.Egunkaria

 

.Hoberena zen, baina hobetuko dugu

Testua: Aritz Ibáñez

El cierre del periódico EGUNKARIA no dejó de sorprendernos a todos los ciudadanos de Euskal Herria, pero todavía sorprendió más a los propios trabajadores. En esta entrevista Asier Azpilikueta nos cuenta sus personales vivencias. En la semana cultural de Axular, el día 8 de junio se entregó el premio EKILORE a los trabajadores de este periódico en euskara era el único periódico que se publicaba en euskara en todo el mundo

A finales del mes de junio verá a la luz el nuevo periódico, para ello esperan la ayuda de más de 90.000 personas que colaborarán mediante la compra de acciones que van desde las de 50 euros a las de 300. Desde la revista Axular os animamos a que compréis acciones: 943·303·555, 943·303·554, www.ektsa.net

 

.....

 

Otsailaren 20an, 13 urteko lanaren ondoren, Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zuten, ziur aski, euskal kutsua duen gauza oro pairatzen ari den jazarraldiaren adibide mingotsenetako batean. Hedabide horretako 10 lagun ere atxilotuak izan ziren. Bost hilabete bertzerik ez dira igaro egun hartatik eta urteak pasa direlako irudipena dugu, dena arrapaladan joan baita.

Egun beltza
Sinesgaitza. Hori da Egunkaria itxi zutela jakin genueneko unea deskribatzen ahal duen hitza. Bakoitzak une eta modu ezberdin batean jaso zuen berria: irratia entzunda, amak esanda edo telefono dei baten bidez. Gehienok goizean goiz, eta horregatik, eskuekin begiak igurtzi behar izan genituen, oraindik ametsetan ote geunden asmatzeko. Tamalez, ez zen ametsa. Izatekotan, amets gaiztoa, baina erreala. Egunkariko langile Asier Azpilikuetak ere antzeko zerbait bizi izan zuen. Egun beltza izan zen berarendako: “Egunero bezala zortzietan jaiki nintzen, Andoainera joateko, baina ez nintzen joan, Amak erran baitzidan Egunkaria ixten ari zirela. Ezin sinetsita, irratia piztu eta gauza bera entzun nuen. Orduan hasi nintzen beldurrarekin, dardarekin, ia negarrez. Irrintzi dorrera heldu (Egunkariak Nafarroako egoitza han du) eta atea zigilatuta ikusi nuen. Egun osoa eman genuen horri bueltak ematen. Baina nola da posible?”. Zenbatetan egin ote genion guk ere galdera hori gure buruari. Eran tzunik gabe oheratu ginen, hurrengo egunean, Egunkaria dendetan berriz izanen genuelako esperantzarekin.

 

 

Biharamuna
Otsailaren 21ean, ohetik jaiki ginenerako, jada bagenekien, dendetan euskarazko egunkari bat izanen genuela gure zain. Hori izan zen Egunkari ko langileek jarritako erronka: 13 urtez horrela izan zen eta itxieratik aitzina ere horrela izanen zen. Eta ez zuten huts egin. Ohetik altxatu, dutxatu, jantzi eta bertze ezer egin aitzin, kioskora jaitsi ginen egunkaria erostera. Lehen dendan ez zen alerik geratzen. Bigarrenean ere ez. Kontxo! Hirugarrenean, bai. Egunkari berria eskuetan hartu genuelarik mila sentipen eta emoziok talka egin zuten gure baitan. Asier Azpilikuetak ederki azaldu zuen, askok sentitu genuena: “Hurren-go egunean, esku artean Egunero hartu nuen. Hura hartu eta negarrez hastea izan zen”. Aurreko eguneko gure esperantza ez zen bete. Ez zen Egunkaria, Egunero baizik. Ez zen koloretan, zuri-beltzean baizik. Ez zen mardula, mehe-mehea baizik. Hura izan zen jaso genituen berri txarretan, bertze bat. “Hurrengo egunak oso txarrak izan ziren. Batetik, Egunkaria itxi ziguten, baina, bertzetik, hamar lagun atxilotu zituzten eta inkomunikatuta mantendu. Pello Zubiriarekin gertatu zena ere. Ospitalera eraman zuten, ustez, bere buruaz bertze egiten saiatu zelako. Kartzelatik ateratzen ziren heinean torturak salatu zituzten gainera. Egun bakoitzean notizia txar bat zen. Lehenbiziko egun horietan egon zen notizia on bakarra Donostiako manifestazio jendetsu hura izan zen”.

