|
.ASIER SERRANOREKIN... |
|
Testua:
J. OscarBeorlgui
|
ELKARRIZKETA, HOTELEKO KANTUAK, BAKARKAKO HIRUGARREN DISKOAREN AURKEZPENA DELA ETA HOTELAK ABIAPUNTU ONAK DIRA; BERTAN, HURBIL DENAREKIKO URRUNTASUNAK ARGIAGO IKUSTARAZTEN DIZU ZER DAUKAZUN ETA ZER EZ |
|
|
|
|
Asier Serrano (Eibar, 1975) artista oparo bezain aldeaniztuna da; hizpide dugu Hoteleko kantuak bere hirugarren diskoa agertu berri delako, eta promozioa egitera Iruñera etorri denez baliatuz, berarekin elkartu gara, eta ondokoa kontatu zigun aipaturiko diskoaz, bere lan moduaz, hotelez eta bere sorkuntza lan askotarikoez. Ezagutzen ez zaituenari azal iezaizu nondik zatozen eta disko hau nolakoa den aurrekoekin alderatuta. Eibarretik nator, hor beti egon da jendea garajeetan entsaiatzen. Hamabi urte nituenean guztiok punk-a egiten genuen, ondoren heavy-a etorri zen, eta geroxeago E.H. Sukarraren letrista eta ekoizlea izatera igaro nintzen. Literatur mundutik natorrenez, banda honetarako letrak egin ondoren, nire taldea osatu nuen, Lorelei, pop-rockekoa zena. Experientzia honek akitu ninduen azkenean eta pentsatu nuen zerbait intimistagoa egitean, intimista baino hobeki, egoista. Horrela sortu zen nire lehen bakarkako lana, nagusiki, non nengoen jakitearen behar bategatik; gero bigarren diskoa etorri zen, nire buruarekiko gusturako nengoela. Honekin, hirugarrenarekin, ez nuen egiatan ezer bilatzen: maitasunaz hitz egin nahi nuen baina modu... gordin batean. Maitasun ankerraz, ez halabeharrez bikotekideagatik, baizik eta edozeinengatik, sentitzen denaz; bakarka ez egoteko beharraz: adiskideez, gurasoez, inguratzen gaituen jendeaz. Horretarako hari bat behar nuen: esaterako, guztia bakardadetik ikustea, eta horrela hotelaren irudia agertu zen. Hoteletan bakardadea bilatzen dugu, arrastorik ez uztea... inork ez jakitea hor egon garenik, paretek badakiten arren. Horregatik, saiatu naiz beraiek, paretek, istorioak konta ditzatela, eta ez guk. Pareta horiek izan daitezela istorioen lokarria. Musikari dagokionez lana dotore geratu da, ene ustez. Esan duzunez, bakarkako karrera hasi zenuen nolabaiteko bakardadea aldarrikatuz talde kontzeptuaren aurrean; hala ere, sentsazioa dugu disko hau oso "taldekoa" atera zaizula. Bakarmin horren eta zerbaiten, talde baten partaide sentitzeko desiraren arteko zubi lan baten aurrean gaude? Baliteke. Kontua da talde lanaz baino gehiago Loreleiz gogaitua amaitu nuela, ospe errazaz, komatxoen artean, hori ez baitzen nik bilatzen nuena: iritsi zen eta bizi izandakoari uko egiten ez diodan arren, ez nengoen gustura. Nik uste dut orain nagoela nire onenean, beste gauzen artean ikusten dudalako Asier Serrano izenaren atzean, benetan, proiektu bat egon badagoela, talde bat. Beraz, une hauetan, egonkorra da zuzeneko emanaldietan laguntzen zaituen formazioa? Bai, baldintzek eragindako aldaketak egon arren. Azken batean, Asier Serrano talde bat da, non ni liderra naizen, fakturak ordaintzen dituena naizelako. Musikari bakoitzak bere istorioak baditu baina guztiok hizkuntza bera hitz egiten dugu. Ni, haiek gabe, ez naiz deus. Musikariaz haratago, prentsan poeta gazte gisa, musikagile gisa, artikulista gisa aurkezten zaituzte.. zer alderditan zaude erosoen? Nik ez dut uste kantautorerik naizenik, ez pop abelaririk, ez tankerako ezer. Ez naiz ezer sentitzen: ez musikari, ez idazle, eta disko honek horretarako balio dit nagusiki: ezer ez sentitzeko. Aldiz, erakutsi dit nire mugak ikusten, eta sentimendu