| |
Gure aldizkari maitagarri
honetako aurreko atalean izenburu berbereko artikulu batean Nafarroako
hegoaldeko zonalde eder baten berri ematen genizuen, irakurle: Bardeaz,
hain zuzen. Deskribapen tipi bat eta joateko proposamena eginik, gure
lurraldeko bertze leku polit batzuen berri emanen genizuela aipatu genuen.
Nolabait, mendizale baten ikuspegitik, baina natura lasai gozatzeko eta
inguruko herriak ezagutzeko ez da aparteko (danone) gorputza
behar; kotxea hartu, sendia ala koadrila komentzitu eta tira, ea nolako
txokoak ditugun gure Nafarroa Garaiaren erdialde eta hegoaldean. Gaur
Aragoi ibaiak zeharkatzen duen zonalde zabal bat erakutsi nahi dizuegu.
Zehatzago, zonalde horretan dagoen mendi tipi baina erraz bat bisitatzeko
gonbita egin nahi dizuegu eta, gero, inguruko herriak bisitatzea ere ez
legoke gaizki.
Ez duzue eguraldi
txarreko egun bat espero behar, idazle honek Iruñerrian bustitzen
garenean soilik Ebro aldera jotzen duen arren, baina egia da Bal de Aibar/
Oibaribarra zonaldean eguzki ordu gehiago izaten dutela, hemen baino.
Aibar ala Zangotzako errepideak harturik (bi leku hauek ere bisitaldi
lasai eta atsegina merezi dutela gogoratuz), Galipentzura joatea aukeratu
dugu, nahiz eta San Pedro mendia, berez, Kasedako udalerrikoa izan. Gure
Ezkaba mendiak baino bi metro gehiagoko altuera du (894 m). Mendi hau
Uxueko eta Peña mendizerren artekoa da, baina gure atlasek Peñako
mendizerraren mendebaldeko amaiera bezala erakusten dute (teknikoki, hala
da), Kasedatik Zarrakaztelurako errepideak mendikate hau zeharkatzen duelarik,
mendate ttipi bat dela medio.
San Pedrok oso argi
erakusten digu (Peñak bezala) bi motako muga dela: alde batetik,
medite- rraniar klimaren bi zonalderen arteko muga eta, bertzetik, Nafarroako
erresumaren eta Islamen menpe zeuden lurraldeen arteko muga izan zela
X. mendea arte. Berdin gertatzen da bere sortalde eta sartaldeko lurraldeekin
ere, baina erran duguna ahalik eta aiseen konprobatzeko mendi honetaz
balia gaitezke. Zuetako norbaitek baldin baditu Nafarroan azken urteotan
mendizaleek aski erabilia izaten ari diren Montes de Navarra
liburuak (bi liburukitan bereizirik), Napar Mendi Federakundeko lehendakaria
den Feliú jaunak bere anaiekin batera idatzita, egileek Kasedatik
abiatzea proposatzen dutela ikusiko duzue. Ibilbide hori mendatetik ezkerretarako
pista hartuz egiten da eta ez dut itsusia denik erranen baino landaretzaz
eta aniztasunaz anitzez gehiago goza daiteke erakusten dizuegun ibilbidean
zehar. Gure aukerak defendatu behar ditugu, ezta?
|
|
Galipentzura joan behar da: bi herri topatuko
ditugu, Galipentzu berria eta zaharra (mendian kokatua eta bisita
merezi duena). Herri zaharra mugako herria izan zen ertaroan, horregatik
kokapena. Hor ditugu, adibiderik altuen eta esanguratsuena, Uxue
(818 m.tan kokatuta) eta, ekialdera-go, Peña herria (mendian
galdurik eta utzirik gaur egun). Bada herri berrira heldu baino
pixka bat lehenago eskuinalde-an abiatzen den pista bat hartu behar
da, behin herri zaharrera doan errepideko gurutzea pasatu ondoren.
Nahiko bide ona da eta minutu gutxitan Aragoi ibaia aspalditik zeharkatzen
duen zubi erromaniko eta harrigarri batekin topatuko gara. Zubia
zeharkatu eta hor utzi ibilgailua, baina mendian gora abiatu baino
lehen ikusi eta ibili zubia: Nafarroako luzeena
(Erdi Aroko zubiez ari naiz) Tuterakoa da,
bigarrena Kaseda- koa, baina honek harritzen duen tamaina du (erdiko
arkuak ia 30 metrokoa), hobe mantentzen du altzineko itxura eta
bere inguruak edertzen laguntzen du. Ertarokoa izan arren, 1720
berreraiki behar izan zuten, baina sobera desitxuratu gabe.