 

 

Erantzuna
Otsailaren 22a, larunbata-rekin, Donostian sekula ikusi den manifestaziorik handiena egin zen. Berrehun mila lagunetik gora Egunkariaren itxiera salatu zuten horrela. Manifestazio zabala izan zen, alderdi politiko guztietako ordezkariak izan baitziren han, UPN-koak eta PP-koak izan ezik. Manifestazio hunkigarria, euskarazko egunkari bakarraren itxierak sakon sakonean kolpatu baitzituen euskaldunon bihotz, dagoeneko eskarmentatuak. Hunkigarria Egunkariko langile- endako ere, euskaltzaleon sostengu eta babes beroa jaso baitzuten.

Ez zen hori ordea, lehen elkartasun adibidea izan. Egunkaria itxi eta hurrengo eguna aipatu dugu ares- tian. Biharamun horretan Egunerok berrogeitamar mila ale saldu zituen, normalean Egunkariak saltzen zuenaren hirukoitza baino gehiago. Hasiera hartako zurrunbilo beroan ere koka dezakegu martxoaren 13an egin zen elkartasun egun arrakastatsua. Euskal Herri osoan milaka lagun izan ziren eginbeharrak utzi eta Egunkariaren itxiera bertze behin salatu zutenak.

Gure mugen barnetik ezezik, kanpotik ere heldu dira atxikimenduak hilabete hauetan guztietan. Horietan garrantzi-tsuena, Sant Jordi egunez, orokorrean Catalunya guztian, baina bereziki, Bartzelonan egin zena: Egunkaria endavant (Egunkaria aurrera). Plataforma per Egunkariako kideek katalanez idatzitako hogeitamar mila Egunkari karrikaratu zituzten eta denak banatu. Bartzelonako rambletan kamiseta urdindun lagun asko ikusi ahal izan ziren eta egun horretan ohikoak diren arrosa eta liburuaz gain, Egunkaria ere eskuratu zuten milaka lagunek.

Denborak aurrera egin ahala berotasuna epeldu da, baina hori normala dela uste du Asier Azpilikuetak: “Jendea ez da egunero pankartarekin kalera ateratzen eta ez du zertan atera beharrik. Guk jarraitzen dugu ostiralero elkarretaratzeak egiten Donostian, oraindik hiru kide kartzelan daudelako eta oraindik aska ditzatela eskatu behar dugulako. Baina, nik uste, Egunkariaren itxiera ez dugu egunero kalean salatu behar. Bertze modu batean lan egin behar da”.

 

 

 

Egunero, egunero
Atxikimendu eta elkartasun adierazpen horiek guztiak garrantzitsuak izanen ziren, zalantzarik gabe, Egunkariko langileek Egunero egunero karrikaratzeko erronkari eusteko. Euskararen garapene- rako egunkari batek duen garrantziaz ohartuta, lanean jarraituko zutela erabaki zuten. Horrela esplikatu digu Asier Azoilikuetak: “Bizpahiru egun pasata onartzen duzu baietz gertatu dela, baietz, Egunkaria itxi dutela eta aurrera egin behar dela. Lehenbiziko egunetik erran genuen langileok euskarazko egunkari bat egonen zela kalean, eta hala egin genuen, Egunerorekin. Baina lehenbiziko egunetik erran genuen hori behin-behinekoa zela”. Izan ere, Asierrendako, Egunero lubakietan egindako egunkaria d:. “Egunero gerra egunkaria da, eta guk, egunkari normala nahi dugu, itxi zigutenaren parekoa”. Baldintzak gainera, ez dira onenak izan. Egunkariaren itxierarekin bat diru iturri guztiak itxi zizkieten langileei eta euskarazko egunkaria egunero ateratzeko erronkari musu truk eutsi diote. Kazetari lana egiteaz gain, bertze batzuk egitea ere egokitu zaie: “Gu kazetariak gara, baina, tokatu zaigu bertzelako lan asko egitea.

