.Gure Xanti, Begiristain, jakina


Tesua: Verónica Ferreira Pinto

Entrevistamos a Xanti Begiristain. Salsero peligroso con el cuál hay que andar con ciudado. Polifacético euskaldún, nos ha contado todo aquello que le preocupa y ocupa: el euskara, la música, la accesibilidad para las personas discapacitadas, etc. En fin, que no ha callado, como siempre. Una gozada conocerlo. Si lo ves, no pases sin hablar con él, ya verás cómo no te defrauda

Xanti oso ezaguna dugu Iruñerriko euskalgintzan. Seguru noizbait ikusi duzula txistu kontzertu batean bere txistua jotzen, edo bertso saioetan adi-adi, eta euskaraz egiten den antzerki batean… Gaixotasunaren gainetik pasa da Xanti bizitzan, eta guztientzako eremua da: lanean, politikan, musikan… Eta horretaz guztiaz gain gizon jatorra, atsegina eta bihotz handikoa da. Bere etxeko ateak Axular aldizkariari ireki dizkio bere bizitzako hainbat kontu eta istorioak -eta zailtasunak- kontatzeko. Horrela hobeki ezagutzeko aukera izan dugu. Eskerrik asko, Xanti.

Nor dugu Xanti Begiristain?
Agiri ofizialetan Iruñean jaio nintzela jartzen du, baina ez da horrela. Hain zuzen ere. Añezkarko aldapan jaio nintzen, taxi batean. Taxilariak esan omen zuen: -Begira, sartu gara hiru (gurasoak eta bera) eta lau atera gara!. Iruñera ospitalera ekarri ninduten, zilborrestea moztu, eta biharamunean uste dut etxera bidali nindutela. Uztailaren 23an jaio nintzen eta uztailaren 25ean Santiago eguna zenez, izen hori jarri zidaten.
Gure baserria, Behiko Borda izena duena, Etxarri- Larraunen dago, baina Lekunberritik hurbilago. Bost urte eta erdi nintzelarik hasi nintzen Etxarriko eskolara joaten. Azkeneko 2 urteak- 13 eta 14 urte nituenean- Lekunberrin ikasi nuen, ibiltzeko gero eta zailtasun gehiago izaten nuen eta. Etxetik hurbilago zegoen eta gainera errepidetxo bat nuen joateko, bestela Etxarrira belardi soroen gainetik joaten ginen…

 

Gurasoak euskaldunak al dituzu?
Aita zen, hil zen orain dela urte batzuk eta bera Uitzikoa zen, erabat euskalduna. Txikitan, gaztetan eta gerran euskalduna izateagatik sofritzea tokatu zitzaion. Ama Iruñean ikasi zuen eta hemen ez zen euskaraz mintzatzen, beraz hitzak eta esaldiak ezagutzen ditu baina ez du hitz egiten. Ezkondu zirenean eta baserrira bizitzera joan zirenean aitak amari esaten zion: -euskaraz hitz eginen dizut, baina aitak oso azkar mintzatzen zen eta amak barre egiten zuen ez zuelako ulertzen… Frankoren garaiak ziren…
Gizon polifazetikoa zaitugu, Xanti: txistularia, politikaria, idazlea, irakaslea… Nola egin daiteke hainbeste gauza? Zein da zure lanbidea?
Esaten dute gauza asko egiten duenak gutxi egiten dituela ongi, ezta? Akademikoki maisu ikasketak egin nituen eta bukatzeko gutxi falta zitzaidanean AEKtik deitu zidaten eta 6 edo 7 urtez hor aritu nintzen. Gero udal ikastolan eskolaz kanpokoak ematen (txistua, solfeoa…) eta ordezkapenen bat ere; ondoren Nafarroako Gobernuko euskaltegian Hizkuntza Eskolan zegoenean…
Maisu ikasketak bukatuta, ez nintzen zenbait urtetan oposizioetara aurkeztu, baina 91. urtean elbarrientzako lanposturen bat atera behar zela komentatu zidaten eta saiatu nintzen gainditzen. Ordezkapenak izateagatik besteek baino puntu gehiago nituen eta atera nuen. Gainditu nuela jakin bezain pronto Hezkuntzara joan nintzen eta han galdetu zidaten haurrekin ala helduekin nahiago nuen. AEKn esperientzia nuenez azken horiek aukeratu nituen, orduan Sanduzelain zegoen Nafar Gobernuko euskaltegira bidali ninduten. Gauza da lehenengo solairu batean zegoela eta igotzeko tresna behar nuen. Bi ikasturte kostatu zitzaien jartzea, Alemaniatik ekarri behar zutela eta. Beraz bi ikasturte horietan Zizur Nagusiko eskola publikoan aritu nintzen, 4 eta 5 urtekoekin A ereduan. Ez nintzen oso eroso sentitzen umeekin haurrak batzuetan deabrutxoak izan daitezke-eta.
Gero Uhartera eraman zuten euskaltegia eta hor 3 urtez aritu nintzen, zinegotzia Iruñeko Udaletxean atera nintzen artio. Momentu honetan bajan nago. Nire inguruek erretiroa hartzeko proposatu zidaten, eta hasieran asmorik ez banuen ere, orain konbentzitua nago. Orain prozesu horretan nago: medikuetan txostenak egin ditut eta hemendik aurrera noiznahi deitu ahalko didate epaimahai batera joateko eta ikusiko dugu.

