..AEK eta Korrika
Testua: Burtalako AEK (Zaldualde Euskaltegia)
 
Este año 2003 llega la KORRIKA-13 a Burlata. Desde el euskaltegi Zaldualde nos dan las pìstas de esta carrera popular a favor de nuestra lengua.

Korrika Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) antolatutako ekitaldia da. Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekitaldia. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gaueskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea du helburu.

AEK kultur elkarteak helduen euskalduntze alfabetatzean dihardu. Euskal Herri osoan 100dik gora ikasgunetan 600 bat irakasle eta ikasturtero 20000 matrikula inguru egiten ditu. Baina hori ez da dena. Korrika ez da ekitaldi bat besterik gabe. 1980an Oñatitik Bilbora Euskal Herria zeharkatu zuen. Korrika 1 antolatu zenetik euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordutik 12 korrika eta 22 urte bete dira eta Korrikaren arrakastak bere horretan dirau.

Izan ere, 9 egunez gelditu gabe Euskal Herri osoa zeharkatzen duen lasterketa erraldoia ez da egunero ikusten den ekitaldia. 2100 kilometro baino gehiago korrituz, adin eta mota guztietako milaka pertsonek parte hartzen dute gau eta egun. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal herriko gizarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egiten duen apustuaren tamaina islatzen du. Baina, aldi berean, Euskal Herriko gizartea astintzen duen gertakari bilakatu da Korrika. Batetik bestera lasterketan parte hartzen duen jende kopuruak gora egiten du eta azkenengo Korrikan 600.000 pertsona baino gehiago ibili zen Korrikan.

KORRIKA 13
'AEKrekin geroa lantzen' goiburupean abiatuko da Korrika 13 datorren apirilaren 4an Mauletik eta arestian esan bezala 2100 kilometro baino gehiago egin ondoren, Iruñean bukatuko da apirilaren 13an. Ibilbide luzea da eginen duena eta denok dakigunez Euskal Herriko txoko askotara ailegatuko da. Burlatan izanen dugu aurten ere Korrika. Apirilaren 13ko goizean gure herriko kaleetan zehar euskararen aldeko lasterketan parte hartze ko aukera izanen dugu denok.

WEB ORRI BERRIA
Jakina da bere mezua munduan zehar zabaltzeko Korrikak egiten duen ahalegina. Horretarako tegnologia berriek lan hori erosoago eta eraginkorrago egiten dute. Aurreko Korrikan lehenengo aldiz ziber Korrika antolatu zen eta aurtengo edizioan ere bide horri eutsi zaio. Aurreko edizioan bezala Korrika 13k ere ziber Korrika prestatu du ekimenaren mezua mundu guztira hedatzeko xedez. Berrikuntzak ere izango ditu, agenda, atal informatiboa eta Korrikaren jarraipena. Bestalde, www.korrika.org gunera sartzen den guztiak aktiboki parte hartzeko aukera izanen du. 30 euroren truke lekukoa erosi eta hala munduko txoko batetik bestera sakabatuko da Korrika 13ren mezua.

MEZUA
Aurtengo mezuari dagokionez, Korrikak gogora ekarri nahi du Euskal Herriak bere kultura eta hizkuntza berreskuratzeko lana ez dela gaurkoa. Korrika 13k 60. hamarkada bukaeran eta 70eko hasieran euskal kulturak bizi izan zuen berpizkunde izugarria azpimarratu nahi du. Izpiritu hori berrezkuratuz eta lan horren protagonistei gorazarre eginez.
Beste batzuren artean, hamarkada horretan 'ez dok hamairu'k lan eskerga egin zuen euskal kultura eta hizkuntzaren alde. Han bildu ziren Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Joxean Artze eta beste asko euskal kantagintza berritzeko. Horrexeagatik, hain zuzen, haren izpirituari helduz korrikak gauza bera esan hahi dio euskal gizarteari, alegia patuari aurre egin ahal zaiola. Izan ere, oso egoera zailean eta diktadura baten pean euskal kantagintzari eta euskal kulturari orokorrean bultzada itzela ematea lortu zuten moduan, geu ere, eraso, zatiketa jur’diko eta neurri murriztaile guztien gainetik, aurrera egiteko moduan gaude lanari ilusioz ekiten badiogu. Goian esandakoaren islada saiatu da izaten aurtengo Korrika abestia, hau da GERO BAT GAURDANIK izenburupean etorkizunera begirako mezua zabalduko dute Igor Elorzaren hitzek eta Bingen Mendizabalen musikak. Ruper Ordorikak eta Mikel Laboak ahotsa jarriko diote Korrika 13ko abestiari hauxe adierazteko: ez da malefiziorik, bada egitekorik, gero bat gaurdanik.

