..Udaberria
Testua: Mattin Hualde

Nunca vivió nadie allí y, sin embargo, pasó mucha gente. Casi no llueve pero no es un desierto con dunas. Muchos van en coche pero tiene rincones que sólo se descubren andando. Es un lugar hermoso y como no lo hay en toda Navarra. Está en nuestro sur y es un extraño parque natural. ¿Qué es? Sigue leyendo o mira las fotos... y, por favor, ve a descubrirlo.

Burlata, jaiegun baten goiz euritsua: naturzale baten etxean gaude. Eguraldi txarra iragarri dute mendialde osoan eta, hala ere, mugitzeko gogoak ditu. Nora joan ez dakiela -busti gabeko eguna pasatzea gustatuko baitzaio- mapa hartu eta gure lurraldearen hegoaldean pausatzen zaio begirada. Leku on bat atzeman du.
Bertze burlatar ibiltari baten kasua ezberdina da: medikuak argi erran dio emeki mugitu behar dela belauna

behar bezala sendatu nahi badu. Baina, dena dela, mendi gogoak ditu: polita den leku bat bisitatu nahi du, zailtasun eta luzera handiko aldaparik gabea, baina ikuspegi natural ederra eskaintzen duten horietako bat.

Gure hurrengo protagonista atzerritarra duzu. Sanferminetan ezagutu zuen bikote burlatar baten etxean dago gaur eta leku berezi bat ezagutu nahi luke. Egona da Zumaian, Azkorrin, Aralarren, Iratin, Ekainen eta Belagoan, baina Euskal herriko paisaiarik bitxiena, besteekiko duen ezberdintasuna dela medio, ezagutzea falta zaio.

Gure aukera
Testuari bakarrik erreparatuz gero, pentsatzen hasita jar zintezkeen. Baina izenburuagatik ala argazki- engatik seguru badakizula zein den zonalde ezberdin hori, gure hegoaldean egon arren ibiltarientzat aproposa, Europako Natur Parkerik bitxiena (erdian tirokatzeko poligono militar bat duena), inoiz populaturik egon ez dena eta, hala ere, Erriberako nahiz Pirinioko biztanleek arras ezagutua izan dena.

Bardea (Bardena) ala Bardeak (Bardenas), bai irakurle; hori duzu gure gonbidapena. Denok entzuna da Nafarroan mota guzietako paisaiak baditugula eta bere aniztasun naturala dela turistendako erakargarria suertatzen den faktore bat, Sanferminak aparte. Baina Bardeak, paisai horietako ezberdinenak, kanpotarrendako kontua dirudi, foiletu turistikoetan edota noizbait autobuseko txango batean ezagutu duguna, eta kitto. Gazteei ere aditu diegu behin baino gehiagotan baietz, Bardeak ezagutzen dituztela zeren eskolako txango bat izan zuten: autobusez, tiro poligonoaren inguruko mendixkak ezagutu zituzten. Hori al da ezagutzea? Ez dugu uste.

Izenari buruz
Zonalde horren izenak erakartzen du gure arreta, lehenbizi: batzuetan singularrean eta bertze batzuetan pluralean irakurri eta aditu dugu, eta idazle honek ere bi modutan erran ohi du. Zein da zuzenena? Gutti gora beheiti, berdin da; baina bi motako “bardea” bereizi ohi denez, Txuria eta Beltza ezizenez, hobe legoke “Bardeak” izkribatu eta esatea.
Eta zer erran nahi du izen horrek? Soberan dakigu, are gehiago euskaldunok, izenok lekuari buruzko informazioa emaiten dutela, deskribapenen bat. Horrega- tik, apika, Nafarroako zonalde honen izenari buruzko lehen azalpenak (edota azalpen-saiakerak, hobeki erranez) XIX. mendeko nafar euskaltzaleak hasi ziren eskaintzen. Hipotesiarik errazena Herminio Olorizek eman zuen: “parece corrupción de las voces vascas Abar-dena, todo ramaje” zioen, baina adituek argi diote ezetz, eta Mitxelena handiak aspaldian ohartu zuen toponimian hipotesiarik aiseena okerra izaten dela gehienetan. Olorizekin bat egin zuen Arturo Kanpionek ere.
Iribarrenek goi aragoierazko “pardina” hitza aipatzen zuen, landare gutxiko mendixkak izendatzeko erabiltzen dena. Gaur egun hau dio teoriarik onartuenak: “barr*” (indoeuroparren etorreraren aurreko soinua) + “-én” (lekua adierazteko atzizki iberiar eta euskalduna) + “rd” aldaketa, euskararen eta Goi Aragaoiko zonaldeetan gertatzen den aldaketa. Eta zer da barr hori? “Barro” edo “barranco”ren oinarria izan daiteke... baita Nafarroako lehen txanponen “Barskunes” hitzaren jatorrera ere.

