.Burlatako musikariak: asko eta onak!

Oscarbeorlegui@terra.es

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ekainaren 3a zen, Axular Kultur Elkarteko kultur astea
burutzen ari ginen eta ekitaldien artean, burlatako
musikariak zirikatzea erabaki genuen: bai burlatako musika
taldeetan zeudenak eta baita ere, kanpoko musika
taldeetakoak. Egia esan, musikari dezente bildu genuen gure
elkartean: Marea, Koma, Khâmul, Dikers taldeetakoak, hain
zuzen ere. Bukaeran guk nahi genuena izan ezik, beste gauza
askori buruz hitz egin zen hitzaldian. Oscar Beorlegi eta
Fernando F. Garayoa musika kazetariek moderatu zuten
berriketaldia, hona hemen bilkura hark eman zuena.

Bertaratu zirenetako batzuk beren musika hastapenak aipatu
zituzten: “Gironés musika irakaslearen eskolakoa naiz ni.
Musika bandan kaja jotzen hasi nintzen, geroxeago Mugre,
Pabellón Negro, Tubos de Plata eta horrelako taldeek ematen
zituzten kontzertuetara joaten nintzen” –esan zuen Koma
taldeko Brigik. Bere musika taldekidea den eta duela hiru
urtetik gure herrian bizi den Rafak esan zigun, Camelot
izeneko talde batean eman zituela bere lehen urratsak, gero
Memphistora pasa zela, han Natxorekin eginen zuen topo,
Komako gitarra joalearekin, hain juxtu: “gazte-gaztetatik
musika tresnekin zaletu ginen eta horrelaxe jarraitzen dugu”.

Dikers taldeko baxua den Iñakik esan zigun hasieran hagitz
era informalean jotzen ibili ondoren, Pottor’s taldera
igaro zela serioago jotzeko asmoz, ondoren Dikers taldera
pasako zen. Marea taldeko gitarrajolea den César Ramallok
esan zuenez, bere hasiera bitxia izan zela: Brigi etxetik
bateria jotzen aditzen omen zuen eta bera segitzen saiatzen
omen zen. El Piñas-ek esan zuenez, bera konstrukzioan ari
omen zen lanean –Aupa Bustamante, esan zuten publikoan
zeuden gaizto batzuk- Kutxi Romerorekin aldamioetan topo
egin zuenean, honek baxu bat oparitu omen zion jotzen ikas
zezan egin nahi zuen musika taldeko baxujolea izateko.
Marea taldea sortuko zeneko hasierako urratsak ziren haiek.

Ondoren, emigrazioaz egin genuen jolas. Khâmulen kasua
agertu zen, izan ere, beren lehen Cda Salamancako zigulu
batek karrikaratu baitu. Nola sortu ote zen kontaktu hori?
“Prest genuen materiala zenbait disko etxetan mugitu genuen
eta haiek izan ziren interesa erakutsi zuten bakarrak”
–esan zuen Raúlek.

Beste hizketagai interesgarri bat musika taldeen proiekzioa
izan zen, bai Iruñean eta baita kanpoan ere, gure mugaz
gaindi (Tuteratik beheiti, hain zuzen). “Komaren kasuan
maketarekin hasi ginen, gero hiru CD Gor-rekin egin
genituen, ondoren Estatura jauzi egin genuen, jende
berriren beharra baikenuen” -Brigiren hitzetan. Dikers
taldeko Iñakik esan zuen: “Gure kasuan aldrebes izan zen,
hasierako arrakastaren ondoren, lana hurbileko eremuetan
egin behar izan genuen”.

Eta horrelaxe, gai interesgarri anitz atera ziren solasaldi
hartan: kontzertuak tabernetan egiteko araudia, Black Rose
bezalakoetan; jaialdi handietan eta kontzertu tikietan
jotzea gauza bera ote den; Burlatan sortutako rock
ekinaldiak (Maiatza Rok, Ligre Rock); zergatik ez diren
Burlatan pop taldeak sortzen (“pijo” guti dagoelakoz –esan
zuen bakarren batek); “arrakastaren” zaporea nolakoa den.
Azken kontu hau gehiago zehaztuz, “arrakasta”ren goxotasuna
nolakoa ote da? Galdera hau ez zuten hizlari guztiek
erantzun. Brigik heldu zion gaiari eta esan zuen badirela
kontu dezente desmitifikatu behar direnak. “Biharamuna”
gogorra izaten omen du musikariak: “Jo behar duzun lekura
heltzen zara, jotzen duzu, martxa badago mozkorraldi ederra
harrapatu, ez zara deustaz enteratzen, Hotela ordaintzen
duzu baina ez duzu erabiltzen lo egiteko, eta itzulera,
kristoren aitzurrarekin furgonetan, hiru egunez ez zara
deusetaz enteratzen. Horrelakoa da musikariaren bizitza,
itxarotea: itxarotea noiz deituko zaituzten jotzeko,
itxarotea noiz aterako den CD berria –Komaren kasuan
“Sinónimo de ofender” izanen dena-, itxarotea jakiteko zein
izanen den lo egiteko hotela, bidea, ...”.