Batetik, lankide batzuk egon dira Egunero ateratzen, modu batean edo bertzean. Baina bertze batzuk ibili gara kamisetak saltzen edo hitzaldiak ematen. Denetarik pixka bat. Horietako lan asko ez dira batere atseginak”. Denoi tokatu zaigu noizbait horrelako lanetan aritzea, eta badakigu kamisetekin gora eta behera ibiltzea ez dela gustagarria. Baina diru premiak horrelakoetara bultzatzen gaitu. Bai gu, bai Egunkariko langileak. Batetik, Egunero atera behar zuten, eta, bertzetik, egunkari berria abian jarri. Horretarako dirua kamiseten bidez, txiskeroen bidez edo harpidetzen bidez lortu dute. Beraz, langile batzuei alde ona tokatu zaie, kazetari lanetan ibiltzea, eta bertze batzuei, ez horren ona, bertzelako lanetan ibiltzea. Hala ere, Asierrek dio denak ibili direla nahiko baldintza kaskarretan: “Kazetari moduan ibili direnak ere ez dira lan baldintza onetan izan. Iruñean zortea izan dugu eta bulegoa lortu dugu Eusko Kutur fundazioak utzi digulako. Hiru ordenagailu baditugu gainera. Baina bertze leku batzuetan, Gasteizen kasu edo Bilbon kasu, ez dute hainbertzeko zorterik izan eta toki batetik bertzera ibili dira”.

 

 

Euskaldunagoa? Oso zaila dago
Tamalez, gure Euskal Herri honetan, euskarazko telebista bakarra dugu, euskarazko irrati bakarra dugu eta euskarazko egunkari bakarra itxi nahi izan digute. Hedabideak, euskera bezalako hizkuntza gutxitu baten normalizazioan oso beharrezkoak dira. Egunkaria ere, hala zen Asier Azpilikuetarendako: “Aurrekoan, Zubiarte euskaltegikoekin mintzatu nintzen eta erraten zidaten sekulako lan tresna galdu dutela, egunero erabiltzen baitzuten”. Egunkari batek egunero egiten du hizkuntza, eta hizkuntzak oso beharrezkoa du hori: gaurko gaiak jorratzea eta gaurko hizkera jorratzea eta erabiltzea. “Hori erakutsi genuen hamairu urtean eta itxi dutenean are argiago gelditu da”.

Egunkariak lan handia egiten zuen euskararen alorrean eta erreferentzia zen euskal kazetaritzan, bai irratian baita telebistan ere. Egunkaria oso emankorra zen, gainera, hitzei begira. Hitz berriren bat agertzen zenean, euskal kazetariek, Egunkariak hitz hori nola esaten zuen itxoiten zuten, haiek ere horrela esateko. Lan talde handia zegoen horretan lanean, euskara txukun eta behar bezala karrikaratu zedin. Egunkari batek egiten du hizkuntza, egunean-egunean hitz berriak sortzen baitira, eta Euskaldunon Egunkaria erreferentea zen ikuspuntu horretatik. Bere estilo liburua ere bazuen eta oso jarraitua zen kazetarien artean. Zalantzarik gabe esaten ahal da Egunkaria gainontzeko euskarazko hedabideendako jarraitu beharreko eredua zela eta hori hamairu urtetan lortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

 

 

Pluralagoa? Zein bezain plurala?
“Euskaldunon Egunkaria zen euskarazko egunkari pluralena. Hain zuzen ere, bakarra zelako. Kontuan hartu behar da izugarrizko kolpea eman zaiola euskarari Egunkaria ixterakoan, euskarazko egunkarien ehuneko ehuna itxi dutelako. Eta hori izugarria da hizkuntza batendako. Imajinatu gaztelerazko egunkari guzti-guztiak”. Asier Azpilikuetak ederki azaldu du. Izenean bertan azaltzen zigun Egunkariak, euskaldunon egunkari bakarra zela. Eta bakarra izanda zaila da jende guztia kontent uztea. “Egunkaria euskarazko egunkari bakarra zenez, eta denon laguntzaren beharra zuenez, badirudi guztiak asetu behar zituela. Baina hori ezinezkoa da”. Egunkarian ordea, sentsibilitate guztiek zuten tokia. Jakina, bere ildo editoriala zuen, bere iritzia, eta noski, horrek ez zituen denak kontent utziko. Hala ere, atea irekita zegoen alderdi guztiei, sindikatu guztiei, iritzi guztiei. Eta hori ez da Euskal Herriko egunkari guztietan gertatzen, Asier Azpilikuetaren ustez: “Bizpahiru urtez egon ziren iritzi sailean hilero-hilero, alderdi guztietako ordezkariak, UPN barne, PSE barne, Herri Batasuna barne. Denek ematen zuten haien iritzia. Atea zabalik zuten. Gero, beste kontu bat da Egunkariak bere ildo editoriala zuela, jakina”.

