.Patxi Salaberri

 

Testua: Verónica Ferreira Pinto

Euskaltzaina eta NUP-eko irakaslea: "Konzientzia sendoa ez baduzu normala da erdaraz hitz egitea"

2005eko abenduan izendatu zuten Euskaltzain oso eta berriki hartu du kargua. Iparraldekoa ez den lehen Euskaltzain nafarra dugu. Euskaldun berria. Euskara ikasle askorendako begiratu beharreko ispilu.

Uxueko Euskaltzaina zaitugu. XVII-XIX. Mendetan galdu zen euskera bertan. Zuk noiz eta nola ikasi zenuen euskeraz?

Uxuekoa naiz, bai, baina ttikitan ekarri ninduten Iruñera. Hemen auzo euskaldu batzuk izan genituen, Basaburukoak, eta orduan hasi zen nire harremana euskerarekin. Toponimiaren bitartez ere bai. Euskarazkoak izen arraroak ziren erdaldun batendako. Abizenak euskaldunak ditut, Salaberri eta Zaratiegi. Zergatik abizen horiek? Nondik? Eta hor egon zen pizgarria.

Hortik Euskaltzain izatera jauzi handia dago. Zein izan da prozesua?

Jauzi eta urte asko dago, bai. Lehenbiziko gauza euskaraz ikastea izan zen. 15 urterekin hasi nintzen. 74. urtea zen.

 

Franco hiltzeko zegoen, eta bere heriotzaren ondotik euforialdi bat bizi izan zen, baita euskerarekin ere. Oso motibaturik nengoen eta aski azkar ikasi nuen. Motibazio integratzailea deitzen zaio horri. Irakasle behar handia zegoen garai hartan eta ikasten hasi eta urtebetera eskolak ematen hasi nintzen. Ikasten jarraitzen nuen, baina eskolak ematen hasi nintzen. Klase emateko gehiago ikasi behar duzu eta klase ematearekin ere ikasten da, beraz, dena kate bat izan da.

Ta harremana Euskaltzaindiarekin, noiztik?

86an onomastika biltzar batean izan nintzen Gasteizen. Jimeno Jurioren bitartez, urte bat geroago, Onomastika Batzordean sartu nintzen. 1996an Euskaltzain Urgazle izendatu ninduten eta 2005eko abenduan Euskaltzain oso.

Izendapenak zer suposatu du zuretzat?

Jauzia izan da. Urgazlea izatea ez da horren nabarmena. Batzordean zaude, laguntzen duzu, hori baita urgazle izatearen funtsa, baina ez duzu horrenbesteko erantzunkizunik Euskaltzain oso zarenean erantzunkizun hori handitzen da eta neurri bateko botere linguistikoa duzu. Osoko bilkueretan erabakiak hartu behar dira eta bertan botoa ematea egokitzen zaigu. Hori erantzunkizuna da. Denbora gutxi pasa da izendatu nindutenetik eta oraindik ere pixka bat kikilduta bezala nago.

Eta izendapenak zer suposatu du Euskaltzain- diarentzat?

Zerbait atipikoa da. Orain arte ez da Tafallatik beiheitiko Euskaltzainik izan, nik dakidala. Horrek esan nahi du euskaldunak ez daudela soilik Leitzan, Iturenen edo Baztanen. Toki gehiagotan ere badira. Espero dut hemendik aurrera horrelako kasu gehiago izatea eta izanen dira, eremu ez euskaldunean ari diren ikastolen lanari esker.

Topiko bat. Euskaltzainak serio eta asper- garriak dira. Egia al da?

Euskaltzaindian beti izan da apez asko. Apezak berez ez dira iraultzaileak. Orain gero eta guttiago daude. Agian erakunde tradizionala izan da, baina ez dut uste orain dagoen jendea horrelakoa denik. Ez behintzat hitzaren zentzu txarrean. Guk lantzen ditugun gaiak kanpoko jendearendako aspergarriak izan daitezke. Semeak lanbidez txapista naizela esaten dit, izugarrizko txapak sartzen ditudalako. Ikasleek berdintsu pentsatuko dute. Baina lanetik kanpo jende umoretsua bada, ez pentsa.

Euskaltzaindiari egin zaion beste kritika bat, gizartearengandik urrun egotea.

Nik esanen nuke lotura badela. Orain jende berri franko sartzen ari da, Atxaga bera. Idazlea da, oso ezaguna. Gizartearekin harremanean izatea ez dakit zer den zehazki. Espainiako Akademia gizartearekin harremanetan ba al dago? Badakidana zera da: hartzen diren erabakiak gero eta zuzenagoak dira, datu gehiago baititugu. Transizio garaian eta ondorengo urteetan erabaki asko hartu behar izan ziren, hausnartzeko denbora gehiegirik gabe, askotan. Hor agian desfase bat egon zen. Edozein modutan gu gizartean gaude eta jendearekin harremanetan gaude.

Gaia aldatuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle zara. Zorrotz fama omen duzu.

Batzuek izena eta besteek izana. Badakizu zer geratzen den? Nik irakasle izanen direnei ematen diet. Bizitza guztian euskaraz ikasi dute baina egoera soziolinguistikoa tarteko, besteak beste, klasetik kanpo gazteleraz aritzen dira. Horrek eragiten du behar bezain ongi ez hitzegitea. Nik lehen ahozko azterketa egiten nien eta notaren zati garrantzizko bat izaten zen hori. Gehien-gehienek maila kaxkarra zuten. Eskolak emateko maila hobea behar da, eta alde horretatik zorrotz antza jokatzen nuen. Gaur egun ahozko azterke- tarik ez diet egiten eta bestelako azterketak ez dira batere zailak.

Azkenaldian dagoen kezka handienetakoa. D ereduan inoiz baino ikasle gehiago, baina aitzitik, inoiz baino hiztun gutxiago.

Arazo latza da hori. Askok badakite baina gero ez dute hitz egiten. Arazo soziolinguistikoa da, ez bakarrik pertsonala. Norbaitek euskeraz bizitzeko borondatea sendoa badu, horrek lortuko du. Kostata baina lortuko du. Konzientzia hori ez baduzu zaila da, adibidez, Iru–ean eta Iruñerrian euskera sobera aditzen ez delako. Zaila da gurpil-zoro hori haustea. Jendeak hizkuntza formala ikasten du eskolan, baina hizkuntza ez formala eskolatik kanpo ikasten da, gizartean, familian, lagunen artean,... eta normalean inguru horietan erderaz egiten da. Konzientzia sendoa ez baduzu, normala da errezera jotzea, hau da, erderaz mintzatzera jotzea. Eta lehen aipatu dugun kalitatea ere honekin lotuta dago.

Euskaltzain euskaldun berria zara. Zer esanen zenieke euskaraz ikasten ari direnei?

Eusteko. Ikas daiteke. Batzuei besteei baino gehiago kostatzen zaie. Normalean, egunean ordubete, bi ordu sartuta, borondate apur batekin erraz ikas daiteke. Denbora behar da. Urtebetean, bitan, hitzegiteko moduan jar daiteke ikaslea. Ez da zaila eta egin daiteke.