|
EKILORE SARIA jaso
dute aurten. Guraso mordoa da Ermitaberri eta Askatasuna ikastetxeetako
ikasleekin horrelako talde indartsua sortu duena. Dagoeneko 4 urte bete
dituzte eta 135 gaztetxo baino gehiagorekin ari dira jo eta ke lanean.
Euskara eta kirola uztartuz, futbola eta gure hizkuntza zaharra nahasten,
koktelera berri bezain eraginkorra eginez. Haiengana hurbildu gara, honatx
Xabi Zelaiak eman ditugun erantzunak.
EKILORE SARIA
jasoko duzue aurten zergatik uste duzue izendatu zaituztela?
Argi da gure lana euskararen alde dela, Burlatan beste askotan bezala.
Agian ikusgarriagoa da gurea, batez ere larunbatetan giro ederra sortzen
delako eta hainbeste ume laranjaz jantzita eta euskal musika Ermitaberriko
patiotik ikusi eta entzun...
Gure lanaren emaitza jarraiki ikusten da eta gero eta herriko jende gehiago
inplikatzen da, bere seme alabak futbolean gurekin hasten direlako.
Zein da, zehazki,
BURLATA FUTBOL ESKOLAk egiten duen lana?
BURLATA FUTBOL ESKOLA hori da "eskola" eta ez "escuela"
beraz euskaraz irakasteko. Gure lehenengo helburua euskara da, eta gero
futbola.
Burlatan hutsune ikaragarria dago, kirola euskaraz aritzeko aukerarik
ez dago, salbuespenak badaude, horregatik guraso talde bat elkartu ginen
eta eskola hau muntatu genuen.
Euskara ikasgeletatik
kanpo ere atera nahi duzue. Lortzen al duzue? Nola egiten duzue?
Gure lana ez dago eskolan, ez dugu atera behar euskara ikasgeletatik,
gure lana futbito zelaian dago umeekin euskaraz hitz egiten eta futbitoan
jolasten. Umeek, euskara eskolako kontu bat besterik ez dela baztertu
behar dute eta gurekin beste arlo desberdinean erabiltzen dute, normaltasun
hori lortu nahi dugu.
Gurasoak nola
inplikatzen dituzue?
Gurasoak gure puzzlearen puskarik garrantzitsue- nak dira. Gu ez gara
profesionalak eta lan asko dago 11 talde eta 135 ume antolatzeko, entrenatzaileak
prestatzeko, ekipamendua lortzeko eta abar. Guraso guztiek parte hartzen
dute. Talde bakoitzak bere delegatua du, larunbatetan partiduak jolastu
ahal izateko patioa prestatzen dute, goizean zehar txistorrada prestatzen
dute dirua lortzeko, eta denboraldi bukaeran denek bere denbora eta lana
utzi dituzte. Gurasoek parte hartzen ez duten egunean, gure proiektua
desagertu eginen da.
Irakasleek zertan
laguntzen ahal dute?
Gure taldeak Ermitaberri eskolarekin ez du zer ikusirik, Burlata Futbol
Eskola independentea da, gure aktibitatea Ermitaberrin eta Askatasuna
institutuan egiten da baina logikoa da; ume euskaldun gehienak ikastetxe
hauetan daudelako. Irakasleek aukera eskaini ahal diete umeei eta gurasoei,
euskaraz eskolaz kanpo jarraitzeko eta ez askoz gehiago. Garrantzitsuenak
gurasoak dira.
Zuen adibideak
ba al du jarraitzailerik Iruñerrian?
Egia esan ez dugu gure filosofia duen talderik ezagutzen, zaila da lehiaketan
parte hartzea eta zure oinarriak ez galtzea. Urte hauetan gauza asko ikusi
dugu eta euskaraz funtzionatzea oso zaila da, guretzat ere, baina hau
da erronka. Beste alde batetik, gure taldeetan ez dugu eskatzen trebezia
edo maila futbolean, edonork jolasten ahal du, euskara jakitea besterik
ez da eskatzen eta horrekin denek parte hartzen dute, ez da inor baztertzen
maila ez duelako eta hau ez da ia inon ere ikusten.
Arazoak izan dituzue
Burlatako Kirol Patronatu-arekin. Nola daude egun?
Ia 2 urte daramagu Patronatuan sartzea eskatzen, gaur egun Burlatako udalarentzat
ez gara existitzen kirol talde bezala eta hori guretzat hagitz mingarria
da. Burlatarrak gara eta eskubideak ere berberak beharko lukete izan,
baina Udala euskara kirol arloan normalizatzeko oso gutxi egiten ari da.
Bakarrik zer eskaintza dagoen ikusi behar da egiaztatzeko, eta gure eskaintza
ez aprobetxatzea erabat ulertezina da.
Etorkizunera begira
zein dira zuen erronkak?
Gure erronka nagusia gure proiektuaren inguruan ahalik eta lagun gehienak
biltzea da, Burlatako Udalak ere berea bezala onar dezan eta euskaraz
kirola edo futbola aritzeko aukera berberak izatea.
Entzunen al ditugu
inoiz haurrak euskaraz beren artean?
Hori zuek erantzun beharko duzue. Nik uste dut, eta gure taldeetan horrela
ikusten da, umeek euskara normaltasunez erabiltzen dutela txikitatik egiten
baldin badute aktibitatea, 14-15 urteko taldeetan askoz zailagoa da euskaraz
entzutea koskorrak hasi zirelako eta ohitura falta dutelako, baina gerta
dadin ahaleginak egiten jarraituko dugu.
|