|
Hasieran
liburutegia haurrez beterik, beraz.
Bai, baina denboraren poderioz egoera aldatu egin zen. Mailegu zerbitzua
jarri genuen eta liburuak etxera eramaten hasi ziren. Erosoagoa
zen horrela eta liburutegia apur bat hustu zen. Orain ez dute hemen
hainbertze denborarik pasatzen. Etorri eta fite alde egiten dute.
Pizgarri berriak behar genituen eta horregatik aktibitateekin hasi
ginen, liburuarekin uneoro kontaktuan egon zitezen. Haurrek ezaugarri
berezi bat baitute. Berehala zaletzen dira edozein gauzarekin, baina
zaletasun hori xaxatzen ez baduzu segituan aspertzen dira ere. Etengabe
gogoratu behar zaie liburuak politak direla, istorioak, eta abar.
Horri esker jarraitzen dute.
1995 urtean Ermitaberrin hobekuntza lanak egin zituzten eta kalean
geratu ginen. Liburutegia itxi nahi izan zuten. Baina eskatuz eta
eskatuz udaletxean pisu bat utzi ziguten eta 2 urtez egon ginen
bertan. 1997an Ezkabazabal-eko egoitza honetara etorri ginen eta
askoz hobe.
25 urte
hauetan gizartea bera ere sobera aldatu da. Zuk zer eboluzio nabaritu
duzu liburutegiari dagokionez?
Haurrak guti-goiti-beheiti lehen bezain usu etortzen dira. Baina
orain askoz denbora gutxiago ematen dute hemen eta bertzelako gauzak
egitera datoz. Informazio bila etortzen ohi dira eta etxera eramaten
dute, ez dira hemen geratzen. Irakurlea ere aldatu egin da. Ezkabazabalera
heldu ginelarik 0-6 urte tarteko haurrak ere hartzen hasi ginen.
Lehen 6 urtetik gorakoak zetozen eta orain adin txikikoz beterik
dago liburutegia. Iskanbila ederra sortzen da hemen. Ume horiendako
bertzelako azpiegiturak beharko genituzke. Guraso askok haur txikiak
euren gisara uzten dituzte eta irakurri ordez edozein gauza egiten
dute. Guraso batzuk ez dira hortaz ohartzen. Hona etorri beharko
liratekeen batzuk berriz, etortzeari utzi diote sortzen den iskanbila
horregatik hain zuzen. Borroka txiki horretan dihardugu.
Hartara,
irakurketa ohiturak ere aldatuko ziren.
Bai. Orain ikastetxeetan interes handia hartu dute irakurketarekin.
Aukera handiagoak dituzte eta eskolako liburuak gainera aspaldikoak
baino arinagoak dira. Eskolakoak irakurtzen dituzte, gero hona datoz.
Irakurtzen jarraitzen dute.
Teknologia berriak ere asko erabiltzen dituzte. Haur asko egoten
da ordenadorea noiz libratuko zain. Oraingoz bakarra dugu eta eskaera
oso handia da. Antza, gutxi barru bertze bat bidaliko digute.
25 urte
hauetan hau liburu- tegia asko hazi al da?
Asko bai. Baina aldi berean sobera gastatu da. Hau ez da kontserbazio
liburutegia Liburutegi bizia da, kontsumorako sortua. Eta liburuak
asko erabiltzen dira. Hainbat bilduma berritu ditugu irakurtzearen
poderioz gastaturik baitze-uden. Komikiekin gauza bera gertatu zaigu.
Morta- delo eta Asterix-en asko bota erretiratu behar izan ditugu
erabat apurturik baitzeuden. Beraz eroske- tak egiterakoan liburu
kopurua gora doa, baina aldi berean behera ere egiten du, gastatutako
ale horiek erretiratu behar izaten ditugunean.
Oso hedaturik
dagoen iritzia zera da, gero eta gutxiago irakurtzen dugula. Zuk
kontatutakoaren arabera ez dirudi horrela denik.
Irakurri irakurtzen da, eta agian duela urte batzuk baino gehixeago
ere bai. Agian gora beheraren bat izan da. Mailegu piloa egiten
dugu hemen. Bertzalde, egia da ere ikus-entzunezko saila sortu dugula
eta maileguetatik asko bideoak direla. Maiz bideo baten bila datoz
baina libururen bat ikusi ezkero hura ere eramaten dute. Amu txikiak
jarri behar zaizkio irakurleari.
Baina noski irakurtzen dutela. Interesatzen zaizkien gauzak izan
behar dira. Adibidez Harry Potter. Harry Potter-en 4 liburu daude
eta guk bakoitzetik 4 ale ditugu, beraz 16. Euskaraz eta gaztelaniaz.
Eta guztiak eramaten dituzte. Ahalmena eta interesa badute. Baina
gustuko dutena eskaini behar zaie.
Denboraren
poderioz irakurzale- tasun hori galtzen al da?
