| |
Volgako
Batelariak literaturari buruzko aldizkari bat da, ez literatura eta beste
zerbait gehiagori buruzkoa. Hausnarketarako eta kritikarako espazio bat
izan nahi du, euskal literaturaz eta munduko literaturez hitz egiteko
gune bat. Erredakzio batzordea Rikardo Arregi Diaz de Herediak, Ibon Egañak,
Juanjo Olasagarrek, Iban Zalduak eta nik neuk osatzen dugu.
Volgako Batelariak
izena hautatu dugu euskal aldizkari eta literatur mugimendu askoren izenek
ukitu sobietarra zutela ohartuta (Linterna gorria, Lubaki, Vladimir brigadak...),
pentsatu genuelako ez zela ideia txarra gureari izen errusiar kutsukoa
bai, baina aurresobietarra ematen ahal geniola, popeak eta tsar inperioko
zerbait, zirikatzeagatik edo chic iruditzeagatik. Gainera, Volgako Batelariak
errusieraz Burlaki na Volge esaten da, eta guk serioski bai baina burlaki,
umorez, ere aritu nahi dugu.
Oraingoz, inoizkari
kosakoak bost atal ditu, hauek:
-Elkarrizketak
atalean literaturarekin edo artearekin zer ikusia duen jendearekin hitz
egiten saiatuko gara. Egin
den hizkun-tzan eskainiko da elkarrizketa: euskaraz burutu bada, euskaraz;
ingelesez izan bada, ingelesez, etab. Orain arte Peio Lizarralderen
eta Enrique Vila-Matasen elkarrizketak agertu dira. Laster Gracias por
no leer saiakera interesgarria idatzi duen Ugresic idazle kroatarena
agertuko da.
-Inoiz idatziko
ez nukeena: sekzio honetan, edozein testu onartezin onartuko da, egileak
ziurtatuta daukalarik testu hura inoiz ez dela beretzat inoiz, inon,
inola, inork aipatua izango. Egileak askatasun osoa du, beraz, bera
ez den idazlea izateko, gorroto duen estiloa argi uzteko, antipoetika
adibidetzeko, ez dakit zer parodiatzeko, jolaserako, gazte zeneko testu
arnegatu eta irakurrezina agertzeko...
-Kritikak atalean
liburuen kritikak argitaratuko ditugu, noski. Azken aldiko nobedadeen
artean (eta zaharrago batzuen artean ere bai) zenbait aukeratu eta zoriz
banatuko ditugu (gutxi gora-behera) VBko idazkuntza-batzordeko partaideen
artean.
-Irakurri gabeko
liburuen kritikak: egunkarietako eta unibertsitateko kritikoek halakoak
egiten badituzte, zergatik ez Volgako Batelariak-ek? Guk, behintzat,
abisatzen dugu eta, gainera, ez dugu sosik kobratuko. Edonola ere, ziurtatzen
dugu atal honetan agertuko diren liburuak ez ditugula irakurri, eta
kritika egiteko bakarrik oinarrituko garela liburuaren kontrazaleko
edo hegaleko informazioan, aurkezpen-ekitaldiari buruzko albisteetan,
egileari egindako elkarriz-ketetan, beste kritikarien iruzkinetan, etab.
Eta, batzuetan, ezta horretan ere.
-Testuak atalean
literaturaren inguruko gogoetak, burutazioak, itzulpenak, etab. eskainiko
ditugu. Sorkuntza lanak izango dira, baina, oro har, ez-fikziozkoak,
aukera hau guztiz baztertzen ez dugun arren.
-Volgako Batelarien
ukaseak: erredakzio-batzordearen ohar kolektibo eta jakingarriak plazaratuko
ditugu atal honetan, aurkezpen hau bezalako testuak alegia.
Gonbit egiten dizuet
Volgako uretara sartzeko, helbide honetan: www.eibar.org/blogak/volga.
|