| .Nafar poesia eguna | |
|
Testua:
Axular Aldizkaria
|
|
|
Ekainaren bian Nafarroako 2. Poesia Kongresua egin zen Agoitzen. Iaz Iruñean ospatu zen (ospatu, besta deitu zutelako ordukoan aurten kongresua deitu dutena), eta heldu den urtean, antza denez, Lizarran izanen da hirugarrena. Eta badirudi baietz, hirugarren kongresua (sinposioa?) egiteko motiboak badaudela aurtengoaren kontsolidazioa ikusita. ASPALDIKU elkarte sortu berriak antolatu du. ASPALDIKU euskal izenaren atzean elkartearen erdal izen bat dago, Asociación Para La DIfusión de la Cultura, eta bi hizkuntzek, hola matxienbraturik, aditzera ematen dute elkartearen espiritu integratzailea. Nafarroan, literaturaren, eta zehazkiago poesiaren, arloan, erdaldunek eta euskaldunek elkarri bizkarra emanda bizi izan gara luzaro. Euskal idazleek anitzetan ez dakigu erdal munduan zer egosten den, eta zer esana erdal idazleek euskaldunekiko duten ezaxolatasunaz? Kongresu hau ez da sendabidea, baina bai pausutxo bat. Eta batez ere guztiok elkartzen gaituen zaletasunak bilduta, Poesiak. |
|
|
.
|
|
|
Bazkaria Agoitzko Errota jatetxean egin zen. Hor luzatu ginen, bazkalostean euskaldunok, euskal kantu herrikoi beti eraginkorren bitartez (hegoak ebaki banizkio), erdaldunak seduzitzeko saiakera egin genuen, eta, termino kanoroetan bederen, huts egin. Edozein modutan, kultur etxera itzuli ginen arratsaldeko ekitaldia burutzera. Guztiok, horra hurbildutako guztiok, poema bat denon aurrean errezitatzeko aukera genuen, irakurraldi publikoan. Ez dut uste inor gelditu zenik berea irakurri gabe. Oker ez banago, hasi, Jesœs Mun‡rriz hasi zen, Leonor Borboiko andere jaio berriari zuzendutako poema luze eta nire ustez ironia gutxiegiko batekin. Bigarrenik, Etxezaharreta bigarren gonbidatuak ekin zion poema bat irakurtzeari, Machadoren Campos de Castilla-ko bertso lerro batean inspiraturiko poema. Ondoren, besteok, zahar zein gazte, erdaraz zein euskaraz, folio tolestuetatik zein liburuetatik, irakasle zein dizipulu, irakurri genuen irakurri beharrekoa. Gehigarria: errezitatzetik aski izan ez genuenok aukera izan genuen hurrengo egunean Iruñeko Liburu Azokak eskainitako karpan ere beste zerbait errezitatzeko, publiko askotariko eta gehiagorekin. Honekin batera jarri dudan argazkia, internetetik ebatsia, hain zuzen, bigarren errezitaldi honetako aurkezpena da. Bertan, hurrenez hurren, Josu Jiménez, Consuelo Allué eta José Luis Allo agertzen dira, Aspaldiku elkartearen kideak. |
|