| .Javier Tirapu jaunari, eskerronez | |
![]() |
|
|
Javier Tirapu zuen izena baina guretzat Pentagramix zen, horrelaxe sinatzen baitzituen bere lanak AXULAR ALDIZKARI honetan. Txapas zuen bigarren ezizena eta horrela zen ezagun San Blas abesbatzan eta Zubiarte Euskaltegian. Txapas edo Pentagramix, biak pertsona zoragarri baten nolakotasuna adierazten zuten. Beti lanerako prest zegoena, txiroekin hasieran, euskal kulturarekin geroxeago, euskara, musika, kantua ... Hagitz kontent hartu izan ditugu gurean idazten zituen artikuluak eta testuak, guztiak musika zuten gai nagusia. Euskal kantak gehienak eta azterketa pollita egiten zuen ale bakoitzean. Gurekin 2003ko udan hasi zen lanean, "Basoillarrak" izeneko kantari buruz idatzi zuen Axular 25 zenbakiko 29. orrialdean; 26. alean "Bereterretxeren kanthoria" hartu zen hizpide; 27. zenbakian Hilarion Eslavari egiten zaion Musika Astearen kronika egin zuen. Erromantzeak eta koplak aztertu zituen 28. alean; 29 eta 30. zenbakietan haur kantak aintzat hartu eta errepaso ederra eman zien euskal tradizioari. Hogeita bat zenbakia zeraman alean Gabon kantak aztertu zituen, baita 35 eta 39 aleetan ere. 32, 33 eta 34 aleetan galdera bati erantzuten saiatu zen: "Gure kantak euskal kantak ote?", hiru ataletan: erlijio musika, musika profanoa eta bestelako kantak aztertu zituen. 36. alean erreportari lanak egin zituen eta Axular elkarteko abesbatzari elkarrizketa egin zion. Benito Lertxundiren Baldorba kanta aztertu zuen 37. zenbakian, ederki egin ere, benetan irakurtzea merezi duen artikulua idatzi zuen, sentimendu handiz eta hagitz tonu poetikoan. Gonbitea luzatzen dizuet 37. alea hartu eta 32. orrialdea irakur dezazuen, gozatu eginen duzue, ez izan zalantzarik. Aita Donostiari eskaini zion 38. alean idatzi zuen artikulua "Venerabilis barba capucinorum" izenekoa, hain zuzen. 2007ko udaberrian, Hilarion Esla-varen bizitza kontatu zigun bi orrialdeetan, 30-31 orrialdeetan, hain zuzen. Burlatako musikariaren bigarren mendeurrena ospatzen ari ginela bere bizitza hartu zuen aintzat gure aldizkariaren 40. zenbakian. 43. zenbaki honetan, bere omenez Hilarion Eslavaren bizitzaz idatzi zuen artikulua berriro karrikaratu nahi izan dugu. 41 eta 42. zenbakietan, 2007ko uda eta udazkenean pattalaldiak harrapatuta ez zuen idazteko aukerarik izan, baina 43. zenbaki honetarako bi lantxo egiteko asmoa zuen, lehena bukatu zuen, Aralarko lapurretak izenekoa, seigarren eta zazpigarren orrialdeetan duzuena, hain zuzen, bigarrena ez zuen bukatzerik izan, Nafarroako Abesbatzen inguruko kontuak zituena, hain juxtu. San Blas abesbatzako kide ere bazen Txapas, han makina bat lan egiten zuen: tenorea zen, aurkezle hainbat saiotan bai euskaraz eta gazteleraz, letra egile ere bazen: saltsero handia. Ez dugu inoiz atzenduko zure omenezko elizkizunetan abesbatzak eman zizun agurra. Nolako kantak! Nolako sentipen eta emozioa! Nabari zen han zu aintzat hartu eta maite zintuztela, bai horixe! Mila esker Txapas gurean egin duzun lanagatik, beti prest, beti fin. Zuk esaten zenuen bezala: ongi izan! Zaude ongi betirako! Axular aldizkariko eta San Blas Abesbatzako kideak | |
| .Aralarko Lapurretak | |
![]() |
