| .Agurea | |
|
Testua:
Anjel Erro
|
|
|
Agurea leizetik jalgi zen. Eguzkiak goi-goian egiten zuen distira, gaur berriro ere. Emazteek ez zuten pentsatu agurea ehizan zihoanik, horretarako aspaldidanik gai ez zelako. Ehizan atera zen azken egun atzendu ezin hartatik hona, non azkona batekin inori esan nahi ez zion istripua izan baitzuen, egunik egun nabarmenago herrenka ibiltzen da eta hankako oinaze sor eta gor hura ez zaio apaltzen, ez alde egiten. Baina hankak baino gehiago ehizara joan ezin hark egiten dio min, hainbeste urtetan mamutei eraso eta hiltzerakoan aitzindari eta buruzagi izandakoari. Orain, berriz, emakumeekin leizean geratu behar du, eta ehiza dakartzatenean ere, haiekin soberakinak jan. Hori ere mingarria, zeren hortzak oro hortzoietaraino xahutuak baititu. Bizimodu tristea, askoz gehiago ezin luza daitekeena, oso zaharra baita agurea, izan ere, zuhaitzak lorez eta kolorez apaintzen dagoeneko hogeita hamabost aldiz ikusia ditu. Adinak ematen dion zuhurtzia talaiatik guztia soraio, axolagabe, arrunt urrutitik bezala behatzen du. Agurea leizetik jalgi da eta maldan behera jo du, bidexka bihurrian zehar. Beherantz zihoala neskarekin gurutzatu da, elkarri begiratu diote eta norberak bere bideari jarraiki, agureak ibaiertzera, neska leize zulora. Zaharrak gogoan du neska hori jaio zen eguna, nola aitak eraman zion, taldearen buruzagi bezala onespena eta babes zina eman ziezaion, eta besartean hartu behar izan zuen, azken finean berea baitzen haurra harrien behera jaurtikitzeko edo ametitzeko erabakiaren ardura. Eta onetsi egin zuen. Agureak burua itzuli
du neska nola igotzen den ikusteko, distantziak lanbrotsu bilakatu arren,
leizera sartu den arte. Orduan jaisteari berrekin dio, arreta handiz. |
|
|
Agurea ibaira iritsita, harri handi batean pausatu da, motel, eta alde egiten dion urari so gelditu da, zenbat denboraz zehaztea zaila litzateke, baina bere onera itzuli deneko iluntzen hasia da. Hain geldi eta mugitu gabe egon da, ezen orein batek beldurra galdu dio eta haren ondoan egarria asetzera menturatua da. Domaia azkona ekarri ez izana, esan du bere golkorako, sorpresa handia hartuko lukete taldekoek honelako orein handia eramanen banie, nihaurek txikituko nuke eta zatiak banatuko, eta gizonen artean janen nuke berriro ere, lehen bezala. Baina ez du azkonik eta, azkona izanez gero ere, ez du garai bateko abileziarik, eta ez ikusmen edo indarrik bide aldapatsutik goiti igotzeko, eta oreina akabatzen bazuen berak behar zuen igo, inongo lagun- tzarik eskatu gaberik, taldekoak horrela ahoa bete hortz uzteko, oreina bizkar gainean, etortzen ikusiko zutelarik, baina batez ere neskaren baitan paratzen zuen gogoa taldean pentsatzen zuenean. Oi neska hura! Beste garai batean, artean gazte zela, hartu eta bortxaz bere eginen luke, eta neskak garrasi eginen luke, denek egin ohi duten moduan, baina orain agureak ez du neskak garrasi egin dezala nahi, munduan nahi lukeen azken gauza da haur goxo hark minik har dezan, negar egin dezan, haren begitarte leun hura ezerk, eta gutxiago berak, ilun dezan. Eta amorru biziak hartzen du agurea, taldeko gazteren batek berak emazteki anitzekin egin duen berbera neskari noizbait, laster, akaso oraintxe, eginen ziola pentsa- tzean. Kopeta goibeldu zaio. Agurea altxatu da zegoen haitzetik, eta izuaren izuaz oreinak alde egin du, eta agureak zein animalia memelo esan dio bere buruari, ez al da konturatzen nik ezin diodala kalterik. Orduan oreinak neska gogora ekarri dio, luze izatekoa zen tradizio poetiko bat inauguratuz. Berandu zen. Agureak, beraz, etxerako bidea hartu du, eta heldu denerako telediarioa akitu da aspaldi. Benetan berandutua zen. Operación Triunfoko aurkezleak zinez tristeturik dirudi kaleratuta- ko mutikoarengatik. Telebista itzali eta komunera joan da. Mirailean bere buruari so egin dio. Tristura gisako bat ere nabaritu du bere burutzat hartzea denbora pitin bat kostatu zaion gizon edadetu haren baitan. Ohean zegoela, oroitu da ez duela begiratu erantzungailuan mezurik ote zegoen. Duda egin du baina azkenean jaiki da. Gaitzerdi, Lurdesek deitu du. Egun osoa eman duela lokalizatu nahian, ea non sartu den, fosilak aurkitu dituztela azkenean, eta bihar Unibertsitatean zehatzago kontatuko diola. Errektoreak ere deitu du. Eta telebistakoek. Baina berak dei guztiak ezabatu ditu, Lurdesena izan ezik. |
|