..DURANGOKO AZOKAN
Testua: Anjel Erro
Durangoko Azokan erosle, paseatzaile, kuxkuxero, ardi galdu, feriante edo modu askotara joan daiteke. Baina nolabait joatea, Mekara bezala, polita da, urtero ez bada, bizitza osoan behin bederen. Iban Zalduak dioenez, batzuetan ahazten zaigu baina Durangokoa merkatu bat da, hots, salerosketa gune handi bat, zeinaren erlazioa literaturarekin nahikoa zeharkakoa baita, sari, kritika edo balnearioenaren antzekoa. Ez gara hasiko, dena den, Jesukristo Tenpluan bezala, gerrikoarekin inor zurratzen. Horren ordain, kamera digitala patrikan sartu eta Durangoko Azokan egosten dena erretratatzera abiatu zen erosle hau, paseatzaile eta kuxkuxero eta ardi galdu eta abar ere badena

Hamar terditan inor gutxi dabil Azoka barruko kaleetan zehar. Landako Gunera arteko bidean ere Durangok berak mortua dirudi, lixiba lurrina nonahi, urrutitik iristen garenok usaindu baino egiten ez dugun gaueko bestaren bestigioak dira. Goiztiarrek badute liburuak eta diskoak arakatzea ukondo kolpe eman, baina batez ere jaso, behar izan gabe.

Haur eta Gazte Literatura arloan aurten Euskadi Saria jasotako Miren Agur Meabe idazleak Egunkariaren aldeko orri bolandera bat banatzen eta dirua biltzen.
Stand batean Txillardegi. Horretaz bere saiakera berriaren aleak sinatzen ari zela entzun orduko, hara abiatu nintzen. Euskal Herriaren historia biziduna baita idazle hau. Ni iristerako, zorionez, oraindik ez ziren beraren aurrean ilarak luzeak osatu, eta argazki hau gertu xamarretik atera ahal nion.
Harkaitz Zubirik Zakur kale liburuan dedikatoria bat asmatzen, Susa argitaletxeko standean. Liburuak sinaraztea izaten da idazleen sofrikarioa, irakurleok mendeku hartzeko dugun modua.
Beste batzuek, berriz, etorri joria dute liburuak sinatzeko tenorean. Baleen berbaroa eta Sukar ustelaren urtea eleberrien ondoren Edorta Jimenezek trilogia burutzen du Azeria eta Lehoia honekin.
Bitxikeria bat. Joseba Sarrionandiaren Der gefrorene Mann nobela ere eskuratzen ahal zen Durangon, Lagun izoztuaren itzulpena. Alemanera ez jakinki, ez nuen liburu hori erosi.
Ingurura begiratu eta Azokako kaleak lepo daude. Hiru ordu igaro dira kasik konturatu gabe.