Euskal Herria anitza
dela denok dakigu, parajeen aldetik, klimaren aldetik eta, noski, euskalkien
aldetik ere. Gure modu apalean, Karrikirikideok egitasmo hau abian jarri
dugu Euskal Herriko txoko polit eta ez hain ezezagunak ezagutarazteko.
Antolaketan aritzen garenok ondorengo urratsak ematen ditugu:
1- Tokia aukeratu.
Bakoitzak bere aldetik ikerketa lantxoa egin ondoren, proposamena ekartzen
du, eta bileran onartzen dugu.
2- Autobusa kontratatzen
da, prezioa kalkulatu ahal izateko.
3- Toki horretan
ikusi beharreko tokien zerrenda egin, aukeratu eta gidak lortzen ditugu.
Kalkulatzen dugu sarreren prezioak zeintzuk izango diren, eta merketzen
dizkigute taldean joateagatik.
4- Kontua borobildua
dagoenean, Euskal Herria Irratian eta gure aldizkarian, Karrikan, besteak
beste, ateratzen dugu informazioa; kartelak jartzen ditugu zenbait tokitan
eta bazkideei posta elektronikoz bidaltzen diegu informazioa.
5- Saiatzen gara
tokian tokiko euskara elkarteekin harremanetan jartzen, euskalkiak ezagutu,
eta Euskal Herrian euskaraz aritzen den jendea ezagutzeko.
Egitasmoaren beste
atal bat Euskal Kultura sustatzearena da, eta Iruñerritik kanpo
antolatzen diren antzerki, kontzertu, poesia emanaldi edo beste ekintza
kultural batzuetarako ere autobusa antolatzen dugu.
Une honetan
eskuartean dugun txangoa Gasteizerako da. Santa Maria katedrala ikusi
eta Gasteiztik osteratxoa egingo dugu. Asmoa dugu han bazkaria egin eta
arratsalde iluntze partean itzultzeko. Karribus hau azaroaren 26rako antolatu
dugu.
Orain arte antolatu ditugunak hauexek dira: Mirandaola parkera, Legazpin;
Bilboko Arte Ederretako Museora eta hiria bera ezagutzera; eta Fermin
Muguruzaren kontzertura, BEC-en. Izenburuan esan bezala, aukera paregabea:
euskaraz mintzatu, euskal kulturaz gozatu eta harremanak euskaraz sendotu.
Ez dago gaizki!
|