|


|
Burlatan, joan zen
azaroaren 20.eko gauean, Españako Poliziak zein Goardia Zibilak
burututako operazioan, herriko 6 gazte atxilotu zituzten. Bost egunez
inkomunikaturik eduki ondoren, torturatuak izan zirela salatu zuten. Azkenik,
haietatik 4 kartzelaratu zituzten, hauen artean AXULARko bazkidea den
Iñigo Gulina dugularik. Egun gutxi lehentxeago, "Amnesty International"
izeneko erakundeak, Españako Estatuan giza eskubideen gainean 2007.
urteari dagokion txostena jendartera atera zuen. Bertan, Estatuko polizi
erakunde guztiek inpunitate osoz torturatu egiten dutela berriz ere salatu
egiten dute. Elkarrizketa hon- etan, Iñigoren ama dugun M» Carmen
Tirapuk, egun haietan bera eta bere semeak bizi izanda- koaz mintzatu
zaigu.
2007ko azaroaren
20. ean, astelehenean, gaueko 12:00ak aldean eta bat-batean
Ordurako, Iñigo eta biok lotaratuak ginen eta, halako batean, izugarriz-
ko kolpe hotsak iratzarri ninduten. Etxeko ataritik zetozen kolpeak. Hura
zabaldu eta hantxe zeuden 20ren bat goar- dia zibil: batek seku-lako mailutzarra
eskuan zeukala eta gainontzekoak metrailetak. Ikuskizun ikaragarria zen
benetan. Etxeko atari ondoko eskaileratara aterarazi ninduten. Ez nekien
amets gaizto batek hartuta nengoen ala egiatan gertatzen ari zen. Baina,
aldi berean, nire semearen bila etorriak zirela eta bazeramatela, berehala
ohartu nintzen. Segidan zorabiatzen hasi eta lurrera zerraldo erori nintzen.
Orduan, goardia zibilak kezkatu ziren nonbait, eta Bideko Ama ospitalera
eraman ninduen anbulantzia deitu
zuten.
Handik aurrera
ez zenuen semea ikusi
Hala da. Ospitaletik berriz ere etxeratu eta hantxe aurkitu nuen ataria
matzakatuta, ia etxe guztia hankaz gora. Ondoren, senide batekin Iruñeko
Guarda Zibilaren komandantziara joan nintzen semearengatik galdetzera.
Hura inkomunikatuta zeukatela, eta ofiziozko abokatu batek lagunduko zuela,
horixe besterik ez zidaten esan. Gero ere, nire semeaz aparte zenbait
atxilotu gehiago bazirela iakin izan genuen. Orduan, hauen senideekin
hartu emana lortzen hasi nintzen.
Aurki bost egun
luzez inkomunikaturik egongo zirela-eta, beldurturik zeundeten torturatuko
zituztela. Zergatik halako beldurra?
Gure semeei gertatu bezala, lehendik ere izan dira atxilotu saila, noiznahi
gertatzen diren polizi operazioetan. 3 edo 5 egunez inkomunikatuta eduki
ondoren, ia guztiak torturatuak izan direla salatu dute.
Nola eusten zenion
zure gogoari halako egoera latzean egonda?
Zuk diozun bezalaxe, oso bizipen gogorra izan zen egun haietakoa. Tarteka
negar batean ere bizi nintzen semeari zer egiten ariko ote zitzaizkion
pentsatuz. Baina, aldi berean ere, iakin banekien oso argi ahal genuen
guztia egin behar genuela gure semeei inkomunikazioa ken ziezaieten, ahalik
eta azkarren epailearengana
eraman zitzaten.
"Defensor
del Pueblo" delakoarengana jo zenuten. Baita herriko alkatearengana
ere. Zerbait lortu al zenuten?
Batere ez. Lehendabiziko momentutik, gure semeen errugabetasun eskubidea
urratu egin zuten. Rubalcaba ministroaren salaketak, edota Ripa gobernuko
ordezkariarenak ziren orduan komunikabideetan agerrarazi zituzten egia
bakarrak. Baina guk, behin eta berriz zera esaten genuen: horren argi
baldin bazekiten gure semeak errudun zirela, zergatik ez zituzten zuzenean
epailearen aurrean deklaratzera eramaten, inkomunikaturik eduki beharrean?
"Defensor del Pueblo" delakoak, Mugica jaunak, eta haren ordezkariak
hemen Nafarroan, gure eskaerari honakoa erantzun zioten: jakin ez zekitela
gure semeen eskubideak inondik ere urratzen ariko zitzaizkienik. Guztiz
beste aldera, poliziek atxiloketak legeak agindu bezalaxe egin zituztela.
