.Eskroto hil zaigu

Iturria: Berria egunakaria

Hona hemen gure omenalditxoa, Berria egunkarian egin zioten elkarrizketaren zenbait pasarte dakartzagu gure aldizkarira, eta berari, esker mila anitz esan behar diogu egin duen lanarengatik eta berak nahi duena izan delakotz, pertsona askea eta bene-benetakoa.
«Nahiago dut bizizalea izan, txiste proletarioa baino»
Aurten, aspaldiko partez, Tijuana in Blue musika taldea agertoki gainean ikusteko parada izan dugu berriz. Eta Marco Antonio Saez de Acedo kantariak Eskrotorena egin du berriz. Bihar, azken kontzertua emanen (omen) dute.

Estellerriko Allon bizi da Marco Antonio Saez de Acedo (Iruñea, 1965) amaren etxean, Belzebu, Perlita, Zezilio eta Zezilia katuekin batera. Karrikan gurutzatzen zaizkion herritar guztiak agurtzen ditu, bakar batekin huts egin gabe. «Iruñean arraroa egiten zait bidean aurkitzen ditudanak ez agurtzea», dio. Zaila da Marco Antonio ‘Eskroto’ bezala irudikatzea. Tijuana in Blue taldeko kantariari nekez sumatzen zaio punk iraganaren arrastorik. Elkarrizketa ia osoan, Eskrotoren ama ez da aurrean izan, baina Marco Antoniok buruan du; «Eta orain amak entzuten ez didanez» erran du hainbatetan. Zeziliok eta Zeziliak arretaz entzun dute solasaldia.

 

Eskroto ‘k’-rekin edo ‘c’-rekin?
Nik beti k-rekin idatzi izan dut. Katakrak garaietako izengoitia da, eta orduan dena k-rekin idazten genuen.

Oraindik ere hala deitzen dizute?
Bai. [Ama ondoan dago, etxeko lanak egiten, eta zera dio: «Ez dakit zergatik erran behar dizuten Eskroto. Gavilan ongi… baina Eskroto! Niri ez zait inoiz gustatu»]. Jendeak noiz ezagutu ninduen, halaxe erraten dit: Eskroto, Gavilan, Marco, Juanillo, Pelokuto, Polvorilla… Badakizu, jendeak izengoiti bat paratzen badizu, gustatu ala ez, harekin geldituko zara.

Niri berdin zait nola erraten didaten. [Amak segitu du: «Etxera deitzen badute Eskrotoz galdezka, nik erraten diet Eskroto ez dela hemen bizi, hemen Marco bizi dela». Ama ogia erostera joan, eta Eskroto lasaiago gelditu da].

Sex Pistols punk taldea duela zenbait urte itzuli zen, eta ‘Dena diruagatik’ bira egin. Tijuana in Blueren itzulera halakoxea izan da?
Beno, egia da gainsoldata txiki bat lortzea ez dagoela batere gaizki. Baina ez, ez da diruagatik izan. Nik, behintzat, kristoren gogoa nuen agertoki gainera igotzeko berriz. Mikel gitarristak erran zuen gisara, ospatu behar genuen osasuntsu geundela, osorik, bizirik, eta ez kartzelan edo eroetxean.

Eta zergatik utziko duzue orain?
Hasiera-hasieratik, asmoa genuen denboraldi batez egoteko, eta gero uzteko. Zergatik? Bada, errepertorio zaharra dugu, eta ez dugu bizitza osoa kanta zaharrekin eman nahi. Gustua hartzea zen kontua, konplikaziorik gabe, eta urte bukaeran utzi.