KORRIKA KULTURALA
Herri eta auzoetako Korrika Kulturalak berebiziko garrantzia hartuko dute Korrika 13an. Izan ere hamaika artista eta talderen eskaintzak bildu ditugu bere baitan. Burlatan ere izanen du tokia Korrika kulturalak, izan ere Ruper Ordorikak kontzertua eskeiniko du Martxoaren 7an Kaputxinen aretoan. Hau izanen da gure herrian aurreikusten ditugun ekimenetako bat, beharbada nabarmanena, baina jakina, guztion elkarlanarekin ez da bakarra izanen eta dudarik gabe ikuskizun gehiago gozatzeko parada izanen dugu.

KORRIKA LAGUNTZAILEA
Korrika 13k gizartea berpizkunde berri baten atarian jarri, euskarak lurralde osoan lege babes iraunkorra lortu eta trasmisioa ziurtatuko duen helduen euskalduntzea berrindartu nahi ditu. Baina, aurtengo Korrikaren helburuak gauzatzeko herritarren laguntza beharrezkoa dugu. Kontuan hartu behar dugu azkenaldian euskarari eta AEKri egindako erasoek larri kaltetu dutela koordinakundea. Eraso gogor eta zentzugabe hauek ondorio ekonomiko zuzenak izan ditu AEK itolarri ekonomikoan utziz. Horrek guztiak, baldintzatu du aurtengo Korrika bera. Bada, aurtengoa antolatzeko herritarren laguntza behar du AEK-k. Horrexeagatik,inplikazioa eskatzen duen ekimen berezia abiatu behar izan dugu. Korrika Laguntzailea izeneko kanpaina berezi horretan metro sinbolikoak salduko ditu Korrika 13k. Hamar euroren truke, egitasmoan parte hartuko duenak Korrika laguntzailea dela adieraziko duen txartela eta korrika 13ren irudia den tximeleta baten pina eskuratuko ditu. Gainera, AEK laguntzeaz gain, deskontuak izango ditu Euskal Herriko hainbat denda eta zinematan.
Zure auzo, herri edo hiriko hainbat gunetan salgai duzun korrika laguntzailea izateko txartela erostean datorren apirilaren 4an Mauletik irtengo den KORRIKAri bidea urrats sendoz egiten lagunduko diozu.

PARTE HARTU
Laguntza ekonomikoa beharrezkoa dugun arren, gure herri eta auzoetan eratzen diren korrika batzordeak dira hau guztia egingarria izan dadin posiblea egiten dutenak. Euskal Herriko txoko guztietan martxan dira jadanik korrika batzordeak eta Burlata ez da salbuespena. Gure herriko bizilagunek osatutako batzordeak korrikaren inguruko ekimenak eta antolakuntza aurrera eramatea izanen du helburu. Izan ere, ezin dugu ahaztu korrikaren atzetik dagoen lan handia, hau jende askok egun eta ordu askotan egindako esfortzuaren fruitua izaten baita. Korrikak gizarte osoaren parte hartzea ezinbestekoa du. Herriko elkarte, pertsonaia famatu, enpresa, kirol talde, instituzio, komunikabide, herritar guztiek dute lekua euskararen jai erraldoi honetan. Bukatzeko KORRIKA 13ren aurkezpenean esan bezala 'Korrika euskaltzale guztiona da, eta horregatik, AEKtik dei egiten dizuegu euskaltzale eta euskal herritar guztioi Korrikan parte aktiboa har dezazuen.'