Egunkaria itxi eta ondorengo zurrunbi-loan entzun genuen, eta azkenean gauzatu ez den zera izan da, Eusko Jaurlaritzak proiektu berrian kontrola ezarri nahi zuela. Gasteizko gobernuak diruz laguntzen zuen Egunkaria eta hori argudiatuz bere aldera ekarri nahi zuen egunkari berria. “Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen zuen, baina horrek ez du erran nahi Eusko Jaurlaritzaren alde egin behar genuenik. Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen zuen Egunkaria hala egin behar zuelako, hori dioen euskararen lege bat dagoelako.

Badirudi, Euskaldunon Egunkaria dirulaguntzei esker bakarrik bizi zela eta hori ez da horrela. Aurrekontuaren %25 bertzerik ez ziren dirulaguntza horiek”. Zein baino pluralagoa? Nahikoa plurala zen Egunkaria. Jakina bere ildo propioa zuela, egunkari berriak bere ildo propioa izanen duen bezala.

 

 

 

Hobea? Hoberena zen. Baina hobetuko dugu zure laguntzarekin
Egunkaria itxi eta berehala, langileak lanean jarri ziren proiektu berri bat aurrera ateratzeko. Hasieran Egunkaria berpiztea izan zen asmoa, Asier Azpilikuetak dioenez: “Itxitako egunkari bat berpiztea oso zaila da, nahiz eta egun bakarra itxita egon. Egin-en aurrekaria hor dugu. Uztailean 5 urte izanen dira itxi zutela eta ez dute ireki. Hori ikusita erabaki genuen bertze egunkari bat egin behar genuela”. Asteak pasa ahala ilusio handiagoz ari dira lanean Egunkariko langileak, helburua gero eta hurbilago ikusten baitute. Ekainaren bukaerarako izanen dugu egunkari berria kioskoetan. Hori lortzeko lana, baina, ez da makala izan.

Duela 13 urte “Egunkaria sortzen” elkartea sortu zuten euskal kulturako hainbat gizon gorenek, hain zuzen izen bera izanen zuen hedabidea karrikaratzeko. Orain ez dute horrela egin, batetik, denbora faltagatik, egunkari berria uda baino lehenago atera nahi baitzuten. Duela 13 urteko tan talde hura biltzea zaila zen. Bertzetik, Euskaldunon Egunkariko langileek ikusi zuten erreferen- tzia zirela, kontuan hartzen zela haiek esandakoa. Orduan, langileek erabaki zuten enpresa bat sortzea, “Euskarazko komunikazio taldea S.A”, eta hori abiapuntua izatea. Egitura enpresariala, egitura fisikoa eta produktoaren diseinua zehazten eman dituzte azken hilabeteak.

Enpresa oso kapital txikiarekin sortu zuten, baina duela gutxi 5 miloi euroko kapital anpliazioa egin dute. Diru hori 50 eta 300 euroko akzioak salduz lortu nahi dute. Jendeak akzio horiek erostea, eta hartara, enpresaren parte izatea da helburua, ahalik eta partehartze zabalena lortzeko. Horrek ziurtatuko du egunkari berria independenteaeta herrikoia izatea, aurreko aren parekoa. 90 mila pertsona baino gehiagoren laguntza espero dute. Eros ditzagun, beraz, egunkari berriaren akzioak, gure euskalduntasuna folklore hutsean gera ez dadin.

Akzioak erosten ahal dituzue www.ektsa.net web orrian edo 943 303 555 - 943 303 554 telefonoetan.