.Bidaiariaren dekalogoa

Testua: Angel Erro

1 - Bidaiari ekin aurretik, ardura zaitez den-dena ongi antolatzeaz, maletak eginak edukitzeaz, txartelak hartzeaz, gasa eta argiak itzalita uzteaz (Willy Fogg-i gertatu zitzaiona ekiditeko), baina batez ere ardura zaitez bidaian sentituko dituzun sentsazioak aurreikusteaz. Hori zoriari uztea utzikeria barkaezina litzateke. Egiptora baldin bazoaz, zeure burua presta ezazu hor ikusiko duzun handitasun miragarria behar bezala miresteko. Mendira baldin bazoaz, bertako bakean eta aire puruan zeure burua aurkitzeko presta zaitez, ezusterik gerta ez dadin.

 

2 - Egin ahalik eta argazki gehien, batez ere une transzendentaletan, esaterako, mendeetako monumentuen aurrean, edo zerbait bitxia, pasadizo ederra osatuko duena gertatzen denean. Giza oroimena oso ahula da eta zure adimenari utziko bazenio oroitzapen horiek jasotzeko ardura bakarra, ez zenuke ondoren berbizitzeko aukerarik edukiko. Gainera gauzak, berez, in situ baino hobe da, etxeko logelan, lagunez inguraturik bizitzea.

3 - Aplika itzazu Konstantinos Kavafisen irakas- penetatik, batez ere bidaiari dagozkionetatik, gehien komeni zaizuna. Bi dituzu aukeragai:

a) Itakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean, egizu otoitz bidea luze izan dadin, menturez betea, ezagutzez betea. 1911.

b) Leku berririk ez duzu aurkituko, ez duzu aurkituko beste itsasorik. Zure hiriak jarraituko dizu. Kale berberetatik ibiliko zara beti. Beti hiri honetara helduko zara. Beste lekurik ez ezazu itxaron. Zoko txiki honetan zure bizitza hondatu duzun bezala, mundu osoan ere galduko duzu.

4 - Ez saiatu turista ez izaten, planeta osoa turistaz beteta dago. Zure hirian, Iruñean adibidez, zaudenean, ahalegindu turisten aurrean hiriaren irudi ona ematen. Zoriontasun plantak egin, beraien herrialdetara itzultzen direnean, turista horiek, planetako biztanle horiek, beren burua kontsola dezaten, pentsatuz hemen, eta ez berean, biziko balira inondik inora zoriontsuagoak izango zirela. Horretarako, guk beraiei hori pentsarazteko, bidaiatu dira gurera, beraien poltsikotik ordainduta.

5 - Jan ezazu jartzen dizuten guztia, eta saiatu zoazten herrialdetan ezer ez puskatzen.