.Diskak
Testua: oscarbeorlegui@terra.es

apurtu arte

ETSAIAK (Baga-biga, 2008)

2001. urtean azken diskoa karrikaratu ondotik, hementxe ditugu berriro ere Etsaiak taldekoak CD gartsu bat besapean dakartela. Egungo plazan lan interesgarrienetakoa dena, hain juxtu. Potentziaz eta indarraz beteriko punk-core lan erabatekoa dugu hau. 14 lan ditu Apurtu gabe CDak, honekin, Lekeitioko talde honek hautsi egiten du 7 urteko isialdia, eta ez diote aukerarik ematen ez zahartzeari, ez adinari ez deusi. Aitzinera egiten baitute beti. Abiada, borazitatea, ez, hemen ez baita epelkeriarik onartzen. Beren jarraitzaileen tinpanoak birrinduko dituzten 14 kanta (3 gazteleraz, lehen aldiz) indartsu hauek, ez dira musikazale epelentzat, ez horixe! Jarraitzaileek gozatu dute, ongi gozatu ere: itzuli baitira, itxaroteak izan du zentzua

 

taupaden bidetik

KHOUS (Baga-biga, 2008)

Bidea urratzen ari da Khous, 11 lantxo hauetan gitarra tinkoak, gogorrak eta aldi berean, leunak, DJak sorturiko atmosfera bereziak aurkituko ditugu. 11 taupada berri, indartsuak, jaio berriaren erritmoaren lekuko. 2001ean sortu ziren Berriozarren, ixilik, inor konturatu gabe, eta 2005ean Euskadi Gazteko XV maketa saria eskuratu ondoren plazara irten ziren, irten eta ordutik beti gora, beti hobetze prozesuan. Hazi eta hazi ari dira.

Metala ulertzeko bi bide dituzte gazte hauek, bata, melodikoagoa izaten ahal dena, eta bestea, power-agoa, muturretara doana. Bietan berdin mugitzen dira musikari hauek, naturaltasunez, beti ere. Eta ez dute, ez, bertigoa zer den ezagutzen, ikasitakoaren bidetik doazenez hagitz barneratua dute darabilten musikera. Ematen du, ez gaude ziur, badakitela zer nahi duten eta zer espero duten. Emaiozu taldeari bere aukera, bai horixe!

 

S*K*A republik concert

SKALARIAK (Maldito Records, 2008)

CD bikoitza eta DVD bat du lan honek, eta bertan Skalariak taldeak hamar urteko historia biltzen du. Historia horretan 5 disko eta iraupen luzeko bideoa agertzen dira. Mundu guztia korritu dute Skalariek: Mexiko, Txile, Suitza, Alemanian makina bat sari jasoz, horren berri ematen du Guetto Rebelde dokumentalak, DVDan dagoenak, hain zuzen.

Kontzertu historiko horretan, 27 lan aurkitzen ahal dugu: Global musik, José República, Despídeme, Corazón Rebelde, Todos los hintxas, SKR, Jaia edota Sólo vivir lan klasikoak ere bertan daude, lasai egon daitezela jarraitzaile guztiak. Ezinbestekoa da pack hau: ezin dendan utzi, ematen ditigun sentsazio eta bibrazioak izugarriak baitira, kasik orgasmikoak. Ahhhhhhh!!!