Eta herriko alkateak, bere aldetik, zera zioen: inkomunikazioaren gainean
ezin zuela ezer egin, legeak baimentzen zuen egoera zela hura eta errespetatu
beharra zegoela. Beraz, itxarotea besterik ez zegoela. "Zertarako
itxaron? Torturatuak izan direla egiaztatzeko? Poliziak nahi duena aitortu
dezaten arte?"-erantzun nion-. Nafarroan Españako Ordezkaria
den Ripa jaunari, gure semeen egoeragatik eta Madrilera eramanak ote zituzten
galdetzea izan zen egin zigun "mesede" bakarra. Gero ere, aste
horretan bertan izan zen udaleko osoko bilkuran, gure semeak askatzearen
aldeko eskaria atzera bota zuten.
Azkenean, zuen
beldurra egia bihurtu zen: gazteek torturatuak izan zirela salatu zuten.
Iñigori dagokionean, esango al zeniguke zer egin zioten?
Kartzelan sartu zutenetik lehendabiziko aurrez-aurreko bisita izan arte
ia bi hilabete geroago-, ez zigun hitz bakar bat ere esan egin ziotenaren
gainean. Orduan bota zuen nola buruan plastikozko poltsa jartzen zioten
itolarria eraginez; nola galarazten zioten loa argia behin eta berriz
piztuz eta itzaliz; nola behartzen zuten postura txarrean egotera, azkenean
erabat leher eginda lurrera
erori arte, bertatik zaku bat bezala jaso behar zutela
Goardia zibilek
egindako galderei nahi zuten erantzunik ez bazien ematen, orduan zaplaztekoka,
kolpeka hasten zitzaizkion. Horrela ikasarazi zioten epaileak gero egingo
zizkion galdera berdinei eman beharreko erantzunak. Pentsa ezazu, inkomunikaturik
zeraman 3. egunean-edo, Iñigok berak esan zien nahi zutena sinatuko
ziela bakean utz zezaten. Horixe da, hain zuzen ere, lortu nahi dutena
torturatzen: nork bere buruaren aurkako deklarazioa egitea. Gaur egun,
zoritxarrez, oraindik ere badago baten bat semearengatik galdetuta, hari
egindako torturak azaltzen dizkiodanean harritu egiten zaidana, halakorik
entzutea sinesgaitza-edo iruditzen zaiona.
Epaileak emandako
gartzelaratze ebazpenean, ez Iñigori ezta gainontzeko atxilotuei
noizbait edo nonbait buruturiko inongo ekintzagatik ez die salaketa zehatzik
egin. Hala ere, haiek gartzelaratzea agindu zuen... Polizia operazio honen
atzean azpikeri susmorik ba al daukazu?
Nire ustez, Gobernuan agintzen dauden politikoek
ez dute batere atsegin gure semeak bezalako jende gazteak. Zera esan nahi
dut: geldirik egoten ez direnak, konpromezu hartzen dutenak, gazte jendearen
arazoak eta herritarrarenak salatzen dabiltzanak. Gure semeek, izan zen
Gaztetxean sekulako lana egina zuten, kultur ekimen saila antolatu, gazte
jendearentzako etxebizitza eskuratu aldera eskubidearen aldarrikapena
zabaldu, lan egiten zuten entrepresetan sindikatuan aurrera eramandako
borroka,... Politikoei aurre aldea ederki hartua zieten, eta halako gazteak
ez omen dira komeni. Nahiago dute nonbait gazte jende apala, ardiak bezain
erabilgarriak, soka motzetik lotuta edukitzeko modukoak.
Hasieran,
Iñigo Madrilgo Erkidegoko Soto del Real-go kartzelan sartu zuten.
Duela gutxi berriz, Navalcarnero-ko kartzelara eraman dute. Hala ere,
Españako "Ley Penitenciaria" delakoak, presoak bere herritik
zein senideen-gandik ahalik eta hurbilen egon behar duela adierazten du...
Zer ondorio ekarri dizue egoera honek?
Alde batetik, kotxe istripu bat izatearen arrisku handia. Asteburuero
ia 1000 kilometro joan-etorrian egin beharra daukagu. Gainera, eguna oraindik
argitu gabe ateratzen gara, bisita hitz-ordua goizean goiz jartzen baitigute.
Honek dakarren diru gastuaz aparte, beste honakoa dago: Iñigok
behar dituen arropak, liburuak, kartzelan bertan erosi ahal izateko beharreko
sosa,...Pentsa ezazu nolako aldea izango litzatekeen Iruñeko kartzelan
baldin balego. Oraingo egoeraz senideok zigortzea besterik ez dute bilatzen.
Baita presoa bera ere, hura egonezin batean bizi baita gure joan-etorriek
dakartzaten arriskua dela-eta. Hala ere, Gobernuko agintariak oso oker
dabiltza gure semeak bazterrean utziko dugula uste baldin badute. Iñigo,
daramaten kartzelara daramatela, hara joango natzaio, nire maitasuna eta
berotasuna jaso ditzan.
Besterik aipatu
nahi al zenuke?
Nire eskerrik handienak eman nahi dizkiot elkartasuna adierazten didan
jende sailari. Askok galdetzen dit semearengatik eta hori guztia oso pozgarria
da benetan.
|