.Arga ibaia eta bere bideak

.Argazkia: Mattin Ugalde

Arga ibaiaren bazterra aukera ederra da kirola zerbait egiteko

El río Arga lleva acariciando a Burlata desde hace muchos años. Ha llegado la hora de que nos acerquemos a él. El parque fluvial es una bonita excusa para acercarnos al río, oir su suave canto y caminar por sus bordes estirando las piernas y alegrando el corazón

Beti gertatu da, historian zehar, herri eta hiri guztiek ibai baten ondoan kokatu direla. Arrazoia, begi-bistakoa: uraz hornitzea, edan eta garbitzeko hain beharrez- koa den elementua hurbil izatea. Ibaiek, kasu batzuetan, komunikabideak izan dira. Baina gaur egun, eta gu ia ohartu gabe, ibaiaren garrantzia guztiz aldatu da: ura Eugiko urtegitik datorkigu, eta ez ohi diogu kasu handirik egiten Burlatako udala zeharkatzen duen Arga ur korronteari. Ibaiaren funtzio eta garrantzia aldatu egin dira, bai: ez da zerbait beharrezkotzat jotzen eta, gehienetan, ez diogu erreparurik egiten... paseotxo bat emateko ez bada ere.

Hau dela eta, garai hauetan sortu den ibai eta ibai bazterren funtzio ludikoari begira jarri gara, eta ibaia berari buruzko eta Administraritzak eratu duen Arga ibaiaren ibilbidearen inguruko hausnarketa eskaini nahi dizugu, irakurle. Baratzeak, arrantza eta ibilaldiak dira horra hurbiltzeko arrazoiak; lehenengo garaietan baino arrazoi arinagoak, erranen diguzue... baina aisialdia gero eta gehiago balioesten den gizarte honetan ez dago gaizki ekintza horietaz gozatzeko lekua aproposa topatzea.

Izenarekin has gaitezen: zergatik deitu zuten “Arga” gure arbasoek? Leku izenek zerbait esan nahi dutenez, lekuari edota hor ibili dutenei buruzko informazioa ematen dutenez, ea zer jakin dezakegun gure ibaiari buruz: Jakitunek adierazten dutenez, ezin da esanahia guztiz argitu. Arghori argia hitzetik etor liteke, eta grekerazko argos (zilarra), latinaren argentum (zilarra, baita ere) eta sanskrito- eraren (Indiako hizkuntzaren) arjuna (argitsua) euskarazko argiarekin daude lotuta. Teoria bat da baina erakargarritasunik ez zaio falta, ez da?

Bertze ikertzailek gure ibaiaren hasierako izena Aragoa zitekeela diote, batez ere goi haran batean (Erret Kintoan, Eugiko udalean) sortzen dela kontutan hartuz. Modu batean ala bestean, kontua da Europa osoan antzeko hidronimo (ibai-izen) asko daudela, hasierako Arg- horrekin. Horra hor misterioa, gure zubi zaharraren azpian.

Dakizuenez, ez da oso ibai oparoa baina euria eta elurra batuz gero uholdeak sor ditzake. Horregatik kokatu zuten Burlata zaharra piska bat urruti eta goratuago. Gaur egun Eugiko urtegiak uholdeak baretzeko balio lezakeen arren, Ezkabartetik datorren Ultzama ibaiak ere bere erakarpen garrantzitsua egiten du Burlata-Atarrabiako mugan.

Eta ahaztu egin ohi den kontua da azken hau: bi ibaien lotugunetik gertu dagoela gure Burlata, Ultzama eta Arga ibaiak, hain zuzen, eta Atarrabiako ibaiaren ondotik paseatuz gero Ultzama ibaia dugula alboan. Arga, dakigunez, Uhartetik datorkigu, Oihana (Miravalles) mendiaren maldak ferekatu ondoren.

Baina polita ere, polita da: uretara begira arraintxo bat edo beste ikus dezakegu (harrapatzea bertze kontu bat da) eta zati batzuetan nahiko leku lasai, berde eta atsegina suertatzen da. Hainbat txori ikus daitezke, ur bazterretako ihi eta intsektuak, igel beldurtiak, haltzak -hosto sasi-borobil eta marradunak dituen zuhaitza- eta sahatsak, makalak (gure Nogalera-Intxaustia makaldi bat da gaur egun... intxaurrik gabea), etab.

Honen guztiarengatik, bide berri bat egin digute azkenotan, Arga ibaiaren ibilbidea deituta. Erran dugunez, Arga eta Ultzama ibaiak hartu beharko ditugu kontutan, zeren Burlatatik Soraurenera doan zatia ibiliz gero bi ibaien ondotik ibiliko gara. Jende guztiarendako bidea egin nahian, porlanezko bide zabala ireki digute, eroso baina -aurreko bidexkekin konparatuz gero- itsusia, praktikoa baina ibai

bazterren suntsigarria batzuetan... alde batetik ideia txalogarria baina, bestetik, ingurua kaltetu duena... mota guztietako usteak sortarazi dituena. Dena den, bertan parte hartu duen ingeniari batek erran bezala, nola egin zitekeen baldin eta jende guztiarentzako bide erosoa izan behar bazuen? Egia da kritikak dohain direla eta proposamenak ez. Bide egonkorra egiten saiatu da: horregatik uholdeen kontrako lur-muin horiek (Magdalenako ingurubidean oso ikusgarri), eta ura bestaldera pasatzekotan ibaia itzultzeko baina bidearen oinarria -porlanaren azpiko geruza- ez eramateko sistema bat erabili da, irazketa/filtrazioa erraztuko duena. Bide erosoa eraikitzen ere saiatu da, zati gehienetan txirrindulaz ibili nahi dutenak eta gurpil aulkia erabili behar izaten dutenak erraz pasa daitezen (ez gaude ziur lagun hauek leku guztietan pasatzerik izanen duten). Ibilbidea polita ere izan zedin, bi bazterretatik ibiltzeko posibilitatea eskaintzen zaigu, eta horrela ibai ondotik ala ibaiaren “gainetik” ibil gaitezke, Iruñerrian dauden terraza geologikoek eskaintzen dituzten ikuspegiez ere goza ditzagun (Media Luna parkea -zergatik ez deitu Ilbehera?-, Burlatako Erripa) eta ibilaldi zirkularrak osa ditzagun.

Bukatzeko, eta zuek, Axularreko irakurle trebatuok, inguruko edertasun ttipiez goza dezazuen, hona leku polit batzuk: ibaian behera, Plazaolako tunela (Oblaten zubitik gertu) eta, noski, Magdalenako zubia; Burlatan bertan, Erripako ikuspegia eta hilerrien pareko ibai zatia; Arga ibaiari segituz, Uharteko zubi zaharra eta Oihana mendiak eragin duen urjauzitxoa; eta Ultzamari jarraikiz, denok ezagutzen dugun Hirutasunaren Tenpluaren inguruko urjauzia eta zubia eta Arre pasatako Iturri zaharra, non porlana desagertu eta betiko bidexka mantendu den, gure zorioneko eta gurpilak behar dituztenen oztoporako.

Ez ahaztu gure ingurua gehiago ezagutuz, gure herria ere (lekuak zein pertsonak) gehiago maitatzen ikasten dugula. Uste ezberdinak sortarazi dizkigun bide hau erabiliz, gozatzeko posibilitate tiki bat dugu eskura. Ez geratu ezagutu gabe.