| .Eta handik gutxira, gaur · Eider Rodriguez |
|
TTestua:
Ines Buenetxea
|
||
|
|
Eta handik gutxira, gaur izenburuarekin argitaratu zuen 2004. urtean Eider Rodriguezek bere lehen eleberria, eta oraingoz, hauxe du kaleratutako aurreneko liburua. Bertan 16 ixtorio biltzen ditu, hasiera batean, beraien artean ezer ikustekorik ez dutela eman arren azkenerako kontaketak hari berdinarekin ehotuta daudela argi antzeman daitekeelarik, hasieratik hala izan bailitzan: kontraesana badirudi ere, denboraren iragangaiztasuna dakarte aditzera liburuan zehar azalduz doazen pertsonai desberdin bezain paregabeek; Eiderrek helerazi nahi diguna, ezer ez litzatekeela berdin, gu geu ez gi–atekeela garena garela, denboraren joan-etorria eta bere urrats ezabaezinarengatik ez balitz; alegia, gertakari eta gertakizun, bizipen, lorpen eta etsipen, kirioak dantzan iragandako une, negar eta irripar egin eta eragindako jardun bakoitz eta ororekin idatzita dagoela gizaki bakoitzaren historia, batzuontzat betirako orbain deseroso eta malapartatu, besteontzat harrotasunezko ispilu; beti ere, eta nahita ere, ukaezinezko bidai lagun eta geure buruaren itzal. Eta handik gutxira, gaur, izan zitekeen atzo edo bihar, izan zitekeen beti edo inoiz ez, izan ere orainak ez bait du zentzurik ezpada iraganetik datorrelako eta etorkizunera irteten duelako uneoro; ez du sekula eteten eta horregatik, etorkizuna beti dago iraganarekin baldintzatuta, nahiz eta zuk zeuk jazotakoak ahaztu nahi izan, bizitakoek gogoratzen zaituzte zeu. Touchˇ, berriro ere! Lege fisiko, edo hobeto esanda, metafisiko bat dirudi, eta agian heziketaz zientzien alorrari nagokiolako, sinesten dut neuk ere horretan, Sarrionaindiaren ustetan mamuak omen diren horietan; edonola ere, ele desberdinak denborarekiko menpekotasuna eta bere ahaltasun zapaltzailea ekiditzearen giza ezintasuna adierazteko. Eta guzti hau idazten ari naizela berriro ere datorkit nere amona burura; badira urte batzuk betiko joan zela, baina ordea, jakin badakidan arren hala izan beharra daukala beti, oraindik ere ezin dut ulertu zergatik; berarengatik ikasi bait dut dakidan guztia, berari zor bait diot naizena naizela, eta igaro den egun bakoitzak berak eta etortzear dagoen hurrenak ekartzen didate gogora ez nintekeela ni neu neure amonaren iloba ez banintzake. Egia esatera, Eiderrek jorratutako lanak harrapatu egin nau nondik gatozen eta nora goazen leloaren inguruan darabilen hausnarketa honetan. Agian transzendentalegia gai sakonetan murgiltzea bildur direnentzat, ixtorio batzuetan gogoetak berak bait dira ipuina mamitzen dutenak eta beraz haria galtzeko arriskua sor baitliteke, baldin eta irakurlea mamuak antzematen iaioegia ezpada; gogoeta hutsaletan burua galtzearen zaleentzat, berriz, aukera ezin hobea. Edonola ere neri idazlana bikaina iruditu zait, bai idazkeraren dotoretasunagatik eta baita edukia garatzeko baliabideen erabileraren orijinaltasunagatik, non errealitatea eta fikzioa, hitz eta pentsamenen arteko jolasak maisutasunez aurkezten bait dituen. Doakiola hemendik nere bostekoa. |
|