unibertsalez mintzatzen. Beti pribilegiatutzat hartu dut nire burua, nahi duena egin duen pertsona, utzi diotenean. Artikulista aldeari dagokionez, esango dizut hau bezalako herri batean, non hitz egiteagatik kartzelara eraman ahal zaituzten, niri ordaintzen didate horregatik; ba, ez dut ezetz esango, eta ez, ordaintzen didatelako, baizik askatasun hori ematen didalako: idatzi eta iritzia eman. Eta gustura ez banago, uzten dut. Irekita nago pertsona bezala bete nazakeen guztia probatzera. Diozun askatasun hori, euskaraz egitekoa, ez dakit grazia handirik egin ote zien Espainian, orain urte batzuk; arazoak izan zenituen, ezta?, marea urdinak gora egiten zuenean... Baina ez euskaraz hitz egiteagatik, baizik eta ezjakin asko dagoelako. Nire letretan edozeinek (euskaldun batek, frantses batek, espainiar batek...) bere burua islatuta ikus dezakeen sentimendu unibertsalei buruz aritzen naiz. Zuk diozuna aurreko lanaren biran gertatu zen, Gerrari bai diskoarekin. Disko horrekin eztabaida, euskaldun batzuek eman ahal zidaten kaña, eta ez hainbeste espainiarrek eman ahal zidatena, bilatzen nuen. Euskaldunek ez zuten entzun ere egin, eta espainiarrak, entzundakoan, eskandalizatu ziren, pentsatuz ni euskal Che Guevara nintzela, nik zertaz hitz egiten nuen ideiarik gabe. Mintza gaitezen beste artista batzuekin izandako kolaborazioez: aditu dugunez, E.H. Sukarra, Mikel Erentxun edo La Oreja de van Goth bezalako jende ezberdinen diskoetan parte hartu duzu. Hori gezurra da. Gerrari bai-ren zentsuraren garaian ez dakit nork Stop Criminalización-ean zintzilikatu zuen nire biografia guztiz faltsu bat; EH. Sukarrarekin baino ez dut kolaboratu, eskertuko nizuke hori argitzea. Itzul gaitezen hotelen gaira: Hoteleko kantuak, izen hori paratu diozu diskoari, Hotel, dulce hotel, horrela izendatu zuen Sabinak bere disko bat 1987an; Hotel Lichis duela gutxi La Cabra Mecánicak... paretei buruz esan dugunaz aparte, zer dute edo zer ez dute hotelek musikariak hainbeste inspiratzeko? Ez dakit. Askotan bidaiatu naiz, nahiz eta hotel askotara joan ez, egia esan. Sabinaren edo Lichisen ideiak baliteke bakardade oinarri bat izatea, oso "bohemiarra" geratzen den zerbait. Nik, nire diskoan, ez dut hori islatu nahi. Orain lau urte, Hoteleko kontuak izeneko liburu bat argitaratu nuen, zergatik?, hori ere ez dakit. Jendea hoteletara doa milaka arrazoirengatik: lan kontuengatik, zerbaiti ihes egiteagatik... Hotelak, oro har, ezagutzen ez dituzun espazioak dira, bakarka aurkitzen zara haietan, biluzik. Zer egiten dudan hemen bezalako galderak egitera bultzatzen zaituzte, metafisikatik hurbil dauden, eta zure etxean zaudelarik egiten ez dituzun galderak. Hotelak abiapuntu ona dira, bertan hurbil denarekiko urruntasunak argiago ikustarazten dizu zer daukazun eta zer ez, horretarako pagatzen duzu-eta, baina gero, hori garbitu egiten da, eta hor gertatu denaren arrastorik ere ez da geratzen... nahiz eta paretetan magia hori itsatsirik geratzen den. Liburuaren eta CDaren izenburuek badute harremanik? Bai, nahiz eta uste dudan diskoarena aitzakia izan zela gehien bat. Egiazki, diskoa liburuaren beste atal bat izan zitekeen, atal musikatu bat, nahi baduzu. Hotelek harremana dute musikari eman nahi nion estetikarekin: instrumentazioari, letra dekadente horiei. Hortaz pentsatzen dudana da bakoitzak bere hotela aurkitu behar duela; diskoa ongi entzuten dutenek ondorioztatuko dute hura, hotel hura, beraien barnean dagoela, azken finean. |
|