Deskribapen ttipi bat
Utzi dezagun toponimia eta deskriba dezadan zer aurkitzen dugun hegoalde horretan: paisaia lehorra, baina ez basamortua (ur-prezipitazioak urteko 400/500 mm artekoa da, Ebro haranaren erdialde osoan bezalakoa, Zaragoza hiria barne); betidanik etxolez eta artzainez betea, baina inoiz ez populatua; hala ere, gaztelu edota gotorleku batzuk izan ditu eta ikusgai daude egun; landarerik badu, klima lehorrekoak nahiz mediterraniar kontinentalekorik ere (zonalderik hezeetan artea, ipurua eta ezpela atzeman ditzakegu, Nasetan adibidez); animaliarik ere bada (arranoa, mirua, saia, untza, galeperra, untxea eta basurdea ere, Eguaras inguruan idazle honek entzun eta ikusia) eta laborantzako eremuz josita dago (garagarrak ale guti eta ttipiak emanik ere, eta hori urterik hoberenetan, eskukada bat eta erdiko altuera bakarrik lortuz). Ba al zenekien hainbertze aurki zitekeela “Nafarroako basamortua” deituriko horretan? Ziurrenik ez.
Izan ere, beti izan da inguruko herriek erabili nahi izan duten zonaldea, probetxu handikoa gertatzen baitzitzaien: egurrerako (nahiz eta Bardeak ez diren inoiz ere baso bat, bai zonalde batzuetan baso xerofiloa, idorreria-zalea, izan dela), laborantzarako eta, batez ere, neguko artzantzarako. Nafarroako %4a suposatzen duen eremu horretan (418km karratukoan) topatu dira bai artzainak, nekazariak, gudariak,lapurrak (Santxikorrota tuterar ospetsua), baita (gaur egun) turistak eta militarrak ere.

Ez dakigu idazle honek ateratzen dien probetxua, estetikoa, noizbait kontutan hartuta izan zenik. Baina bai erran behar dela haizea (ipar ala iparmendebala) lau egunetatik hirutan jotzen duen eremuan artzaina izatea ez dela batere bukolikoa, eta zer erranik ez ixiltasunaren bila joatea erabakitzen baduzu eta egun horretan bertan Zaragozatik etorritako hegazkin supertsoniko horiek bueltaka baldin badabiltza (informazio gisa, egun batzuetako goizeko 10etatik eta ordu bata t’erdiak bitarte jasan behar direla derradan). Gogorra, berez, bada Bardea, Abenduan ala Urtarrilean eta haizerik babesturiko edozein txokotan udaberri gozoaren tenperatura goza badaiteke ere, eta loreak Otsailean jada idekitzen...

Leku berezia
Beren edertasuna, ondoko argazkiak lekuko, bi eragileri egotzi dakieke: geologia egiturari eta higadurari. Lehenak, Ebro ibaiak zeharkatzen duen zonaldean zegoen lakuan milioika urtetan pilatutako lur estratoen gogortasun ezberdina eta horizontaltasuna dauzka ezaugarri: lurrezko, areharrizko eta igeltsuzko estratuak/geruzak lur azpian zeuden baina geroago, eta emeki, zonaldea altxatuz joan zen, Pirinio eta Alpeak sortzen ziren bitartean Ebro harana agertzen zelarik uretatik. Bigarrena, higadura (erdarazko erosioa), Bardeetako erliebe magikoen erantzule lehena dugu: urak eragin ditu bai kasko laua duten mendixkak (cabezos) baita lurraldea bertikalki mozten duten eta irudimenezko formez apaindurik dauden sakanak ere, gizakiaren lana (zuhaitzak edo zuhaiskak zeuden guneetan berauek desagertaraztean) lagungarri ere gertatu dela.

