.Azken afaria
..Testua: Anjel Erro  

Platerkada ederra hartu du, atseginez, guztia zein goxo zegoen eta are komentario bizkorragoak tartekatzen, ardo bikaina zurrut ttipitan edaten duela, bere begiei so ikusten nauen bitartean, nire urduritasuna sumatu gabe edo afari honetan jarritako itxaropenei, errekontziliazio itxaropenei egotzita. Eta adituago naizela dakien gaiei buruz solas eztian jardun zait. Inoiz ez bezala, lehen aldi guztietan bezala, biok izan ditugun hamaika lehen aldietan bezalaxe jokatzen ari da. Oraingoan, baina, ez dut sinetsi. Oraingoan aldez aurretik ez sinesteko jarrera badaukat. Ez zait gehiago gertatuko.

Kezka bakarra dut nola izanen ote den, zer gertatuko den, suposatzen dut badakidala pasatu zer pasatuko den, esanen du gaizki sentitzen dela, esanen du “Hau bai arraroa, zerbaitek gaizki egin behar dit, badut oinaze izugarri handia estomakoan”, edo akaso horretarako denbora ere ez du izanen, gelditu eta jateari utziko dio, nigan pausatuko ditu begiak, oraingoan ez natzaiola barkatzen ari ulertzeko planta hartuko du (ala ez), eta plater gainean amilduko da. Eta hori momentu batetik bertzera gertatuko da. Ezin da aisez gehiago luzatu. Bihotzak kasik modu salatzailean egiten dit taupada. Eta nik irribarre, eta nik solasa, arreta pitin bat galdurik, jarraitzen diot, susmoa har ez dezan.
Platera bukatu du, bi kopa ardo edan ditu. Baina oraindik hor ari da, hitz eta hitz, uda hau miresgarria izanen dela erranez, Montecarlora joanen garela, edo Nizara, yate bat, bere garaian Rose Kennedyrena izandakoa, alokatuko dugula, susmatu ere egiten ez duelarik pozoia haren bizitza finitzeko lehiatzen ari dela, elkarrizketa eder eta promesez bete hau amaitu gabe uzteko.

Postretarako zer dagoen galdetu dit, begi -erratera ausartuko nintzateke- lizunekin. Ez nuen hainbertze luzatuko zela aurre-ikusia: ez dut postrerik atondu. Eskuak bihurritzen ditut eta irribarre egiten, postrearenarekin zer demonio egin dezakedan buruan darabildala. Huskeriez mintzo jarraitu dut. Hura begira daukat, ez dio uzten ni begiratzeari, irribarrez. Hura ere huskeriez, garrantzi ezin handiagoko gaiez alegia, mintzo da. Baina isilaldi batean postrea aipatu du berriz ere. Sukaldetik ekartzeko herabeki eskaini du bere burua. Ia ez dut aditu, porrotaren kausa posible guztiak aztertzen ari naizelako, nire isilean:

a) Dosiarekin asmatu ote dut? Senarra pozoitzen den guztietan, mundu guztiak badaki, dosia -ziurtasun neurri gisara- esajeratu ohi da. Eta, modu berean, neuk ere dosi hilgarriaren bi halako jarri dut.

a’) Baina ez ote dute pozoi egileek, emazteen ohitura ezagun honetaz jabeturik, beharrezkoa baino dosi txikiagoa aholkatuko, ziurtasun neurri gisara?

b) Tontakeriak galdetzen dizkiot neure buruari, galdetzen diot, erraterako, pozoia ez ote zen egoera txarrean edo kaduka- turik egongo.

b’) Baina, ez ote luke epeaz kanpoko pozoiak hilgarriagoa, kaltegarriagoa suertatu beharko?

c) Literatura erdipurdikoan eta, oro har, zineman -onean ere bai- hagitz hedaturiko aukera bat ere bururatzen zait: pozoia nik edan izana,

c.1) edo kopak kokatzeko momentuan zorigaiztoko errakuntzagatik,

c.2) edo senarrak nire azpikeriaren berri izanen baitzuen (baina nola?), eta, ni konturatu gaberik, kopak lekuz aldatuko baitzituen. Horrek (noski!) haren irribarrea azalduko luke, eta zergatik ari zaidan begietara begira, nik harengan itxaroten ari naizen erreakzio bera hark itxaroten duelarik, hainbat urtez erakutsi izan didan ankerkeria eta odol hotz berberarekin.

c’) Baina nik ez dut nabaritzen, hasiera batean ez dut nabaritzen edabea hartu izanaren sintomarik.

c’.1) Hark ere ez dirudi sin- tomarik duenik.

c’.1’) Ala honetan ere itxurak, eta osasuntsuarena egiten ari al da?

Beldur naiz gaurkoa ez ote den oso gau luzea izanen.