.Descartes Autobusean

Testua: Anjel Erro

benetako gertaeretan oinarritua
 

Autobusean aukeran nahiago gibelaldean eseri. Erditik haratago beti. Ni dagoeneko eserita nago. Moja bat igo da, eta bizpahiru atso. Moja ere atso da. Aukeran nahiago dut ez daitezela hurbil eseri. Ez dut mintzatze gogorik. Eta atsoek beti dute gogorik. Eta logale ere banaiz. Gehienbat aurrealdean eseri dira. Eserita daude dagoe-neko.

Jende gehiago sartu da. Haien artean punky gazte bat. Punky esaten dut ilea mozturik baitarama, punkyek bezala, gandor erara, eta larruzko jaka ere soinean. Motxila, esan dezagun, garestiegi bat ere badu, eta, ez dakit nola deitu, bartulo bat, hau da, planoak edo margoak sartzeko era-biltzen den plastikozko tutu horietako bat ere. Baliteke arkitekturako baina batez ere arte ederretako ikaslea izatea, goazen hiriko fakultatekoa. Ez litzaidake inportako hurbil esertzea, eta are oso hurbil ere (nire ondoan, adibidez), nire asperraldian (ez baitut ez musikarik ez libururik ekarri) noizbehinka berari begira egoteko moduan, eta horrela haren plano edo zirriborroak ikusi, plano edo zirriborroak ordenatzea edo baten bat ahantzi ez zaion ziurtatzea deliberatuko balu, eta horrela asmatu zer ikasten duen, nik bera ikasi bitartean, eta belarriak zorroztu ea entzutea lortzen dudan hark walkmanean zer entzuten duen (walkmana badarama) eta egiaztatu gaurko punkyek oraindik punk musika entzuten dutensusmoa dut ezetz.

Baina, aitzitik, urrun samar eseri da punky-a. Moja edo atsoengandik hurbilago nigandik baino. Eta nagoen lekutik bere oilar buru ederra besterik ez diot ikusten, ilea gandortu hura, bost lerro aitzinago, eta besterik ez.
Oraindik jende gehiago sartu da, batzuk nire atzean eseri dira. Pasatzen ikusten ditut. Eta beste batzuk nire aurrean, baita hurbil eta oso hurbil ere (pasabidearen bestaldean, adibidez). Baina ez didate interesik piztu. Ez dut ikusten haiei begiratzeko arrazoirik, nola, zein trakeski, esertzen diren ez bada.

Gero ez da inor gehiago igo. Ateak itxi eta autobusa abiatu da. Zerbait ekarri behar nuen ordu eta erdi honetarako, asper ez nendin. Oso baxu Bulería Bulería entzuten ahal da. Ziurrenik lokartuko naiz eta paisaian paratu dut begirada. Segituan kristala lanbrotu egin da. Hemen oso bero da. Punkyarengatik ikus dezakedan gutxia behatzen dut. Berak behera ari da begiratzen. Zer eginen ote du? Ilea gaztaina kolorekoa du. Lokartu naiz.

 
 

Autobusaren astinaldi ezusteko batek, suposatzen dut, esnatzen nau. Oraindik ordu erdi luzea falta da. Paisaia aldatu da. Ilunago dago. Baina... Zera...Ez dut... Punkya non da? Badakit txorakeria dela baina ezinegona nabari dut nire baitan. Hor behar du baina ez dut ikusten. Eserlekuan etzan izan balitz zertxobait, hanka, beso bat, zerbait, ikusiko zitzaion. Nire lekuan zutik jarri naiz. Pasilora irten naiz. Ez, ez da bere eserlekuan. Begiradarekin eserleku bakoitza aztertu dut. Neure burua ezagutzen dut eta badakit ez naizela non den jakin arte geldituko. Baina, hala ere. Atzealdekoetan ere ez. Jendeak arraro begiratzen nau.

Ordu erdiko ibilbidea, misterio hau argitzeko. Ez badut ezer lortzen, txoferrari abisu eman beharko diot, bidaiari bat falta dela. Baina hura baino lehen, arrazoibidea erabiliko dut. Guztiak bere logika du. Eta, Sherlock Holmesek esan bezala, arrazoiak dena ahal du eta, Voltairek esan bezala, behin ezinezkoa baztertuta, gelditzen zaigunak, egiantzekoa izan ez arren, gertatutakoa behar du izan. Adibidez, ezin izan da autobusetik jaitsi. Autobus honek geldiunerik egiten ez baitu, eta leiho irekigarririk ere ez dauka. Ergo, autobusean dago. Baina, non?

Ez dut denbora anitzik. Metodoz behar diot arazoari ekin. Nire zentzumenez zalantza izan, ez utzi aurreiritziek tronparaz nazaten. Ez dut, azken batean, deus egiazkotzat hartu behar argi eta garbiro neure adimenean hala dela ezagutu arte.
Horrela, gure sentimenek batzuetan engainatzen gaituztela eta, suposatu nahi izan dut ez dagoela ezer horien bidez irudikatzen dugunaren modukoa dena. Baina, berehalaxe ohartu naiz dena faltsua dela pentsatu nahi dudan bitartean, nik, hori pentsatzen duenak alegia, derrigorrean zerbait izan behar dudala. Eta ohartu naiz honako egia: nik pentsatzen dut, beraz, banaiz, hain sendoa eta segurua dela, non eszeptikoen aieru bitxienek ere ezingo zuketen ahuldu, eta hau kontuan izanik bilatzen ari naizen azken egiaren lehenbiziko hastapentzat jo dezakedala kezkarik gabe iritzi diot.

Hamar minutu gelditzen zaigu O... hirira iritsi aurretik. Nire arrazonamenduek mantso baina geldiezin egiten dute aitzina. Dagoeneko ondorioztatu dut Jainkoa badela eta gauza materialak ere (autobus hau, adibidez) existitzen badirela. Punky, punky maitea, zure bila nabil, egon lasai.