Baina dena al da berdin, antzekoa? Balio al digu lurralde horretatik ibilbide bat egiteak? Ez. Kontrakoa pentsatzen du jende gehienak, ordea, Bardeetako iparreko zonaldea ezagutu ondoren (Bardea Txuria deitua, lurraren argitasuna dela eta) dena ikusi dutela uste baitute. Nork erranen luke Urbasa osoa ezagutu duela Pilatosen Balkoia (Urederra- ren gainekoa) ibili ondoren? (Harira nagokiola, Bardean ere Pilatosen Balkoi bat bada, Txuriaren hegoaldean)

Bardea Txurian hiru gune ezberdin dezakegu, hiruek bere osotasuna damaiotela: El Plano delakoa, Rada-Merida-Oliba-Zarrakastelu marretik (Aragoi ibaitik) hegoalde- ra zabaltzen den lautada, bere mutur eta behatokiekin (Punta de la Estroza eta Kornialto deituak); bigarrenik, Txuriaren depresioa, non harat honat mendixka eta sakan magikoak topa ditzakegun eta , bere ekialdean, lekurik ospetsuena, lurrezko labirintoa osatzen duten Piskerra eta El Rallon lur-hesiak; eta azkenik, depresio horretatik hegoalderagoko sarguneak, Bardea Beltzaren arteko goi zonaldean Arizona gogoraraziko digun Rincón del Bu harantxoa (natur erreserba, bertzalde) eta Pilatosen Balkoia behatokia. Azken bi zonalde hauek dira bisitatuenak, Tiro Poligonoaren pista erabiliz ibil baitaiteke bai depresiotik (bertan gaude) nahiz inguruko mendietara.

Bardea beltza, ordea, utziagoa da. Orokorki, Ebro harana eta Tutera-Exea (Ejea de los Caballeros) errepidearen artekoa da, eta bere ezizena bertako pinus halepensis edo pinu mediterraniarraren koloretik datorkio. Berau ez da zuhaitz beltza, baina bere hostoen kolore berde iluna beltza iruditu omen zitzaion norbaiti lurraren txuritasunetik aldenduz, ene ustez. Bardea Beltzak basotxoak, sakanak eta orografia konplikatua du, baina Fustiñana ingurutik abiatzen diren bideetatik sartzeak merezi du. Salgai dauden maparik tipikoenetan ez dagoenez eta ibilbideetan adierazten ez denez, hona gomendioa: Fustiñana pasa eta 19’5 km.an kotxea utzita, hartu ezkerreko pista eta igo aurrean dagoen Pico del Frailera: paisaiaz gain, altzineko gaztelua bertan.
Hau guztia, gutxitan bisitatu eta ezagutu egiten dugun zonalde bat goza dezagun, zeren Iruñerriko mendizale eta naturazaleok ez ohi dugun gogoratzen geure Nafarroa maitearen hegoaldean ere erliebe interesgarriak baditugula. Hurrengo batean Fiteroko ingurunea, Kaseda gaineko San Pedro mendizerra edota Zarrakasteluko Larrate mendia aipa genitzakeen, eta horiek guztiak gure lurraldeko hego-ekhialdea bakarrik kontutan hartuz.

Eta naturaren edertasunez gain, artea ere gustuko baduzue, txango borobila gerta dakiguke: La Oliba eta Fiteroko monastegiak, Tutera bera, Radako gotorlekua, Erriberri- ko Gaztelua, Uxue... Bardeetako ibilbidetxo bat egin ondoren goza ditzakezue.
Esloganak zioena bermoldatuz: “Bardeak, joatea itzultzea da”. Animo!