 |
San
Blas parrokiako erretorea denak bere paperez eta ardurez beteriko bulegoan
jaso gaitu, telefonoak eta hainbat pertsonen eskakizunek utzi dizkiguten
unetxoetan bere bizitzaren gorabeherak azalduz.
Zer moduz zure
haurtzaroa?
Herri giro atseginean biziz izan nintzen xikitan, Irunberrin. Eskolako
maisuak onak ziren, on eta zintzoak, garaiko beste maisu batzuekin konparatuz,
nahikoa irekiak. Giro xehe hartan gustura hazi nintzen, bai.
Eta gero...
Gero, oinarrizko ikasketak amaituta, Iruñeko Apezgaitegira joan
nintzen:prestaketa luzea zen eta urte gogorrak izan zirela erran dezaket.
Lehen bost urteetan humanidades (gizajakintzak) ikasten, filosofiako hiru
urte geroago eta teologiako lau azkenik. Apeztu baino lehen, nolabait
erabakia ongi hausnartzeko, urte bat eman genuen hiru kidek Bartzelonan,
parrokia batean: Luis Aramendia, Migel Portillo eta hiruok.
Beraz, 23 urterekin
eta apeza...
Halaxe. Hirurogeita bederatzigarrenaren Uztailaren 13an izan zen ospakizuna
eta Lizarraldeko Solanara (Jurramendiko eguzkialdera) bidali ninduten,
Allo herrira. Herri ireki bat, non oso gustura egon nintzen ia lau urtetan;
hasiera polita izan zen.
|
 |
Ni mendialdekoa izanik,
ama Zaraitzuarra nuela (Espartzakoa), nora eta Nafarroako beste zonalde
diferente batera eraman ninduten, Erriberara. Azagra herrian eman nituen
hurrengo bortz urteak, niretzat nahikotxo ulergaitza eta, aldi berean,
aberasgarria izan zen mundura, nafar tenperamenduaren (izaeraren) aniztasuna
ezagutarazi zidan esperientzia.
Eta naturaz, zer?
Mendira joateaz gain, ahal nuen guzietan, beti nuen naturaz zerbait teknikoa
egiteko interesa eta Samiañigon (Sabiñánigo, Huesca)
hiru urtez egon nintzen ikasten, beharrezko baimenak lortu ondoren, noski.
Hori egin ondoren Erriberara bidali nahi ninduten berriro baina nik kupoa
beteta nuela erantzun nuen, eta zigorra izan balitz bezala mendialdeko
bi herri txikitara joatea egokitu zitzaidan, Aezkoan. Garaioan bizi, garai
haietako gazte mugimendua animatzen haran haietan eta, horrela, bi ekimen
garrantzitsu atera genituen altzinerat: Oihana kooperatiba eta Orreagako
Eskola Profesionala. Bai gustura egon nintzela! Ber aldian, nire tesia
egin nuen, behi gorriari buruzkoa (Piriniotako behiaz).
|
 |
Aste kulturalak ere
egiten genituen, nekazal formakuntzaz eta gure kulturaren hainbat kontuez.
Dena den, eskola ez zen aurrera atera eta nituen ilusioak piska bat moteldu
ziren. Orduan, Burlatan zeuden Eugenio Lekunberri eta Jesus Goldaratz
kideak nolabait nitaz oroitu eta Cirarda apezpikuari San Blasera ekartzeko
eskatu zioten.
Burlatan, San Blaseko erretore
Bai, hemengo parrokoa izateko mugitu ninduten. Erran behar dut asko-asko
kostatu zitzaidala hemengo girora egokitzea... Pentsa, herriz herri ibilia
nintzen ordura arte.
Gainera, Burlata hazten ikusi dugu, parrokian beti jendeari irekita egoten
saiatu garelarik, guztiei zerbitzua eta elkartasuna zabaldu nahian. Euskara
eta herri kultura sustatzen aritu gara, baita gaur egun ere.
|
 |
Mendizaletasuna ere
aipatu behar dut: mendi astea urtero eginez, kanpaldiez, txangoez... jendeari
bere lurra ezagutzera ematea eta maitatzea ahalbideratu nahi izan dut,
lurrarekin bat egin dezagun eta bera parte garela kontura gaitezen.
Hau guztia estilo
batez: komunitatea egiten saiatzen. Gure asmoa hori da, topaketa bat sortzea,
topagune bat non jendea elkar ezagutuko den. Apaiza bezala ez naiz agente
kultural bat, Jainkoaren Erregetzaren baloreak ezagutarazi nahi baititut,
baina Jainkoa pertsona osoa hazten denean egiten da presente: horregatik
esandako guztia, lurra ezagutzearena eta topagune izatearena, pertsonaren
hazkunde osoari laguntzeko.
|
|
Baina garaiak aldatu
egin dira...
Bai, gizartea aldatu egin da: ez da hain partizipatiboa eta leku guztietan
nabaritzen ari da, erakunde guztietan. Zergatik? Alde batetik, erakunde
ofizialei asoziazionismoa ez zaie interesatzen, kritikoa delako; eta,
bertzetik, gero eta gehiago geratzen garelako etxean, erosotasunaren menpe.
Zure biz-ifilosofia
zein liteke?
Begira: norbera saiatzen da bizi duena kutsatzen, eta nirekin berdin:
natura, mendia, kreazioa, Jainkoaren maitasuna... Txikitan, maisuak Leireko
mendizerrara eraman gintuen eta dena (mendia, basoa, paisaia) hain ongi,
biziki, azaldu zigun zeren harrapaturik geratu nintzen, lotuta. Hor jaio
zen nire naturarekiko miresmena eta hainbat gauza.
Azkenik, zein
uste duzu dela Elizaren erronka gaur egun?
Gaur egun oso une gogor batean gaude fedearen transmisiori dagokionez:
jendeak ez ditu ezta oinarrizko gauzak ere ulertzen, gurasoek ez dute
fedeaz ezer komunikatzen etxean (fedeaz eta hainbat gauzetaz). Baina badakigu
nola egin behar dugun lan: jendearengandik hurbil, gurasoekin, ilusioz,
fedean eta bizitzan sakonduz...
San Blasen ezin gara sobera kexatu, bertze lekuekin konparatzen badugu
batez ere: bada gogorik.
|
|
|