.KOX, KOX, KOX! Santa Ageda ilunabarra, lurra iratzarri genuenekoa
Testua: Ziriopot
Hona hemen Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, Euskal Herriko leku anitzetan kantatzen den abestiaren bertso batzuk

Zorion etxe hontako denoi,
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

Burlatan ere, nola ez, hantxe atera ginen otsailaren 4an. Arratsaldeko 8etan udaletxe plazan mordoxka bildu ginen. Baserritar jantzietan ttikienak, makilak hartuta eta arropa dezente soinean gehienak. Hura hotza bota zuena! Hura frexkura izan genuena!

8etan atera eta kalez-kalez ibili ginen bederatzi eta erdiak arte. Kantuan kaleetan eta plazetan barrena. Batean bi bertso, bestean beste bi, bukaeran oihuak zerura. Ederki eman genuen ilunabarra. Haurrek ere dezente zekiten abestiaren letra eta tira, haur eta heldu, heldu eta ttiki, hantxe aritu ginen zintzurrari lan polita ematen.

Abestu ezezik, beste langitzan ere ibili ginen Euskal Herria osoan egun seinalatu horretan: lurra iratzarrarazten, izan ere, gure makilekin lurrean jotzen baikenuen kantuan ari ginen bitartean.

KOX, KOX jotzen genuen lurrean. Lurra iratzarri al zen? Konturatu al zen berriro ziklo osoa hastear dagoela? Horixe zen bada, gure asmoa, ez dakit lortu genuenentz. Erantzuna azkar jakinen dugu: udaberria loratzen bada, seinale lurrak betiko zurrunbiloari ekinen diola, bai horixe!

 

Eskerrak gu atera ginela, bestela ...