Anjel Erro es un burladés de 24 años que acaba de publicar un libro de poemas en euskera. Es -digámoslo así- el primer escritor en lengua vasca de Burlada. Sólo por esto es merecedor de una espacio en nuestra revista.

A partir del siguiente número colaborará con nosotros. Zorionak Anjel Euskal Herriak zu bezalako gazteak behar ditu, bai horixe!


.Anjel Erro, idazlea: 'Dena dut errateko'
Testua: Aritz Ibañez  
Anjel Erro. 24 urteko burlatarra. Zuzenbidean lizentziatua. Euskal Filologiako ikaslea. Idazlea. Aurreko azaroan “Eta harkadian, ni” izeneko poema liburua karrikaratu du Elkar argitaletxearekin. Mundua ez dela paradisua dio. Horregatik zorrotz astintzen du luma.

Nor dugu Anjel Erro?
Batzuek erraten duten moduan, burlatarra bizitza osokoa. Ibaialde institutoan ikasi nuen. Gero zuzenbidea Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Orain Euskal Filologia ikasten ari naiz Gasteizen. Hemendik pixka bat urrundua. Bakarrik asteburuetan etortzen naiz eta horrela goxoago hartzen da Burlata. Ez dakit zer gehiago esan. Nire ibilbidea ez da oso luzea, ez eta sobera interesgarria ere.

Eta nolatan idazle?
Hasieran jolasa zen. Tamalgarria izaten ahal da baina tontakeriak idazten dibertitzen nintzen. Askotan ez oso asmo lirikoarekin, baizik eta asmo ludikoarekin. Idazten jarraitu nuen. Azkenik idatzirik nituen hainbat gauza elkartu nituen eta aurkeztu nituen Iruñeko Idazle Berriendako lehiaketan. Ez dakit irabazteko asmorik nuen, baina bigarren geratu nintzen bi urtez. Hirugarren urtean irabazi nuen. Konturatu gabe kiribil batean sarturik zaude. Hor nago. Gauzak ez dira hain ludiko eta serioagoak omen dira.

 

Zergatik poesia?
Ez ezer berezirik daukadalako ipuinaren edo narrazioen kontra. Alferkeriagatik erranen nuke. Alde batetik gutxiago irakurtzen denez seguruago nago. Eta bestetik, errazago ez dakit, baina azkarrago suertatzen zait poesia idaztea, beste generoak idaztea baino. Saiatu naiz hauekin ere, eta ideia anitz ditut. Ez dakit inoiz gorpuztuko diren. Poesian ideia bakar batekin, dirdira edo irudi batekin poema oso bat duzu. Bertzean galbahe batetik pasa behar dituzu ideiak, trama bat sortu,... konplexuagoa da.

Idazteko zein prozesu jarrai- tzen duzu?
Ez dut prozesu finkorik. Honetan pentsatzen hasten naizelarik ez dut oso argi inspirazio iturria zein den. Ezin dizut halako formularik eman nire idazteko prozesuaren inguruan. Lehen esan dudan bezala, askotan poesiaren ideiak oso gauza xumeak dira. Ideia bat edo norbaitek esaten dituen bi hitz. Horiek istoriotxo bat eraikiarazten dizute. Baina ez daukat oso argi zein den nire poemak sortzeko prozesua.

Zuzenbidean lizentziatua eta poeta. Legea eta askatasuna. Kontrako kontzeptuak dirudite.
Kurioski, eta ez naiz haiekin erkatu nahi, 27garren belaunaldiko poeta gehienek zuzenbide ikasketak eginak zituzten. Beharbada euskal letretan ez da hain ohikoa, nahiz eta Estankona-k ere zuzenbidea ikasi zuen, baina bada horrelako lotura edo kasualitatea. Agian orekatzeko izanen da. Hainbertze lege, hainbertze gauza finko askatasunaren aurrean.

Idazle klasikoa zarela diote.
Idazle guztiek nahi dute klasiko izan. Ez orain, baizik etorkizunean. Nik alderantzizko bidea egin dut: klasiko orain, gero ahantzia izateko ziuraski. Klasikoa naiz, ez edukietan, baizik eta forman. Nik oso gustu bitxiak izan ditut. Arrebak beti esaten zidan aspertuz entretenitzen nintzela. Irakurri izan ditut autore klasikoak, ez oso sakonki, baina ideia bat izateko bai. Eta atseginez hartu ditut. Esan dudanez formaren aldetik naiz klasiko. “Eta harkadian, ni” liburuan epigramak idatzi ditut, poema motzak, bertsolarien moduan azken bertsoan eztenkada sartuz. Saiatu naiz Marcialen epigramak ikusten, formaren aldetik oso moderno ikusi bainuen.

“Eta harkadian, ni” zure liburua aipatu duzu. Et in arkadiam, ego. Titulua ere klasikoa oso.
Hasiera batean beste titulu bat nuen gogoan, Carpe noctem. Hitz jolas bat. Baina jakin nuen Huelvako poeta batek erabilia zuela. Zuzenbideko ikaslea izanik banekien legeak ez duela uzten titulu bereko bi liburu karrikaratzen. Seguraski inor ez zen konturatuko, baina buruan bueltaka hasi zitzaidan beste izenburu baten beharra. Klasikoa eta aldi berean hitz jolasa zena, nahi nuen. Eta harkadian, ni topatu nuen. Kontent nago titulu honekin, uste baitut gehiago islatzen dela liburuaren edukia, edo hala sinestu nahi dut.

Arkadia paradisua zen garai bateko grekoentzat. Zuretzat?
Guztiz kontrakoa. Jakin nuen iparraldeko euskaraz 'harkadia' (h-ez), harriz betetako eremua dela. Arkadia mitikoaren eta bukolikoaren guztiz kontrakoa. Joko hori egin nuen. Askotan jendeak uste du Arkadia grekoan dagoela: dena happy, Disneylandian balira bezala. Nik uste dut ez dela horrela eta jendea ez da konturatzen. Askotan lagunekin hitz egin nahi izan dut heriotza bezalako gauza tetrikoez, eta ez didate utzi. Agian beldurrarengatik edo ez direlako konturatzen harkadian bizi garela.