete honetan oilaskoek
inoiz baino arraultze gehiago ematen zutela uste zuten, era berean, martxoan
jaiotako oilarra urtearen hoberena suertatzen zen. Martxoaren batean ere
hilea moztea oso mesedegarria omen zen, adatsa indartzeaz gain, burukominak
ere desagertzen ziren. Garizuma garaian sartzen gara martxoan, gaurko
garizumak ez du zerikusirik lehengoarekin, denboral- di hau sakrifizioz
eta debekuz beterik zegoen. . APIRILA Udaberrian barneratu bagara ere, martxoa baino
aldakorragoa eta zoroa dugu apirila, kapritxosoa oso, benetako udaberriko
egunak eta negukoak bezalakoak tartekatzen baitira. Gure aurrekoentzat,
abereen eta jorraren hilabetea zen apirila. Apirilak jaso dituen beste
izen batzuk hauek dira besteak beste: aberila, abereila, afirile, jorraila,
jorraile, opaila, opeile eta opea. Apirilaren lehendabiziko bi egunek,
eguraldi txarrekoa direnean, Zokomikate izena jasotzen dute.
. MAIATZA Aurrera eginez, maiatzean, udaberrian guztiz sartuta gaude. Hilabete hau gehienetan epela dugu, dena den, oraindik ere, aldaketak gerta litezke. Urte batzuetan, beroa goiz hasten da nabaritzen eta maiatzaren azkenean egun oso beroak agertzen ahal dira. Maiatza hostoen hilabetea edo ilargia zen. Oso hilabete ona, horrela baieztatzen dute ohitura eta sinesmen zaharrek, adibidez, maiatzaren esnea urtearen hoberena omen zen gazta egiteko, beste aldetik, hilabete honetan hartutako esnea sarnaren aurkako oso erremedio eraginkorra zen, esnea ere maiatzaren batean hartuz gero, urte osoan ez zegoen burukominik izateko arriskurik. Gainera maiatza beste izen batzuekin ere ezagutzen da, ostaroa, ostoila, orrila, maihatzea eta loraila dira haietariko batzuk. Hilabete honetan maiatz anderea edo maiatz besta izeneko jai bat ospatzen zen aspaldian, herriko neska gazteen artean erregin bat edo bi aukeratzen ziren, hauek zuriz jantzita eta loreekin apaindurik herriaren goraipamena jasotzen zuten, jai honekin naturaren eta bizitzaren berpiztea ospatu nahi zen. Maiatzarekin amaitu baino lehen, ez da ahaztu behar hilabete honetan ere kukuaren kantuak zuen garrantzia, txori honen kantuarekin mota guztietako gertaerak aurrikusi zitezkeen, esaterako, norberaren bizitzaren iraupena edo ezkontzaren data. Ba hauxe izan da udaberriari buruz kontatu nahi genizuena, datorrenean, nahi baduzue, eguzkiaren aroaz hitz egingo dugu. |
|||
|
|
|||