Ezetz uste dut. Haur zirelarik irakurri eta gozatu dutenek, geroago
institutu edo unibertsita- tean berriz irakurtzen hasten dira. Askatasun
apur bat gehiago izaten hasten direlarik eta eskolaz kanpoko aktibitateekin
alde batera uzten dute irakurketa baina normalean itzuli egiten
dira. Garrantzi handia du gainera etxeko giroa. Etxean ikusten dutenaren
adibidea hagitz garrantzitsua da. Gurasoak irakurtzen ikustea. Guraso
anitz bertze liburutegira doaz, liburuak hartzen dituzte, hona datoz
umeendako liburuak hartzen dituzte eta etxera zamaturik doaz. Hori
zoragarria da. Honek irakurketara itzularaziko ditu etorkizunean.
Irakurzaletasunaren hazia hor dago eta atera behar denean aterakoa
da.
Zein garrantzi
du irakurzaletasun horrek?
Arras handia. Liburuen bidez hartzen dute umeek munduaren inguruko
informazioa. Mundurako leihoak dira. Egun, ikus-entzunezko bitartekoekin
ere jasotzen ahal da informazio hori, baina irakurketa- rekin ezagutzen
dituzte pertsonaiak, euren harremanak, jarrerak, agian inoiz biziko
ez dituzten egoerak. Munduaren isla ikusten ahal dute liburuetan.
Hori oso interesgarria da. Irakurketa berarendako bai eta ulermenarendako
ere garrantzitsua da liburuekin harremanik izatea klasetik at ere.
Irakurtzeko ohitura hartzen duen haurrak gozatzeaz gain hitz berriak
ikasten ditu, ulermena garatzen du, eta abar. Hori hizkuntza klaseetan
ere nabaritu egiten da. Hizkuntza klaseetan bai eta bertze guztietan
ere.
Zein da
euskararen egoera Burla- tako haur liburutegian?
Pilotariek dioten moduan, hor gaude. Betidanik interes ikaragarria
izan dut euskararen gainean. Gurea bezalako hizkuntza bat ezin da
galdu. Hartara ofizialak diren papera guztiak elebiz egiten ditugu,
noski. Hori baitzen lehenago zegoen legea. Agian egunen batetan
guztia gaztelaniaz jarri behar dugula esanez etorriko zaizkigu,
auskalo. Egunero egiten ditugun aktibitateetan ezinezkoa egiten
zaigu euskara erabiltzea, gaztelaniaz egiteko ere larri ibiltzen
baikara.
Euskarazko eta gaztelaniazko liburuak dauzkagu, eskaintza bikoitza
izan behar duelako. Batzuk zein bertzeak nahasturik dauzkagu diskriminaziorik
ez baitugu nahi. Hala ere euskarazko eskaera urri xamarra da egun.
Lehenago handiagoa zen. Ermitaberrin geun- denean euskarazko irakurle
anitz eta hagitz onak genituen. Orain berriz etortzen hasi dira
baina gutxika gutxika.
Zer eskaintzen
du liburu batek bertze euskarriek eskaintzen ez dutena?
Liburuak idazlearen ikuspuntua ematen dizu, berak sortutako mundua.
Baina gure imajinazioare- kin idazleak deskribatutako hori birsortzen
dugu. Eleberri bera 2 pertsonendako arras ezberdina izaten ahal
da. Modu batez edo bertzez imajinatzen ahal duzu nahiz eta liburu
bera izan. Aitzitik pelikula edo koadro batek errea- litatea eginagoa
ematen dizu, ez dizu zure errealitatea sortzeko parada handiegirik
ematen. Film bateko irudiak bata bertzearen atzetik oso azkar pasatzen
dira. Liburuan berriz deskripzioan geldi zaitezke, paisai hori buruan
sortu, atzera itzuli, eta abar. Uste dut ez dela konparaketarik
egiten ahal literatura eta bertze arteen artean.
Liburuaren
egunarekin greba orokorra egin zenuten Nafarroako liburutegi guztiek.
Zein da zuen egoera?
Nahiz eta askorako balio ez duten, greba egin genuen gehien bat
herritarrak sentiberatzeko. Duela 2 urte nafar liburutegiendako
plan orokor bat egin zuten zenbait lankidek. Oso plan interesgarria
egin zuten. Hala ere administra- zioak artxibatu egin zuen eta desilusio
handia izan zen. Aurrekontuak oso motzak direla, Nafarroako Liburutegi
Orokorra egin behar dela eta enparauak. Duela 20 bat urte nafarroako
liburutegiak estatu guztian jarraitzeko eredu ziren, Catalunya-
koen ondotik. Hartara, bertzeek aitzina jarraitu dute eta gu geunden
tokiak gaude oraindik. Liburutegiak kultura sortzeko gune izugarriak
direnaz jabetu dira eta errekurtsoak mila bider handitu dituzte.
Hemen ordea, gutxiagotu dituzte. Orain ranking-ean azkenak gara.
Penagarria.
Irakurtzen jarraitu, beraz eta liburutegira hurbildu, zuen zain
dauden liburu asko baitaude bertan!!
|