.KARRIKAGOITI: PEÑA BERRIA BURLATAN
Testua: Verónica Ferreira Pinto

Una nueva peña ha surgido en Burlata: KARRIKAGOITI. Su objetivo: potenciar la oferta cultural en Burlata para hacer un pueblo más movido y activo. Felicidades a los miembros y ánimo en la empresa. Burlata necesita de todos para que la vida cultural y asociativa haga un pueblo vivo y participativo

 

 

 

 

 

 

 

 

Herri batean Peñek badute oso paper garrantzitsua bizitza kulturalean. Seguru aski ospetsuena den irudia pankartarena da, herriko jaietako seinalea baita. Dakizuenez, Burlatan badira bi oso ohitura luzekoak, Aldabea eta Euskal Herria, eta orain dela gutxi…hirugarrena: KARRIKAGOITI. Ale honetan Esparza anaiekin -German eta Hektorrekin- hitz egin dugu, elkarte berri honi buruz kontuak jakinarazteko. German Karrikagoiti Peñaren lehendakaria da eta Hektor Kultur batzordeko arduraduna.

Horrelako egitasmoak antolakun- tza eta guztien adostasuna behar du, baina, nola sortu zen peña honen ideia?

Gure kasuan, guk bageneukan etxabe bat, Korreosen ondoan, orain dela 13 urte eta uste genuen hobetzeko ordua zela. Orduan hitz egin genuen beste etxabe batekoekin eta bi burlatar koadrilekin. Modu honetan sortu zen gure peña: antolakuntza gehiago nahi genuen eta bilerak egin genituen egoera baloratzeko. Peñako izaera eman genion, elkarte gastronomikoaren ordez, horrela konpromiso handiago hartzen genuen herriko ekintza eta aktibitate kulturaletan parte hartzeko. Etxabeetan aritzen zarenean boladaren arabera, batzuetan aktibitateak prestatu egiten dira, baina azkenean etxabea egoteko eta zerbait hartzeko erabiltzen duzu, besterik ez.

Peña izateak ez gaitu ezertara behartzen, baina ateak irekitzen ditu: orain dela hilabete batzuk Kultur Patronatuak antolatzen dituen bileretara joaten gara eta modu honen bidez Burlatako beste erakundeekin elkartzen gara.

Oraindik kanpoan errotuluak ez daude, beraz kalean ez da nabaritzen hau hemen dagoela. Hau oso denbora gutxi martxan ari zareten seinale al da?

Beno, lokala justu-justu 2005eko jaietarako ireki genuen eta harrezkero gu geu antolatzen saiatzen gara, ez pentsa, peña berria muntatzea nahiko zaila eta konplexua da. Honetaz gain, gure artean ezagunak ez ginen eta beno, ez dakizu nola izanen diren harremanak… Errotuluak paratzeko egitasmoa bada, baina poliki-poliki egin behar ditugu gauzak. Oso obra txikia egin dugu egoitzan, lehen taberna zelako. Hori abantaila handia zen, baina, noski, altzariak ere kobratu egin digute. Momentuz, komunak elbarrientzako egokitu ditugu. Eta, adibidez, sukaldea guztiz aldatu behar dugu, oso zaharra dagoelako. Hori egin arte erabiltzen dugu, baina aldatzeko asmoa bada.

Izena oso egokia dirudi, dagoen lekua adierazten du. Nondik atera zenuten?

Izena behin-behinekotzat hartu genuen hasieran. Izena aukeratzeko asko pentsatu behar da eta ez da erraza. Norbaitek iradoki zuen eta bozkatu egin genuen. Baietz atera zen, eta pentsatu genuen uzteko momentuz. Baina egia esateko horrela gelditu da, horrela deitzen dugulako eta gainera gustukoa dugulako. Ondo islatzen du non dagoen: hemen goian eta beste lekuetako aparte.

Lokala ez da oso handia, beraz, zenbat bazkide dago Karrikagoitin?

Gaur egun 47 bazkide gara eta horrekin ekonomikoki bizi ahal gara. Sartzeko aukera bada, baina ez da gure helburua. Gehienez 80 bazkide izan gaitezke estatutuen arabera. Topea jarri genuen lokala txikia delako, eta sar daiteke- beste elkarteetan egiten den prozesua gainditu eta gero- baina ez dugu horretan interes handirik.

Esan duzuenaren arabera, peña egin zenuten jarduera kulturaletan parte hartzeko. Nola antolatzen duzue hori?

Momentuz Karrikagoitin bakarrik bi batzorde dira: Zuzendaritza batzordea eta Kultur batzordea. guk uste dugu oinarrizkoa dela kargu hauek birakorrak izatea, bestela neka-neka eginda bukatzen da eta nazkatua ere bai. Zuzendaritza batzordean edozein elkartetan dauden karguak dauzkagu: lehendakaria, diruzaina, idazkaria… Kultur batzordean ekintza kulturalak prestatu nahi ditugu. Horretaz aparte badugu Mendi Taldea muntatzeko proiektua: badira bazkide batzuk oso mendigoizaleak direnak eta hemen, egoitzan, Mendi Taldea egin nahi dute. Orain arte prestaturiko jarduerak gure barnean egoteko izan dira: pintxazo eta pilota txapelketak, mendira ateraldiak…poliki-poliki goaz.

Seguru aski Burlatan peñen presentzia gehien nabaritzen denean Burlatako jaietan da, zerbait pentsatu duzue horietarako?

Iaz gure lehenengoak izan ziren eta indarrez hasi ginen: beisbol eta pilota txapelketa irabazi genituen… eta dena azken ordua egina!! Lokala ireki genuen hainbat elkartek egiten duen bezala eta herri bazkaria antolatu genuen, besterik ez. Baina aurten gauza samar egin nahi ditugu. Baina ez dugu bakarrik Burlatako jaietan agertu nahi, baita Inauterietan eta Burlatako Jai Txikietan ere. Oraindik gure peñaren eguna noiz izanen den erabaki behar dugu… batez ere originalak izan nahi dugu. Esan dezakegu Karrikagoiti peñaren jaietarako jantzia oso originala izanen dela, bestela… ikusiko duzue!