..Uranga parkea
 
 


Testua: ganesha.

 

 

 

 

 

Liburuarekin atera nintzen. Arratsalde sargoria zen eta liburua lagun, Udal Parkerantz abiatu nintzen. Guttitan zapaldua nuen Burlatak daukan Udal Parkea. Etxetik harainoko bidea egiteko hamar bat minutu behar izandu nituen. Sapa izugarria zen, beroa nire soinean itsatsirik zegoela iruditzen zitzaidan, ez nuen nire gorputzetik kentzen ahal. Nire soinaren pisuaz gain beste zerbait neraman nirekin, nire pausoak moteltzen zituen beroa, alegia.

Parkean sartzearekin bat itzalak nagusitzen hasi ziren. Ilunbeak betetzen zuen parkean zegoen giroa. Zuhaitz sendoen itzalak izugarri betetzen baitu beti. Zuhaitzpeko freskotasunak lasaitu ninduen. Beroaren hatzaparrek utzi ninduten eta lasaiago sentitzen hasi nintzen. Banku batean jarri eta nire eskuetan nekarren liburua ireki nuen. Leitzen hasi nintzen baina nire burua ez zegoen prest oraindik. Astia behar nuen. Lehendabizikotz lasaitu eta gero hasiko nintzen presarik gabe. Burua hasi zen lanean, begiek ere parkearen zokoei so egiten zioten. Eta bat-batean Uranga jauna etorri zitzaidan burura, Uranga jauna eta galdera bat: zergatik saldu ote zuen parke eder hau? Zergatik abandonatu hain ederra zen udaleku zoragarria? Eta pentsa- tzeak, gauza arinak pentsatzeak, jakina, ez duenez lan handirik ematen ez eta maskurik sortzen, pentsatzeari eta gogoeta egiteari eman nion.

Uranga jaunarena izandu omen zen lehenago. Frankoren garaitik omen zuen lurralde eder hori Burlata zaharraren ondoan. Espainiako guda zibilean berak egin zituen hainbat eta hainbat mesederen truke emana edo erdi saldua izandu omen zen. Makina bat uda fresko igaro izanen zituzten jaun horrek eta bere familiak Burlatan. Oraindik Burlata ttiki zelarik egin omen zituen jauregia eta inguruko belardi eta lorategi ederrak.

Gero, ordea, Burlata handitzearekin etorkinak edonon bizitzen hasi nonbait, eta bere parke ederrak intimitatea zuen galdu, eta horrekin batera Uranga jaunak bere interesa. Hogeigarren mendearen bukaeran aberatsak erdi biluzik parkean barrena ibiltzea ez zen izanen gustu onekoa, ondoko eraikinetako langileen begi nekatuentzako, seguru. Azken batean, jauregia handia izan badaiteke ere, Nafarroako aberats zaharrek daukatena erakusteko duten otsa are handiago izan baita betidanik. Hori izanen zen seguruen Uranga jaunari gertatuko zitzaiona.

Nola igaroko zituen udako egun goxoak parke horretan, ondoko bizilagunek den-dena ikusten bazuten? Berak botatzen ahal zituen lo-kuluxkak, egiten ahal zituen festa dotoreak, ekartzen ahal zituen gonbidatu fantasiosoak eta hartzen ahal zituen urbainu erlaxanteak ikusiko zituzten, eta langile jendea izaki Burlatan bizi dena. Gehiegizkoa zen. Ezta pentsatu ere! Ez zuen nabarmen-keriarik egiten ahal. Nonbaiten beste etxetxo bat erosiko zuen eta han bakar-bakarrik egonen zen. Inork ez zuen zelatatuko. Ez zen begirik izanen inguruetan. Burlatak jada ez zuen intimitaterik ematen, ez eta emanen ere etorkizunean. Beraz, hoberena saltzea zuen.

