Testua: J. Óscar Beorlegui
Angel Errorena da itzulpena |
Freskagarriak eta izen probokatzailekoak, izena hartu zioten edaria bezalakoxeak, Fhorrelakoa ere badutelako asmoa: 80 hamarkadako Euskal Rock Erradikalaren abestien bertsioak egitea. Ez dute managerrik, ez dute diskoetxeetan interesik, ez dute noizbehinka disko bat atera behar hor barna jo ahal izateko. Ez dute ohiko elkarrizketarik egin behar, promoziorako tresna hutsak. Ez duten gauzekin jarraitzearren, ez dute kanta propiorik ere. Baina ez dira besteen abestien bizkar bizi, denonak direlako. "Bizkar bizitzearena" ez dut gogoko. Neure burua zuzendu nahi dut: Benetako himno kolektiboak abesten gozatzen dute, hau da, herriko musika, denon jabetza dena. Hemengo rara avis honen izena? Radikal Fruit, inolako lokailurik gabeko taldea, herritik eta herritarako sortua, Euskal Herria peña beti ipurterrearen eskutik. Bertsio talde bat denez, festarako plataforma ludiko musikaltzat defini genezake, bitartekaririk gabeko dibertsio hutsa, handinahirik eta konplexurik gabea. Hauxe da taldeko hiruk (Nando, Pitu eta Goiko) taldeaz eta bere ibilbideaz kontatu zigutena.
Lehen galdera ezin saihestuzkoa da. Nola sortzen da Radika Fruit bezalako talde ezohikoa?
2006ko otsailean bururatu zitzaigun, Gaiarre antzokian Barrikadak eman zuen kontzertuaren ondoren. Pitu, Tober eta hirurok joan ginen –oroitzen da Goiko– eta irteeran, kubata batzuk hartu ondoren, ideiari bueltak ematen hasi ginen. Gau horretan lehen errepertorio bat ere bururatu zitzaigun. Orain arteko emanaldi garrantzitsuenak Euskal Herria peñan izan dira, 2006ko, 2007ko eta 2008ko jaietan.
Zenbat lagunek parte hartzen duzue?
Zehaztu gabeko kopuru bat. Lehen kontzertutik hurrengoetara aldaketak egon dira. Egonkorrenak, esan dezakegu bi bateria jole direla, Pitu eta Txober; eta hiru gitarra jole, Goiko, Anorexia taldeko Heavya eta hirurok –erantzuten du Nandok–. Bostok betidanik egon gara. Lehen kontzertuetan baxuan Oscar atarrabiarra egon zen, eta ondoren Pedro, Anorexia taldekoa, eta El Agüita. Hainbeste garenez, kontzertu batera norbaitek ezin badu etorri, beste bat joaten da eta ez da deus gertatzen. Baina egonkor hauez gain, Fool the Txirris taldeko Txibite edo Kutxi (lehen kontzertuan egon zena) bezalako jendea ere pasatu da. Baina hobe da izen gehiagorik ez esatea, asko garelako eta seguru baten bat aipatu gabe geldituko da –ebazten du Pituk.
Eta abeslariak?
Agertu eta abestu egiten dute. Bueno, entseiuetara ere etortzen dira, noizean behin entseiatu ere egiten dugulako: jotzen dugun abesti guztiak lehenago entseiatu ditugu. Kontzertuetan mikroaren aurrean aldatuz joan den jendea dago, Roberto esaterako, Marife, Iñaki edo Mikel Jamar.
Musikarien holako joan-etorriak esan nahi al du Radikal Fruit-eko ateak irekita daudela musikarekiko jakinmina duen guztiei? Zer betebeharrak bete behar ditu proiektuan parte hartu nahi duen lagunak?
Mutur handia eta esatea. Azken kontzertuan, jaietan, Brigi ezer esan gabe igo zen eta baterian kanta bat jo zuen. |
| |
Ikus ditzagun taldekide gutxi gorabehera egon-korren zeregin musikalak, abeslariak barne…
Marife orain Feel eta Las Zíngaras taldean dabil; Iñaki Kous-en; Mikel, Khâmul taldean; Txober Motobomba-n; Pitu, Jack 42 taldean, eta Heavy eta Pedro, Anorexia-n. Nando Goa taldean egon zen eta El Agüitak curriculum luze-luzea dauka.
Euskal Herria peñara oso lotuta zaudete.
Izan ere, taldearen asmo bakarra 2006ko jaietan bertan jotzea zen, eta hor uztea. Baina oso gustura egon ginenez eta gauzatxoak atera zirenez… hemen gaude. Hori bai, urtero errepertorio ezberdin bat presatu dugu. Hasierako bi urteetan Euskal Rock Erradikalean oinarritutako abestiak prestatu genituen; beste behin Maiatza Rock-en jo izan duten taldeen omenezko errepertorio bat prestatu genuen, eta aurten Madrileko Movidarekin eta 80 hamarkadarekin bat prestatu dugu. Beste izen batekin joatea ere pentsatu genuen: Cambio Radikal, baina azkenean ez genuen egin. Errepertorio ezberdinak libre dauden abeslariak kontuan hartu gabe lantzen ditugu: beraiek kantetara ohituz doaz, ez aldrebes. Etortzen den azkenak okerrena edo gaitzena eramaten du.
Garaiotan, festetan talde jator baina ordainsari potolokoak eramaten direnean, herriko emanaldiarekin gehiegi bat etorri gabe, esan genezake zuen proiektua herritik eta herritarako sortua dela?
Argi duguna da ez dugula honekin bizitza aurrera aterako, ezta gutxiago ere, publiko zabalarentzat jo dugun arren. Emanaldi bakoitza festatzarra izan da. Gehienetan kobratu gabe jo dugu, eta ordaindu digutenean bajeraren ordainketara zuzendu dugu. Giro ona dagoenez eta dibertitzen garenez, aurrera jarraitzen dugu. Gainera, Radikal Fruitek ez ditu asteroko entseiuak eskatzen, kontzertu zehatz bat prestatzeko entseiatzen dugu eta kito. Entseiatzea guretzat noizbehinkako zerbait da. Kontua da festa egitea: bildu, afaldu eta jo. Hori bai, jo gabe denbora ematen badugu, faltan botatzen dugu.
Entseiuren batean, aukeratu dituzuen bertsioetatik hara, zirriborrorik, abesti propiorik sortu al da?
Ez da gertatu eta ez gara ahalegindu, ez baita hori gure asmoa. Oso noizbehinka elkartzen gara eta jo behar duguna entseiatzeko asmo bakarrarekin.
Agerraldian bai duzue ardura berezia, ezta?
Gutxi gorabehera. Aurten, festetan, txotxongiloz mozorrotu ginen.
Festetakoaz gain, emanaldi aipagarririk?
Totem aretoan bitan jo dugu; Etxe Beltzan beste behin eta Atarrabiako jaietan ere bai, eszenatoki handian.
Azkenik, badago zuekin harremanean jartzeko modurik?
Bai, Pituri deituta: 609 058829. |