.Mandatua
Testua: Angel Erro

Hura eskatu zidaten egunean poz handia hartu nuen, ez nuen oso ongi ulertzen zergatik aukeratu ninduten, ni baino jende merezidunagoa dagoelarik, bai eta ospetsu eta prestigiotsuagoa ere, buruan ibili nuen, egia esatera, hori guztia oker bat baino ez zelako ideia, baina hura guztia oker bat izanez gero, ez nintzateke ni hortik aterako nituzkeena. Hura eskatu zioten egunean poz handia hartu zuen. Gerora, telefonoa ezinbestean eskegita zegoenean, zer nolako atakan paratua zuten hasi zen ohartzen, baina, oraindik ere, pozik zegoen, hura egiteko enkarguagatik bera baino jende askoz ere merezidunagoa dagoelarik, bere golkora esan zuen, eta beharbada egia zen. Argitaletxe multinazional horren ordezkari adeitsuak den-dena azaldu zion euskal idazleari zehatz-mehatz, ideia ona zen, ausarta, bai arriskutsua ere, baina ideia on guztien ontasuna, anitzen aburuz, haien arriskuan datza, eta ideia, editore horrek kontatu bezalakoa bazen, abentura bat zen, edozein idazle jakingura erakartzeko modukoa. Eta euskal idazlea erakarri zuen.
Egile askoren ekarpena izanen lukeen liburu baten kapitulu bat egitea zen bere eginbeharra, onartuz gero, esan zion multinazionalekoak, halako moldez, non idazleak ordura arte idatzitako guztia jasoko zuen etxean eta jarraipena egin beharko luke hilabete baten epean, hori, beti ere, jakin gaberik zein den ondorengo idazlea, bien arteko inolako

 

akordiora heldu ezin ahal izateko, aurrekoak egin beharreko lana mugatuko zuen, eta ondorengoari ere mugarazi behar, zenbaitetan estutuz, eta arazotan paratuz, hortik salbu atera dadin eta ondorengoari berak ere arazotan paratzeko. Zalantza egin zuen euskal idazleak, dibertigarria bai, baina zaila ere ikusten baitzuen. Baietz erran zezan eta bero zedin, esan zion, izenak ezin ditut aipatu, hori, sorpresa baita gure bazarik inportanteena, hori ulertuko didazu, baina, jakizu gurea bezalako enpresa batek honelako itsaso ezagun-gabean sartzen bagara, ziur baikaude da, ez dugula huts eginen, orain arte hitz eman diguten guztiak lehen mailako idazleak dira, munduan arras ezagunak denak, herrialde bakoitzeko lehen luma hautatu dugu, eta guretzat ohorea da onartu egin dutela, ez guztiek, baina ia-ia guztiek. Euskal idazlea ohartu zen bera hizkuntza gutxituen ordezkaria zela konpartsa horretan. Eta, zer galdurik ez zeukanez, baietz esatea deliberatu zuen, baina lehenagotik galdegin zuen zenbat libera eramanen lukeen, eta erantzun harekin are seguruago baietz esan. Eginen zukeela. Eta itxaron behar izan zuen, pakete bat igorri zioten arte, non baitzeuden ordura arteko nobelako kapituluak. Urduri atera zituen, irakurtzeko irrikan, kapitulu bakoitza modu elebidunean zegoen, idazlearen jatorrizko hizkuntzaz eta euskaraz, hori bai laketasuna, jatorrizkoa irakurri izan zituenetan ez zuen euskarazko itzulpena erabili, bai ordea, japoniera, alemanera eta arabierazkoak ulertu ahal izateko. Urduri atera zituen, eta urduriago hasi zen irakurtzen. Eta irakurtzeak ez zuen ezta pitin bat ere mantsotu.

En un lugar de la Mancha, de cuyo nombre no quiero acordarme, no ha mucho que vivía un hidalgo de los de lanza en astillero, adarga antigua, rocín flaco y galgo corredor... Eta hala kapituluaren bururaino. Txantxa behar zuen. Sinatu Miguel de Cervantes Saavedrak, eta postdata moduan ohar bat, egile berarena, Cordialmente deseo a aquel que a esta empresa ha de darle continuación o fin, que trate bien este abigarrado y advenedizo hijo del entendimiento m’o que le entrego, que como suyo lo reciba y trate, y mejor fama y gloria le di que la que mi torpe ingenio ofrecerle sabría. Txantxa bat izan behar zuen.

Segidan eta hurrengo kapituluak (zazpi) irakurri gabe, nork sinatzen zituen begiratu zuen, eta, ez hain sorpresa handiz, ikusi ahal izan zuen Victor Hugo, Goethe, Dante... omen zirela egileak, izen ospetsu horien artean bat ez zitzaion berehala ezaguna egin, Bernardo Soares, O livro do desassossegoren egilea zela erreparatu zion arte, Pessoa alegia. Zer bidali behar zien? Axularren Gero? Zer bidali behar diet? Axularren Gero? Angel Erro