Horrelako burutazioetan nengoela ume baten boza aditu nuen, nire parean zegoen bankuan, neska gazte batek haur ttiki bat zuen magalean. Umea solasean ari zen, halere ez zitzaion deus entenditzen. Esaldi inkonexoak ziren bere ahotik jalgitzen zirenak. Umea jolasean ari zen bere mingaina eta aho-kordeekin. Solasean hasi aurreti- kako soinu jokoetan, hain zuzen ere. Neskak pozik zirudien, umearen marramei kasu egiten ari zen zerbait ulertuko bailuen. Segituan otu zitzaidan galdera (Aizu, barka, baina galdera bat egin nahiko nizuke? Zuk zergatik uste duzu saldu zuela Uranga jaunak parke polit hau?) Ez nekien zer egin, galdetu ala ez. Beharbada neskak ez zuen Uranga jauna nor zen ere jakinen. Agian, ez zen Burlatan bizi. Horrela nengoela berriz ere burua bere kasa hasi zitzaidan.

Eta saltzea deliberatu zuenean, zergatik Burlatako Udalari? Zergatik Burlatako herriari? Beharbada beste inork ez ziolako erosten ahal izanen. Diru franko eskatu izanen zuen. Polita izanen zen esatea herriari utzi ziola. Herriak disfruta zezan. Herriko umeak zein gazte maiteminduak probestu ahal izanen ziren berak sortu zuen leku eder horretaz. Bere izena ere hor egonen zen betirako.

Horrelako pentsamenduetan ari nintzela, neska bat ikusi nuen nire aurre-aurrean, haurrarekin zegoena, hain juxtu.

- Barkatzazu, zer liburu duzu hor? Galdegin zidan ahots xuabez.

- Aldekoaren Ipuinak dira. Erantzun nion kolpean ezusteak harrapaturik.

Orduan berak nire ondoan jartzeko imintzioa egin ondoren alboan jarri zitzaidan. Ez zuen deus esaten, liburua eskuetan hartu eta ireki egin zuen. Haurra lurrean jolasean ari zen harri koxkor batzuekin.

- Haur polita duzu. Esan nion.

- Bai, horrela da. Baina ez da nirea, nire izebarena da. Berak lan egiten duenez nik zaintzen dut. Horrela pezeta batzuk ateratzen ahal ditut.

- Arestian begira egon natzaio. Orain hasi izanen da hizketan, ezta?

- Bai, orain ekin dio. Nahiko ume ixila zen. Izeba Luixa kezkatua zegoen, uste zuen umeak zerbait izaten ahal zuela. Bi urte eta erdi ditu eta.

- Ez da batere arraroa. Ni hiru urterekin hasi nintzen hizketan eta orain batzuetan ez naiz ixiltzen.

- Ez du ematen bada. Umearekin nengoela zuri begira egon naiz eta galduta zeundela iruditu zait.

- Burutazio zozo batekin ari nintzen. Badakizu nor den Uranga jauna

- Bai, ez al zen parke honen jabea izan?

- Horrela da, bai. Bada, bueltaka ari nintzen kontu batekin. Zera, ez dut ulertzen zergatik saldu ote zuen parke hau. Zuri zerbait bururatzen al zaizu?

- Ez dakit bada. Nekatu izanen zen eta. Gainera, ez al zen franko zaharra?

- Izanen zituen bai, urte batzuek.

Hitz eta pitz ari ginelarik haurra negarrez hasi zen. Aspertu egin zen, nonbait, eta Irene -horixe baitzen neskaren izena- mugitzen hasi zen.

- Gose izanen da. Goiz afaltzen baitu. Pozten naiz zu ezagutu izanaz, Aitor. Ea beste egun batean elkarrekin lasai egoteko aukera izaten dugun. Askotan etortzen naiz nire aitonarena zen parke honetara.

- Zure aitonarena al zen?

- Bai, horko jauregitxo horretan jaio nintzen. Agur.

- Aaa.....agur, bai.

Eta hantxe gelditu nintzen ni aho bete hortz. Nire alboan zegoen liburua hartzeko keinua egin nuen ondoren, baina ez nuen liburua aurkitu. Irenek eraman izanen zuen. Banuen, behintzat, beste egun batean berarekin egoteko aitzakia. Horrela parkearen inguruko galdera argitzeko aukera izanen nuen, beharbada.

Liburua han egotera irakurri izanen nuen gustura Aldekoaren ipuin pare bat. Libururik ezean zerbeza fresko bat edatera joan nintzen parkeko kafetegira. Ordurako ilunabarreko iparra jotzen hasia zen.