.Kultur Etxea, oraingoan bai!
Testua: Aritz Ibañez

La participación popular, la oferta cultural variada y la gestión eficiente son los tres retos que se plantea el responsable de Cultura del Ayuntamiento de Burlata, el concejal Txema Mauleón. En esta entrevista nos desvela sus planes y ambiciones

 

 

 

 

 

 

AXULAR aldizkariaren 18. alean (2001eko udagoienekoan) Burlatako Kultur Etxeari buruzko erreportaia karrikaratu genuen. Bertan genionez, 2002. urteko larrazkenean zabalduko zituen atean gure herriak hainbeste behar duen azpiegitura horrek. Urte t’erdi pasa da orduz geroztik eta oraindik ateak itxita jarraitzen du Kultur Etxeak. Zorionez, ez dirudi luze joko duenik egoera honek.

Txema Mauleon, Burlatako kultura zinegotziak adierazi digunez, Udalaren proiektua asmo handikoa izan da. “Burlatako Udalak Nafarroako Gobernuari proiektua aurkeztu zionean, Gobernuak pentsatu zuen Burlata bezalako herri batek ez zuela horren azpiegitura handirik behar. Udalak ahalegin berezia egin zuen, eta Foru Gobernuak zioena baino anbizio handiagoa izan zuen. Honek kostuen garestitzea ekarri du, eta, bestalde, ateak lehenago zabaldu ahal izatea oztopatu du. Eraikina bukatua zegoen, baina hornitzea falta zen”. Hau gutxi balitz, ekipamendu eszenikoaz arduratzen den Vianako Printzea Erakundeko kidea gaixo egon da hainbat astez, prozesu guztia oraindik gehiago atzeratuz. Kultur Etxea abenduan, edo berandu jota, otsailean zabaltzea zen helburua. Azkenik ezinezkoa izan da, eta apirilaren 2an irekiko ditu ateak. Ondoren, gutxika-gutxika ekitaldi ezberdinak eskainiko dituzte bertan.

Kultur etxearen oinarriak: Partehartzea
Inolako zalantzarik gabe, eraikin eta erakunde garrantzitsua izanen da Burlatarendako Kultur Etxea. Asmoa da herriko kultur ekintza handienak bertan egin ahal izatea. Horretarako, azpiegitura egokiak daude solairu ezberdinetan. Erabilgarria izanen den solairua behekoa izanen da. Bertan, besteak beste, 500 bat pertsonendako areto nagusi bat egonen da, erakusketa gela handi bat, kafetegia eta erabilera anitzetako beste 7 gela.
Txema Mauleonek adierazi digunez, iharduera ezberdinei tarte egitea da xedea. Hainbat lan eremu ezberdintzen ditu honi dagokionez. Lehena, herritarren partehartzearena. “Orain arte Kultura Patronatuak izan duen garrantzia areagotzea nahi dugu. Horrela, Burlatako elkarte eta talde ezberdinek proposamenak egitea nahi dugu. Kultura landu nahi duen edonork izanen ditu gure ateak zabalik, Burlatakoa izan ala ez. Beste helburu bat da taldeen eta Kultur Etxearen artean gauzak elkarren artean antolatzea. Hasi gara horretan ‘LigreRock’aren inguruan, adibidez.

Eskaintza anitza
Eskaintzaren aniztasunaren garrantziaz ere mintzatu zaigu Mauleon. “Programazioak adin guztietako herritarrak hartuko ditu kontuan; haurrei, gazteei, helduei eta agureei zuzendutako ekital- diak izanen dira. Programazioa anitza izanen da: zinema, musika, antzerkia, erakusketak... saiatuko gara artearen eta kulturaren sail guztiak lantzen. Bestalde, ekitaldien %25 edo 30% inguru euskaraz izanen dira.

Burlatan munduko hainbat txokotatik etorritako bizilagunak ditugu, bertakoez gain, noski. Horregatik, eskaintza guzti-guztiei luzatzea nahiko lukete Kultur Etxeko arduradunek. “Burlata oso hiri anitza da kultura ezberdinei dagokionez. Bertako hiritarrak ditugu, 70. hamarkada etorritako etorkinak ditugu: Gaztela-Leongo etxekoak, edo ‘Coro Rociero’ko kideak esaterako. Inmigrazio berria ere hemen dugu: Afrikatik, Ekialdetik herrietatik edo Hego Amerikatik etorritako lagunak. Horiek guztiek bere lekua behar dute Kultur Etxearen programazioan.

Kudeaketa eraginkorra
Inguruko Udalekin ere lanean ari dira, elkarri lagunduz, gauza interesgarriagoak eskaintzen ahal direlakoan. Merkeago gainera. “Kudeaketa eraginkorra beharrezkoa da. Adibidez, Patronatuak oniritzia ematen badio, Tango jaialdi bat eginen dugu, Atarrabiakoekin elkarlanean. Udalen arteko kolaborazioa bilatuko dugu dirua aurrezteko, programazioak ez zapaltzeko, dauzkagun baliabideei etekin handiena ateratzeko eta abar. Erakunde pribatuekin ere lan eginen dugu, babesleak lortzeko.

Beste herri batzuetako Udalekin lan egiteaz gain, Burlatako Udalaren sail ezberdinekin elkarlanean aritzeko asmoa ere azaldu du Mauleonek. Esate baterako, emakumearen egunaren inguruan programazio berezia antolatuko dute eta horretarako, gure herriko Udalaren emakumearen sailarekin talde lanean aritu dira. “Lan egiteko molde hau gainontzeko zerbitzuekin ere eraman nahi dugu aurrera: gizarte zerbitzuen alorrarekin, ingurugiro sailarekin,... Kulturari beste dimentsio bat eman nahi diogu, soziala eta kritikoa. Hartara programazio bereziak antolatuko ditugu egun berezien inguruan: emakumearen egunean, arraza- keriaren aurkako egunean, ingurugiroaren egunean, gay harrotasunaren egunean,...

Mundu globalizatu honetan hanburgesen eta Koka-Kolaren kultura da nagusi. Horretatik urrundu nahiko luke Burlatako Kultur Etxeak. Gure inguruko kulturari, gero eta baztertuago dagoen gure kulturari tartea egin nahi diote bertan, ahal den neurrian behintzat. Europar zinema hobestea, Estatu Batuetakoaren aitzinean, Euskal Herrian ekoizten diren filmeak eskaintzea,... hori izanen da Kultur Etxearen erronka. Kultura globalizatuak baditu beste mila erakus-leiho eta Burlatako Kultur Etxea alternatiboa izan nahi du, antza.

Txema Mauleon, Burlatako Kultura zinegotziaren esanetan, “Burlatako Kultur Etxeak jauzi izugarria suposatuko du herriko bizitza kulturalean. Iraganetik etorkizunera jauzi eginen dugu. Orain arte herrian ikus edo entzun ez zitezkeen hainbat ekitaldi hartzeko azpiegitura egokia izanen dugu. Orain arte urrun xamar izan dugun kultura mota hori esku-eskura izanen dugu”. Hala izan bedi!