Santutegiren baldin badago gaur egun bisitatua Euskal Herrian, hori, ezbai handirik gabe, Aralarko San Miguel da. Denok ezagutzen dugu, eta denok izan gara askotan haren itzalpean goxo-goxo, eta egun ederrak pasatu ditugu. Gai hau hain ezaguna denez, ez ditut aipatuko jakintzat ematen ditudan datuak San Miguelen inguruan. Halere, badago hainbeste daturen artean, bat bitxia eta hain ezaguna ez dena: bertan izandako lapurretak. Batzuk ezagunak, beste batzuk ez hainbeste. Ikus ditzagun, azaletik bada ere, sumindura eta tristezia baino ekartzen ez diguten gertaera hauek. 1800 Nahikoa ahaztua baldin bada jada, urte honetan izandako lapurreta da ezagunena agian. Historiak eta, batez ere, garai haietan zabaldu ziren kopla zaharrek (beherago duzue lagin bat) kontatzen digute nola 1800go maiatzaren 11n lapur batzuk sartu ziren santutegian eta ahal zuten guztia hartuta ihesari eman zioten. Lapurtutako gauzarik preziatuena, jakina, San Miguelen irudia izan zen, eta dudarik gabe, hau izan zen arrazoi nagusia inguruko jendea sumintzeko eta nahigabetzeko. Jendea, suak harturik, gaizkileen atzetik atera zen Šnor izan zirelako susmoa baitzuten-, eta, Larraun barna, Frantziako bidea harturik, Iparraldean harrapatu zituzten gaizkileak. |
|
Maiatzaren 27an exekutatu zituzten. Datu zehatz horiek sobera ezagunak ez badira, bai aski ezaguna dela historia horren hondarreko zatia: aingerua Iruñera sartzen denean, geldialdi bat egiten du Takonerako lorategian eta errespontsua errezatzen da lapur haien alde. Gero, La Meca-ko aingeruarekin elkartzen da eta, txistuen soinu alaiak lagundurik, katedraleko bidea hartzen dute. Beti bezala, gehien gozatzen duen taldea, eta aingeruak zaintzen duena -San Nikoas aldean gal ez daitezeniruindar "konpainia noble"ko jende andana izaten da. Badira tartean lapurreta gehiago, baina.esan bezela, bi ospetsuenak ekarriko ditugu gaurkoan gogora. Leitu (Ą) duzun aurreneko hori eta beste hurrengo hau. 1979 1979ko urriko 25-26 gauean, Eric "el belga" lapur sonatuaren agintepean, lapur talde batek burutu zuen lapurretarik ezagunena: esmaltezko erretaularena. Aurreko arrats hartan, zenbait lapur aitorlekuetan (confesarioetan) ezkutatu ziren, eta, gauean, banan-banan erretaulak zituen 39 piezak erauzi, atera zituzten bertatik. Lehendabiziko atsekabeak eta nahigabeak igaro ondoren, hasi ziren ohiko lanak: Vianako Printzearen txostenak, polizia bere lanetan (INTERPOL), eta ziurtzat eman zuten, bildutako datuen arabera, lapurrak mugaz bestalde zeudela. Aurreneko emaitzak 1981 martxoaren 5ean iritsi ziren: frantziar poliziak 20 pieza berreskuratu zituen Parisen.Tarteko batzuk harrapatu, eta piezak Nafarroako museora ekarri zituzten. Urte bereko uztaileren 11n lortu zen falta ziren piezak berreskuratzea, eta "clan de los marselleses" deituriko lapur taldeko kide zenbait atxilotu zituzten. Esmalteak, Espainiak Erroman duen enbaxadan entregatu ziren eta azaroaren 20an ailegatu ziren Madrila hiru maleta gorritan. Baina, denok dakigun bezala, ez zeuden pieza guztiak. Bi esmalte ŠApostolu bat eta Errege Mago bateta bi medailoi biribil falta ziren. Hurrengo hilabeteetan, Erik "belgiarra" harrapatu ondoren, pista guztiek Gante hirirantz daroate. Hor, falta zen Apostoluaren pieza lortu zen, eta geroago, Montpellieren, hondarreko Errege Magoa. Datu batzuk alde batera utzita, esan genezake goian azaldu dudanarekin amaitutzat eman dugula gure gaurko kronika txiki hau. (Norbaitek gauza gehiago jakin nahi badu gai honen gainean, jotzen ahal du gune honetara: www.aralar-excelsis.com/ ) Bukatzeko, hemen doakizue kopla zahar hauen bertsio bat, Jorge de Riezu aita kaputxinoaren Nafarroako Euskal-Kanta Zaharrak liburutik jasoa. Liburuan dioen bezala, berak ere aita Donostiaren bertsioa hartu du; aldi berean, azken honek Berueten jaso zuen kanta Sabina Oiartzunen ahotik, honek amona Juana Maria zenarengandik ikasia baitzuen. (Musika pittin bat badakizu, ikusiko duzu zein melodia atsegina den).
|