Tijuana in Bluek Tafallako bestetan eman zuen lehen kontzertua, 1985ean, eta Guardia Zibila oldartu zitzaien ikusleei. Zuen karreraren isla izan zen hura, ezta?
Kaosa, parranda, gehiegikeria eta fundamentu gutxi. Bai, bai. Kristoren istorioak bizi izan ditugu… beno, nik gogoratzen ditudanak. Jendeak askoz ere istorio gehiago gogoratzen ditu. Nire memoriak idazteko, jende asko gonbidatu beharko nuke, nire historia konta dezaten. Kristoren hutsuneak baititut. Dena dela, nik uste dut jendeak irudimen handia duela, eta istorioak asmatzen eta puzten dituela. Tijuanakook ez dakit zenbat aldiz hil garen, zenbatetan egon garen kartzelan, zenbat istripu izan ditugun, zenbat gorputz adar ebaki dizkiguten, zenbat astakeria egin dugun. Hala sortzen da mitoa.

Tonino Carotonek errana du pertsonak garela uste dugula, baina, egiazki, pertsonaiak garela.
Bai, hori da. Dibertigarria ere bada, eta ematen du zureaz gain bertze hainbat bizitza dituzula. Eta niri iruditzen zait politagoa dela fantasia errealitatea baino. Nahiago dut jendeak pentsatzea ni bizizalea naizela, txiste proletario bat naizela jakitea baino. Niri ez zait proletario izatea gustatzen, gorrotatzen dut, bizitza misera- blea da.

Beno, noizean behin jauzia eman eta zure pertsonaiarena egiten duzu.
Bai, noski! Eta mitoa sortzen duzu. Jendearen irudimena ez da errudun bakarra. Nik ere zer edo zer egin dut.

80ko hamarkadan, Tijuanan kantatzeaz batera, Katakrak okupazio mugimenduan hartu zenuen parte, baita Eguzki Irratian ere. Prozesio ateoak antolatzen zenituzten, eta kaka eta txiza egite herrikoiak. Mugimendu handiko garaiak ziren Iruñean.
Hala da, bai. Guk ez genuen esperientzia politikorik, ez ginen inoiz mugimendu iraultzaileetan egon. Baina bagenuen kezkarik, eta protestatzeko gogorik. Eta protestatzeko bertze modu bat sortu zen. Horrek arrastoa utzi du. Adibiderik garbiena Ezker Abertzalea da; mugimendu ezberdina da 80ko hamarka- daren aitzinetik eta ondotik. Aldaketa hori kaletik etorri zen.

Ez zaizu iruditzen kalea onenak emanda dagoela?
Egia erran behar badizut, ni horretaz guztiaz ez naiz batere jabetzen. Iruñera ez naiz askotan joaten. Dagoeneko ez zait Iruñea gustatzen, ezta kalea ere. Nire gisara ibiltzea gustatzen zait. Ikuspegi indibidualista da, bai, baina hala da. Kalean mugi- mendu gutxi dagoela? Bada, aizu, kalean dagoenak egin dezala egin beharrekoa, eta hor konpon. Niri Allon egotea gusta- tzen zait, nire katuekin.

Lehen aipatu ditugun prozesio ateo haietan, noiz edo noiz jo egin zintuzteten, ezta?
Bai, erromatarrek lantzekin, mozorroek pazko zuziekin, eta poliziek borrekin. Kristoren iskanbila sortzen zen! Kontua zen haien dibertsioa izorratzea. Toki guztietatik etorri zitzaizkigun kritikak. Baita gure giro barnetik ere. Badakizu, «faborez, hori gehiegikeria da, eta ez berriz egin», eta gisakoak. Eta, jakina, zenbat eta kritika gehiago, orduan eta gusturago egiten genuen. Eta kasu!, orain ni neu joaten naiz prozesioak ikustera.

Ez erran.
Bai, bai. Ni ateoa naiz arras. Baina bataio, jaunartze eta ezkontzetara joatea atsegin dut. Aurten, gustura baino gusturago joan naiz Uretako Kristo Santuaren prozesiora. Alloko patroia da, eta haren omenezko tailu erromanikoa dugu, XII. mendekoa edo. Bada, aurten zaharberritu dute tailua, eta prozesioa egin erakusteko.
Ni ikustera joan nintzen, igandeetako jantziarekin, kristoren debozioarekin. San Ferminekin gertatzen den gauza bera da. Ateoek ere debozioa diote, herriarengatik sentitzen dena irudikatzen baitu. Eta orain ulertzen dut zergatik haserretzen ziren prozesio ateoak antolatzen genituenean. Baina, aizu, Julio Caro Barojak erraten zuen gisara, tradizioa bezain geurea da heterodoxia; alegia, prozezioa segitzea bezain geurea da prozesioa izorratzea.

