|
Nola joan da ikasturte hasiera? Normaltasunez joan al da?Berez, irakasle gehienak izendatuta zeuden irailaren lehenean, baina baja batzuk izan dira eta erlijio irakasleen izendapenak berandu egin dira. Atzo arte ez zen iritsi falta zitzaigun irakaslea. Bestalde "krisia" dela eta, ezkontza baimenak ez dituzte ordezkatuko eta une honetan tutore bat ezkondu denez…
2008-2009 ikasturte honek zer berrikuntza ditu aurrekoarekin alderatuta?
Hasteko liburutegia eta zuzendaritza bulegoa tokiz aldatu dugu, bi espazio hauek irabaziz aterako zirelakoan. Aldaketa honekin liburutegiaren funtzionamendua piztu nahi dugu eta urte honetan hori dugu helburu bat.
Eta beste aldetik ditugu hezkuntza departamendu- ak proposatu dituen aldaketak ere, bereziki hobekuntza planak. Bertan eta gaitasunei begira aldaketa politak eta nahiko aurrerakoiak daude.
Zein dira zuen helburu nagusiak ikasturte honetan? Zertan eragin nahi duzue batez ere?
Euskararen erabilpena, liburutegia eta hobekuntza plan on bat diseinatu eta aurrera eramatea.
Irakasleen prestakuntza eta euskara maila nolakoa da?
Ona. Urtero 35 orduko prestakuntza egitera behartuta gaude. Irakasleriak gaurkotzeko ahaleginak egiten ditu.
Nolako harremana duzue Hezkuntza Departamentuarekin?
Ona, baina ez dago harreman esturik ere.
Zer eskatuko zeniokete Hezkuntza Kontseilariari?
Aurrekontuetan premiak garbi izatea eta noski guretzat eta uste dut herritar gehienentzat ere premiazkoak hezkuntza eta osasuna direlakoan nago. Bestalde, euskara zaintzea eta bermatzea, gure hizkuntzak merezi duen neurrian. Euskara Nafarroaren benetako ondare handia bezala tratatzea.
Gurasoen parte hartzea nolakoa da eskolan?
Oso ona. Beti prest daude laguntzeko eta giro polita dago haien artean. Aipatzekoak dira futbito taldeak eta mendi taldearen funtzionamendua. Elkarrekin lan egiten dugu proiektu batzuk aurrera eramateko. Gurasoentzako prestatzen diren ekintzetan parte hartzen dute eta motibazio nabari da. Proiektu interes-garria izango litzateke Guraso Eskola bat sortzea.
Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko nola moldatzen zarete?
Espazioen erabileran ez dugu orain arte arazorik izan. Sortzen-en bitartez antolatzen dira jarduera gehienak.
Ikasleek erabiltzen al dute euskara ikasgeletan? Eta ikasgelatik kanpo? Euskararen erabilera ikastetxean indartzeko plangintzarik egiten al duzue?
Hori da daukagun erronka handiena eta horretarako
klaustro osoak ikastaro bat egingo dugu eta hortik euskararen erabilera indartzeko plana sortuko dugu. Jostaldietan Euskaraz Mintza proiektuan parte hartzen dugu, udalak ordainduta. Proiektu honetan monitore bat etortzen zaigu egunero jolasak irakastera, euskaraz jolas daitezen.
Nolako harremana duzue Askatasuna institutu- arekin? Koordinaziorik ba al duzue?
Bai, batez ere ikasturte bukaeran. Ikasleei buruzko informazioa ematen diegu eta haiek ere guk izandako ikasleei buruz ere mintzatzen gara. Arloei buruzko jarraipena ere egiten da.
Udalak aintzat hartzen al ditu zuen kezkak? Eta alkateak?
Baietz esan daiteke nahiz eta nahi dugun guztia lortzen ez dugun.
Zuen ikastetxeak ba al du proiektu berezirik?
Azken bi urteotan Arturo Kanpion ikastetxearekin batera eta gure zeharkako helburu bat den elkartasuna balorea landuz, Etiopiako eskola batekin harremana izan dugu, materiala bidaliz erakusketak eta azokak antolatu ditugularik. |