.Oinezko hiritarraren hamaika manamenduak

Testua: Anjel Erro

1- Ahal duzunean, oinez ibili. Horrek bereziki egiten zaitu oinezko hiritar. Edozein kausagatik ezinezkoa bazaizu, bizikletaz edo garraio publikoan ibil zaitezke, inolaz ere zure auto partikularrean, oinezkotasuna batez ere jendartean galtzean baitatza.

2 - Etxetik atera. Horretarako edozein aitzakia bila ezazu, sinesgarria izan ala ez, baita lanera joatea ere. Nahiz eta aukeran beste edozein hobetsi.

3 - Bide guztiek Erromara daramate. Hortaz, kontu handiz ibil zaitezte, batez ere hiri betierekoa jadanik ezagutzen baduzu, hartu duzun bideak hara ez eramateko. Munduan Erromaz gain badagoelako zer ikusi eder asko.

4 - Ibilaldia luzarazi. Bidaia delako inporta duena, eta ez hainbeste iristea. Sexuan gauza bera gertatzen omen da. Paseoa luzatzeko modu anitz daude. Batzuk oso zabalduak, erakusleihoen parean gelditzea, adibidez, barruan dagoena interesatzen zaigula antzeztuz. Antzezpena azken muturrera eramanda, dendaren barrura sartu ere egin gaitezke, eta are bertan zerbait erosi ere. Horrela egiten badugu, poltsek pisatuko digutelako bueltarako bidea luzaraziz. Adinak ematen duen jakinduriarekin ikasiko dituzu ibilaldia luzarazteko modu eraginkor gehiago, ekonomikoagoak, urratsa motelduz, zenbaitetan makila baten laguntzaz.

5 - Jantzi itzazu zapata erosoak.

6 - Ahalegindu zaitez zure ezagun eta lagunekin kasualitatez topatzen. Horretarako urteetako elkar ezagutza oso baliagarria izanen zaizu, haiek maiz egoten diren tokietara hurbildu ahal izateko.

 

7 - Maitasunerako leku aproposak bila itzazu. Parkeak oso prestigio handikoak dituzu. Neguan hobe duzu kafetegietara aterpetzea, Kupidok hotzetik hanka egiten duelako, zuk zeuk ere, erdi biluzik bazenbiltza, eginen zenukeen modura.

8 - Izan zaitez garbia eta ongi hezia. Ziudadean zaude, barkamena eska dezakezu, eskerrak eman, pilota umeei itzuli, goraintziak enkomendatu, eta dena lasai asko inork ez baitizu kargurik hartuko.

9 - Atera liburu bat zurekin paseatzera, maitasunik agertuko ez balitzaizu, denbora zertan pasa edukitzeko. Topatuko dituzun erdiek zer liburu daramazun jakin nahiko dutenez, ongi aukeratzen lehia zaitez, ondoko aldagaiak aintzat hartuta: ibiliko duzun auzoa, ordua, unean uneko modak, liburuaren hizkuntza, portada, tamaina, lodiera, autorea.

10 - Eraman beti, eguna bero sapak hartuta badago ere, txaketatxo bat, badaezpada, freskatuko balu. Ez balu freskatuko, eta komeni izatera, liburua ezkutatzeko erabil zenezake.

11 - Ezertan pentsatzen ez ibiltzea hoberena den arren, zenbait momentutan, aringarri modura, ariketa ezberdinetan entreteni gaitezke, hala nola, arkitekturaren edergarrietan ohartu, kalekoekin mikromaiteminduetan erori, e-pod-eko abestien letrak murmurikatu. Asperdura eramanezina denean, hausnarketa sakonak edukitzea komenigarria da.