.Bertzea
 
Testua: Anjel Erro

 

Abel koadernotxo batetik telefono zenbakiak kopiatzen ari da, bere mug-i korreko agendara aldatuta. Eta tontakeria irudi dezake baina bere sakelako telefonoaren zenbakia bera ere memorian sartu du, badaezpada, suposatzen dut, neska batekedo zenbakia galdetzen dion kasurako, eta hark buruz jakin ez, Abel arras nerbiosten baita neskek gauzak galdetzen dizkiotenean, edo nik zer dakit zertarako. Eta bertze egun batez, edo egun berean -ez du muntarik-, Abelek bere artean galdetu du zer gertatuko ote da norberaren mobiletik norberaren zenbakia markatuz gero. Bakarrik dago eta inork ezin dio erran zer gertatuko da ba, deus ez, edo Amenako andrearen ahotsa aterako zaizu, informatzen edo gogoratzen edo aurpegiratzen dizularik markatutako zenbakia ez dela existitzen, edo zeurea dela, memelo halakoa. Igoal memelo halakoa ez du erranen. Beraz, Abelek, bakarrik baitago, Abel izenpean edo (E.T. filmearekiko keinu nahigabean) Nire telefonoa izenpean agendan grabatutakoa sakatu du.

Belarria entzungailuan bermatu eta hortik gutxira ahots bat entzun du, emakumezkoarena, erantzuten. Ez dio astirik eman zer dioen ulertzeko. Edo astia eman dio ulertzeko ez duela ulertzen zer dioen, baina bai telefono operadorea ez dela. Eta eseki egin du.

Arras dago asaldaturik, baina bere buruari erraten dio hau ez da posible, hemen zerbait oker dago, eta oker egoteko errazena zenbakiak dira, mundua mundu denetik. Baina, egiaztatu ondoren, ez du ematen zenbakietan okerrik dagoenik. Hain nago aztoratuta, zenbakiak ikusi ere ez baititut ikusten. Horregatik paper puska bat hartu eta bertan lerro batean bere telefono zenbakia, buruz dakien bezala, ezarri du, eta bertze lerro batean deitu berri duen zenbakia, telefono agendan sarturik duen bezala, eta zenbakiz zenbaki erkatuta begiratu ditu. Denak datoz bat, batek ere ez du huts egiten, bat ere ez da ez sobran ez faltan. Ez da posible.

Horretan dagoela, telefono txirrinak ikaratu du. Linkin’ Park-eko azken kantak. Edo Carmen-eko habanerak, baina Carmen-eko habanera sekula entzuten ahal izan den baino aise goibelago.

Pantailan Abelek deitzen duela agertzen da. Edo Nire telefonoa agertzen da. Eta bera ez da, noski, bere telefonotik deika. Hartu du eta lehengo ahotsak, ia garrasika erranen nuke, Abeli hitz egin dio. Lehengo neskaren ahotsak. Tarteka isildu ere egiten da erantzuten uzteko bezala, eta berriz ekiten dio mintzatzeari, berberak izan daitezkeen hitzekin. Idioma (Abelendako) guztiz arrotzean ari da.

“Nor zaitut?”, Abeli alferrik galdetzen ari zaio bertzea, “zu ni ote zara? Ze tontakeria...”, gehitzen du apalago, ez hain garrasika.

Abel ingelesez ahalegintzen da, gaztelaniaz ere, eta frantses eta italiera erdipurdikoez, espasiba edo perestroika gisako zerbait ere erraten du, eta jroña ka jroña erratea ere ateratzen zaio, baina alferrik. Azkenean esekitzen du Abelek. Eta mugikorra itzaltzen.