.Burlatako gure ataria plataforma: etxebizitza duinaren alde
Testua: Verónica Ferreira Pinto

Koadrila ezberdinetako gazte batzuek etxebizitza lortzeko gaia larritzat jotzen genuen eta kontu horretan lan egiteko Gure Ataria taldea osatu genuen Badakigu Burlatan soilik 600 etxebizitza baino gehiago hutsik daudela

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Edozein gazteri galdetuz gero etorkizunari begira zein den gehien kezkatzen duen arazoa, seguru aski portzentaje altuan etxebizitza dela erantzungo luke. Denok badakigu gaur egun oso zaila dela independizatzea, etxebizitzak oso garestiak direlako eta urte asko aurrezteari eman behar diozula sarrera bakarrik ordaintzeko. Hau dela eta, Gure Ataria plataforma Burlatan osatu zen orain dela urte bat, oso keztatuak daudelako kontu honekin gazteentzako irtenbidea aldarrikatzen dute. Iñigo Gulinak taldeko partaideak honako azalpenak eman dizkigu.

Zergatik sortzen da Gure Ataria?

Koadrila ezberdinetako gazte batzuek etxebizitza lortzeko gaia larritzat jotzen genuen eta kontu horretan lan egiteko Gure Ataria taldea osatu genuen. Alde batetik, badakigu Burlatan soilik 600 etxebizitza baino gehiago hutsik daudela, inor bizi gabe eta alokatu gabe, ere. Beste aldetik ez gaude ados Udaletxeak dituen egitasmoekin, Ripagainarekin hain zuzen ere. Zonalde horretan milaka etxebizitza eraiki nahi dute eta aldi berean Burlata herria handitu. Denok dakigu Burlatako udaletxeak izugarrizko zorra duela eta Ripagainako proiektua eginez gero, etxegileek emandako diruarekin zorra hori desagertuko litzateke. Baina hori gertatuko litzateke bakarrik epe laburrean, zeren eta Burlata handiagoa izatean, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak (Udaltzaingoa, Garbiketak...) bikoiztu egin beharko lirateke. Nahiz eta zonalde berri horretan zerga kobratu, hori ez litzateke izanen nahikoa eta epe luzean berriro izugarrizko zorra izango luke Burlatako Udalak. Ripagainan etxebizitzak eginez gero Burlatan ez legoke aukerarik industria izateko eta horrekin batera dirua biltzeko. Azkenean Iru–eak Burlata berenganatuko luke eta Iru–eko auzo bat besterik ez ginateke izango, gure identitatea galduz. Hauek dira guk ateratako aurreikuspen txarrak.

Beraz, zein da zuen ustez arazo handi honen irtenbidea?

Gure ustez arazoaren muina 600 etxebizitza huts horietan datza. Ezin dugu ulertu nola egin behar dituzten pisu pilo bat herrian bertan erabili gabe hainbeste egonda. Gazteek ez dugu dirurik etxebizitzak erosteko, baina independizatu nahi dugu. Gure ustez, Udalak alokatzea bultzatu behar du baina ekonomikoki modu errazean, bestela gazteek ezin dugu etxetik atera. Alokatzea oso garestia baldin bada ezin dugu aurreztu geroan pisua erosteko eta gurasoen etxean gelditu besterik ezin dugu egin. Alokatzea, noski etxebizitzaren jabeari bermeak emanez.

Gure Ataria sortu zenetik, zer ekintzak burutu dituzue?

Jarduera nahiko egin ditugu orain arte: manifestazioak, kontzentrazioak, Axularren, Euskal Herria Pe–an eta tabernetan kartel erakusketa. Honetaz gain sinadura bilketa egin genuen -mila eta piko lortuz-, guk uste dugulako Udaletxeari esan behar diogula herriak zer uste duen eta zeintzuk diren dituen kezkak... Otsailean Udaletxeko osoko bilkuran bost puntutako proposamena aurkeztu genuen etxebizitzaren egoera hobetzeko. Horretan lehenengo Babes Ofizialeko Etxebizitzak ematean Burlatan bizitako urteak lehentasunez kontuan hartzeko eskatzen genuen. Bigarren puntuan Udalak Babes Ofizialeko Etxebizitza behar dutenen kopurua ikertzeko eta egitera konpromisoa emateko jarri genuen. Hirugarrenean Etxebizitzarako Bulegoa eskatzen genuen, Burlatan zenbat etxebizitza hutsik dagoen zehatz-mehatz jakiteko eta Burlatako beharrak ikertzeko: familia ugariak, bikoteak... Guk uste dugu bulego horrek inmobiliarien lana egin beharko lukeela, azken-finean inmobiliariak etxebizitzaren ETTak direlako. Horretaz gain, alokatuta daudenei Errenta Aitorpenean desgrabatzeko... Udal-etxeko Osoko Bilkurak bozkatu zuen eta ezekoa jaso genuen. Izugarrizko dezepzioa izan zen guretzat, gure ustez guztion etxeak -eta barruan dauden alderdi guztiek, bai eskuinekoek baita ezkertiarrek ere- herriari eta herriak dituen arazoei bizkar eman zien. Kolpe hau jaso ondoren esan ziguten Udalak etxebizitzaren alde lan egiteko komisioa egin behar zuela eta gu gogoan gintuztela, baina oraindik ez digute deitu.

Badira beste lekutan zuena bezalako talderik?

Alde batetik Euskal Herriko mailan Duina taldearekin harremanetan gaude. Hauek gizarteko arazoetan eta kontuetan lan egiten dute, hau da, langabezia, marjinazioa, etxebizitza... Oso talde handia da. Beste aldetik etxebizitzaren aldeko beste taldeak ezagutzen ditugu, adibidez, Gasteizkoa, Lekeitiokoa... Talde guztiak elkartzen gara ideiak emateko eta arazoak komunean jartzeko. Gure iritziz okupazioa presio modu bat da, eta adibidez, Lekeition hasi dira etxeak okupatzen instituzioek ez dutelako ezer egiten. Lekeition urtean zehar etxe-kopuruaren erdia gutxi gorabehera hutsik dago, jende askok pisua daukalako oporretan joateko bakarrik. Lekeitioko gazteek pentsatzen dute ez dela bidezkoa beraiek herritik kanpo joan beharra hainbeste etxebizitza hutsik egonda. Noski, beraiek daukaten mobida eta gurea zeharo ezberdinak dira.

Zerbait prestatzen ari zarete epe laburrean egiteko?

Orain ekainean egun bateko akanpada egin behar dugu Txantrea, Atarrabia eta Burlata-ren artean dagoen errotonda horretan. Gure Atariaren logotipoa kanpin-denda da, ez dakigulako zer egin, nora joan,...eta daukagun aukera bakarra kanpin-dendekin kalera irtetea da.

Animatu nahi dugu jendea etortzera, ahalik eta lagun gehien izateko.