Hasierako pausatze hau eginik, gure aurrean igotzen den pista, erdikoa,
hartu behar dugu.
|
Laster ikusiko dugu
birlandaturiko pinudi batetik igo arren mediterraniar klimako landaredia
(arteak, ipurua, matazetan sortzen den belarra) dela bertakoa.
Pistak, azkenean, amaiera izanen du pinudi bat eskuinean dagoela. Ordurako,
mendiaren ipar aldetik igo garela ikusiko dugu eta beste bidegurutze batzuekin
topatu gara baina gora eta ekialdera doan bide nagusiari jarraikiz ez
dugu arazorik izan. Haitz batzuen ondotik ere pasatu gara eta Oibaribarreko
landak gure azpian ikusi ditugu.
Bidezidor bat hartu beharko dugu. Agian idazle honek duela bi urte utziriko
harriak ikusiko dituzu. Bestela, igo pinudiaren parean baina bertan sartu
gabe, gora eta pixka bat ezker, bidetxoaren bila. Zonalde honetan Iruñerrian
baino pixka bat euri gutiago jasotzen denez, arantzadun landaretxoak ugariak
dira... kontuz praka motzak eramatekotan, oso larria ez bada ere. Helburua,
Kasedatik datorren beste pista bat topatzea da, eta erraz lor daiteke.
Berau lortua, San Pedroko gailurra (goian ezker, ez okertu aurrez aurre
izanen ditugun haitzekin) eta hura lortzeko egin beharko dugun azken aldapa
argi dago, eta hor naturzalearendako ustekabe polita: trantsizioko
mediterraniar klimaren landaredia da, ametzak (erd. Quejigo), eta
bai handi eta sanoak ere.
Mendi honen hegoaldean, berriz, mediterraniar kontinentaleko
eredu edafologikoa topatzen da. Uxueko mendizerran ere berbera gertatzen
da, baina espazio txiki batean konproba- tzeko hau da egile honek ezagutzen
duen tokirik aproposena.
Geologiari dagokionez, nahiko zonalde berria da (Hirugarren Aro Geologikoaren,
Tertzia-rioaren, amaierakoa, duela 2 milioi urtekoa bakarrik):
zolu artzilosoak, hareharriak eta, goiko partean, Erreniega mendian ere
aurki ditzakegun konglomeratuak. Estetikoki kontu gutxi eskaintzen du
lurraren kolore argiak, koloreen mundua ere mendizaletasunaren esperientziaren
parte interesgarria baita.
Goazen gora, ba! Baina nondik? Ausarta eta burugu- txikoa bazara, saiatu
aldapan gora zuzen egirten... eta damutuko zara. Gure proposa-mena lasaiago
eta politagoa da: hartu topatutako pista eta segi ekialderantz, mendiaren
ipar aldea lasai inguratzen duela konprobatuz. Azkenik, Kaseda ikusiko
da hor beitin eta bidegurutze bat, non baltsa bat eta harriek marka-turiko
(kairna) bidexka hasten den. Bide honek lepora erama- nen
gaitu, bide zahar, heze eta erosoa, ametz politak ondoan igaroko ditugula;
lepotik bertatik hegoaldeko malda eta, zorte pixka batez, haitzetan bizi
diren saietako bat ikusiko ditugu. Behin lepoan, eta konglomeratu batzuk
zanpatuz, ezkerraldera joko dugu eta arte gazteen artetik eta muinoz muin
San Pedroko gailurra, aitzineko baseliza eta agian gotorleku txikia izan
zenaren arrastoen gainean altzairuzko gurutze handi eta polita duena,
lortuko dugu.
Hegoaldeko bista zabalak,
airea, eguzkia... Abenduaren 30 batean udaberriko tenperatura goxoa eta
ostartedun zerua gozatu ahal izan zuen idazle honek eta, noski, norbaiti
kontatu beharko.
Gainera, jaitsi ondoren (txango motza da eta), Galipentzu bisita daiteke
(herri zaharraren karri- katxoak, goiko eliza ederrak eta bertatik dagoen
bista...), Kaseda eta bere San Zoilo baseliza (Eliza gotiko majoa duen
monastegi zaharra, Zarrakas- teluko errepidean eta oso gertu), Eslabako
okindegian (errepide parean, herriaren lehen etxe- etakoa) beren produktu
gozoak eros eta goza daitezke... Eguna naturaz eta bestelako kuriosita-
teez gustura betetzeko, zeren bere lurra maite ez duen herriak galdurik
dagoen, eta lurra maitatzeko ezagutu egin behar Hurrena artio.
|