| .Axular abesbatza | |
|
Testua:
Pentagramix
|
Abesbatzaren helburuak garbi dauzkagu: elkartu, elkarrekin kantatu eta ongi pasatu |
|
En Euskal Herria todo canta: las ovejas, abejas, grillos, pájaros ... La tradición coral es omnipresente en todos los pueblos y barrios. También Axular tiene su coral. Patxo Abarzuza, su director nos cuenta las peripecias de este grupo animado de socios que animan su espíritu con el mejor de los ejercicios. Felicidades
|
Axular elkartea, Burlatako txoko euskaltzalerik hoberena, beti izaten da berri atsegin eta pozgarrien iturri. Eta iturri horren urek gainezka egiten dute eman digun azken berriarekin: Axularren abesbatza, koroa jarri dute abian. Jakin bezain fite, aldizkari honetako berriemailea lanean hasi da. Aurkitu du Patxo Abarzuza, abesbatzako zuzendaria, eta harekin izandako elkarrizketa luze hartatik laburpen hau eskaini nahi dizue Axularreko bazkide eta lagun guztiei. Hasteko, esaguzu, Patxo, nori bururatu zitzaion abesbatza sortzeko ideia eder hori. Ideia elkarteko Kultura saileko batzuei bururatu zitzaien. Jakina da bazkalondoan eta, kafe-kopekin batera- kantari hasten garela denok; hori jakinda, norbaitek aireratu zuen galdera: "Zergatik ez dugu...?", eta besteak "zergatik ez?". Eta horrela hasi ginen. Ideia onartu eta jendea apuntatzen hasi zen. Behar zen, jakina, musika pittin bat zekien norbait, eta ni ttunttunero eta musikazale izanez gero, ba, zuzendari izendatu ninduten. Egin zenuen lehendabiziko gauza? Bueno, elkartu ginen 15 pertsona edo. Orduan banan-banan galdetu nien ea zertarako apuntatu eta etorri ziren, ea zer nahi zuten. Denek era berean erantzun zuten (genuen): euskal abestiak berreskuratu nahi genituela, kantak ikasi eta, bide batez, kantatzen ikasi talde modura, ez baita gauza bera bakoitzak bere gisa kantatzea edo taldean kantatzea. Ez dakit errepertorioa esatea gehiegitxo esatea ote den, baina zer nolako abesti kantatzen dituzue? Galdetu nien jendeari zer kanta-mota nahi zuten, zer kantatu nahi genuen. "Euskal kantak", izan zen erantzuna; beraz, 15 bat kanten zerrenda egin genuen eta horrela hasi ginen. Kontuan hartuta jendeak musika ez dakiela, bide mantsoa egin behar da: letra ikasi eta kantatzen hasi, ez oihukatzen, ordurarte bezala. Bi hilabete pasatu ondoren, bi ahotsetara kantatzen hasi ginen. Hasieran, ezer gutxi ateratzen zen ongi, esan nahi dut-, baina pixkanaka-pixkanaka koroa funtzionatzen hasi zen... eta, kontxo!, jendea pozik eta kontent gelditu zen; hortik aurrera, kanta guztiak bi ahotsetara egiten ditugu. Badakit erantzuna, baina neskek eta mutilek osatzen dute abesbatza, ezta? Halaxe da: 6 mutil eta 9 neska gaude koroan. Beti bezala, neskak mutilak baino gehiago. Zenbat entseiu izaten dituzue astean? Momentuz, astean behin. Jendea lanean dabil, askotan ezin da etorri..., badakizu, betikoa. Gainera, mus-txapelketak ere eten egin du ohiko martxa eta berriro martxoan-edo hasi beharko dugu. Hoberena... koroan dagoen giroa da, ederki pasatzen dugu eta horrek asko balio du, inportantea da oso. Normalean, baso batzuen inguruan bildu eta kantatzen dugu. Eta egun batean esan nien: "Jarri zutik eta kontzertuan bagina bezala kantatu behar dugu". Serio hartu zen kontua... eta baita primeran atera ere; horrek gehiago animatu zuen jendea. Zer kanta dituzue errepertorioan? Une honetan gauza gutxi eta denak, kantu zaharrak. Hor daude, Salamankara, Goizian argia hastian, Hator, hator mutil, Xalbadorren heriotzean... Batzuk zail samarrak dira, tesitura altukoak, baina ateratzen ditugu. Sei edo zazpi erabat menpean ditugu. Lertxundiren kanta ezagun horiekin ez zarete sartu? Horiek ere zerrendan dauzkagu; momentuz, zerrendan. Baina Nire herriko neskatxa maite eta Baldorba-rekin edozein momentutan sartuko gara. (Korrespontsal honek San Blas abesbatzatik lapurtu eta emanen dizkio bi kanta horien partiturak). Kantatu duzue jendaurrean? Elkartean kantatzea jendaurrean kantatzea da? Ba, orduan, bitan edo abestu dugu elkartean, eta ongi, gainera. Zer behar da koroan sartzeko? Gogoa, ilusioa eta, ahal bada, gutxi desafinatzea. ("Ez da gutxi"; hau nirea da). Zerbait gehiago bukatzeko? Bueno, abesbatzaren helburuak garbi dauzkagu: elkartu, elkarrekin kantatu eta ongi pasatu. Euskal kantak dira gure oinarria, baina seguru noizbait habanera edo rantxeraren bat ere sartuko dugula errepertorioan. Kontua da gustura egotea eta afaritan kantatzen hasten garenean ez kantatzea lehen letra eta gero "la, la, la..."rekin jarraitu. Eta hau (eta gehiago) izan zen Patxok kontatu ziona aldizkari honi. Abesbatza martxan dago. Animo, bada, barruan zaudetenei eta segi bide horretatik. Animo ere beste guztiei eta ea koroan sartzera animatzen zareten. Non, hor baino hobeki eta gusturago? Ea edozein egunetan "Axular orfeoia" egiten duzuen. Aupa!!! Esker mila, Patxo, zure hitzengatik eta, batez ere, egiten ari zaren lanagatik. Nahi duzun eta nahi duzuenerako, hemen duzue lagun bat eta aldizkari bat. Izan ongi. |
|
|
|