Hala izanen da, bai. Behin, Tijuanakook meza beltza egin zenuten Durangoko elizako atarian.
Bai, baina ez zen egiten genuen lehen meza beltza izan. Kontua da Durangoko hartan, itxurazko sakrifizioa egitean, arrainen erraiak bota genizkiela ikusleei. Nazkagarria izan zen. Eta kristoren iskanbila sortu zen. Kontzertua bukatuta, botilakada bat jaso zuen morroi bat etorri zitzaigun, eta erran zigun gure kontzertuek bortizkeria pizten zutela. Gero, bertze batek adierazi zigun animaliekin ezin genuela halakorik egin, haiek ere eskubideak zituztela.
Gu, beti bezala, zenbat eta istilu handiagoa, orduan eta gusturago.


Tijuanako kaosa ez zen betierekoa izan, eta makina bat iskanbilaren ostean, banandu zineten. Zu Mexikora joan zinen, eta mexikarren azentuarekin itzuli. Kojon Prieto y los Huajolotes taldea sortu zenuen gero.

Tijuanan nengoela, rancherekin zaletu nintzen, Tigres del Norte taldearen zinta bat entzun eta gero. Alde batera utzi nituen rock diskoak. Mexikotik bueltan, Iruñeko hainbat musikarirekin hitz egin nuen, baina inork ez zuen deus jakin nahi izan. Oso sinesgarritasun gutxi bainuen. Normala. Erotzat jotzen ninduten. Azkenean, ni bezalako bertze ero batzuk bildu, eta taldea sortu genuen.

Aitak ere ‘ranchera’-k kantatzen omen zituen.
Bai, baina nik ez nuen horren berririk. Eraikuntza batean lanean, lankide bati aipatu nionean rancheren talde bat sortu behar genuela, zera erran zidan: «A! Zure aitak bezala, herrietako bestetan kantatzen zituen». Eta etxera joan nintzenean, amari galdetu nion. Eta baietz. Ez zidan lehenago kontatu ez zitzaiolako gustatzen ni musika munduan egotea.

Tijuana parranda eta kaosa zen. Eta Kojon Prieto, parrandan eta kaosan txapeldun.
Bai, bai. Neurria galdu genion erabat. Kojon Prieto ez zen Tijuana bezain destroy, baina, hala eta guztiz ere, liskarretan ematen genuen egun osoa. Nolanahi ere, hiru urtez iraun genuen, eta hiru disko egin genituen.

Kojon Prietoko kide batek, Toñinek, arrakasta lortu zuen gero, Tonino Carotone bezala. Zer deritzozu horri?
Barregura ematen dit, barregura sanoa. Huajoloteekin hasi zen Toñin Italiako musika melodikoarekin zaletzen. Taldea desegin eta gero, afaria egin genuen, eta Toñinek kontzertua eman zigun. Lehertu beharrean barre egin nuen! Ikaragarria izan zen. «Hau bai eroa», pentsatu nuen; nork eta neuk! Baina, aizu, Toñinek daukan etorriarekin, lortuko zuela ere pentsatu nuen. Musika munduan dagoen kakarekin, hagitz ongi iruditzen zait grazia duen zerbait egotea.

Aukeratu beharko bazenu, Tijuana ala Kojon Prieto?
Tijuana in Blue. Nik kristoren gogoa nuen Tijuanarekin berriz jotzeko. Tijuanaren energia deskarga nahi dut, zarata, eromena, astakeria. Orain ez dut formaltzeko gogorik. Fundamentuzko pertsona izan, lan egin, familia… Hortik ez naiz pasatuko. Lan egiten dut beharra dudalako, eta bizitza arautua eramaten dut laneko ordutegiak hori agintzen didalako. Horregatik, ezin diot muzin egin barneko amorrua kanporatzeko aukera honi.