..KHAMÛL, Kalamu-Metala

 

oscarbeorlegui@terra.es

Entrevistamos al grupo de rock local Khamûl, acaban de sacar su segundo trabajo, 'En la habitación', motivo más que suficiente para acercarnos hasta ellos y preguntarles por la salud del rock en Burlata y en Euskal Herria

Khamûl taldeak, bigarren lana karrikaratu du duela guti: “En la habitación” izena eman diona, hain zuzen. Lehen lana (La flor) duela bi urte atera zuten eta oraingo lan hau rocka (kaña eta metala) eta core-aren (metal core cánnabi) artean kokatu beharko genuke. Azken lan honetan soinua landuagoa agertzen zaigu, agian aurrekoa baino astunagoa eta lasaiagoa dela esanen nuke.

Egin dezagun taldearen historia, hastapenetatik azken lan honetaraino (En la habitación).
1998an sortu ginen, Sonografen abesti batzuk grabatzeko aukera izan genuen soinu ikastaro bat egiten ari ginela. Merke grabatu genuen eta horrela sortu zen lehen maketa. Richard sartu zen gero eta lehen disko grabatzea pentsatu genuen, Sonografen berriro ere. Izena “La Flor” paratu genion, garapen lana izan zen guretzat, eta aitzinera egin genuen esperimentazioari bidea irekiz eta lan berriak eginez. 2003ko maiatzean demo bat egin genuen lau kanta berrirekin diskoetxeetan aurkezteko.

Jarraitu aurretik, zein zen azalean agertzen zen lorea?
Ez genuen lore zehatz bat atera nahi. Ideiaren zehaztapena da agertzen dena lehen disko horretan. Bazen abesti bat nahiko pollita gelditu zitzaiguna, drogaren gaia jorratzen zuena, eta horregatik lorea azalean, baina ez genuen marihuana bakarrik aipatu nahi, drogaren mundua bere zabaltasunean baizik, horregatik opioaren lorea paratu genuen.

Gaira itzuliz, maketak bidali ondoren Salamancako diskoetxe bat zuekin harremanetan jartzen da, ez da horrela?
Akello.net izeneko zigilu batek deitu zigun, argitaletxe eta diskoetxe dena, hain juxtu.
Talde bila zebiltzala eta gurea interesgarria iruditu zitzaiela, uztailerako kanta gehiago behar zituztela. Bajeran sartu ginen eta jo eta su aritu ginen lanean, bi hilabeteren buruan sei lan berri atera zitzaizkigun

Oraingo honetan non grabatu duzue? Sonografen berriro?
Ez, Iruñeko K estudioetan, bai maiatzekoak zein abuztukoak. Albertorekin (Asto Pituak taldeko bateria dena) grabatu genituen, gainera gurekin batera ekoizle lanak egin dituena, hagitz kontent gaude.

Sonografen grabatu duzuela-eta, nola bururatu zitzaizuen grabazio teknikak ikasteko ikastaro bat egitea disko bat grabatzeko. Ikasleak ere tartean izanen ziren? Ez al da bitxi samarra sistema hori?
Guretzat sistema hau hagitzez merkeagoa ateratzen zitzaigun, halere, dudarik ez da, bertan ikastaroa egiten ari zirenak ere kontuan izan behar zenituen, izan ere, haiek ere beren gustu musikalak zituzten eta haiek aintzat hartu behar zenituen, bai horixe! Gainera askotan eskolak txandaka izaten ziren eta batzuetan pertsona batekin 6ak arte zeunden abesti batekin eta gero beste bat etortzen zen abestiaren beste erdia grabatzera, nahiko saltsa, bai. Dena den, ez da gauza bera musikaria edo teknikaria izatea, ez du zer ikusirik.

“En la habitación” lanera itzuliz, ba al du zerikusirik 'La Flor' lanarekin?
Hau askoz ere esperimentala-goa da. D.J. bat taldean sartzen dugu, eta gainera soinu astunagoak sartu ditugu, gure ustez gorputz gehiago dauka, soinuak irabazi egin duela pentsatzen dugu, nolabait esateko 'gizendu' egin da, taldekide batzuk bezalaxe (barreak).
Abestien erritmoari dagokionez, sinpletu egin ditugula esanen nuke, bai eta moteldu ere, honela indarra ematen diote azken emaitzari.

Eta zergatik izen hori? Izenburu zehazgabeak direlakoz, agian?
Ez, kanta hori, 'En la habitación' izena duena, lotzeko gune izan zen, estilistikoki Cda hor kokatzen dugu, lortu dugun soinuaren ikurra dena, horregatik paratu diogu izen hori. Esaldiak, berez, ez du deus esan nahi.

Bukatzeko, esadazue nondik datozen zuen eragin musikalak, literatura fantastikoa utzita, jakina, izan ere zuen taldearen izena hortik baitator, ez da horrela?
Khamûl izena hartu genuen bai, bat hartu behar eta horixe atera zen, ez hainbeste Tokienen munduaren zaleak garelakoz edota El Señor de los Anillos maite dugulakoz. Izenarenak badu, bai, bere historia: ez zen izenik ateratzen eta azkenean, gutako bakoitzak hamarna izen idatzi zituen hamar paper ezberdinetan. Paper guzti horien artean hamar hautatu eta horrela Khamûl gelditu zen arte.
Eragin musikalez hitz egin behar badugu guretzat Sepultura taldearena izanen da nagusiena, seguru aski. Beste batzuk: Soulfly, Deftones, Hamlet, Koma edo Ktulu.