Eta politikari ere ekin diozu...
Politikari buruz, nik lehen HBn eta Euskal Herritarroken aritzen nintzen baina oso deseroso sentituz. Bolada horretan atentatu eta heriotza asko gertatzen ziren eta ez nekien nola justifikatu hori. Aralar sortu zen 2000. urtean eta askoz erosoago sentitzen nintzen. Aralarretik zinegotzia izateko proposatu zidaten, eta 2003. urteko hauteskundeak pasata, Iruñeko Udalean zinegotzi lanak egin nituen 2007. urte arte.
Txistua asko gustatzen zaizu...
Txistuarena betiko zaletasuna izan da niretzat. Lekunberrin sartu zidan aspaldian, txistulariak ikusten nituelako jotzen. Gero Iruritako apaiz bat bidali zuten- Jesús Jaunarena- eta nire etxera zetorren txistu klaseak ematera nire bi ebakuntzetatik errekuperatzen ari nintzen bitartean. Poxpolin txistu batekin zetorren eta paper batean eskuz idatzia noten posizioak nola egiten ziren jartzen zuen. Ondoren Pablo Sarasate Kontserba- torioan ikasi nuen, Santiago Garay eta Raul Madinabeitiarekin. Egun harmonizazio eta konposizioren bat egin dut eta beste bi lagunekin elkartzen naiz txistua jotzeko. Saiatzen naiz Nafarroan egiten diren txistu kontzertu guztietara joaten, batez ere, Udaletxea utzi nuenetik.

Idatzi ere egiten duzu, ez da hala?
Bai. Afizioa sartu zitzaidan aita bizi zenean oraindik. Iruñetik herrira joaten nintzenean asteburuetan eta zubietan berari gazte garaian, han, baserrian, eta gerra garaian gertatutako pasadizoak kontatzen zituen... Ez ziren barrega- rriak hain zuzen ere baina irribarre pixka bat sortarazten zuten. Orduan nik pentsatu nuen inork ez bazituen jasotzen galdu egingo zirela eta hasi nintzen biltzen eta idazten. Garai horietan Iruñeko Udalak Xalbador Saria antolatzen zuen eta istorio horietako batzuk aurkeztu nituen. Bigarren postua lortu nuen eta azkenean Txalaparta argitaletxeak plazaratu zuen. Gero narrazio laburren beste liburu batean parte hartu nuen beste idazleekin eta "Bizimodu latzak" izeneko narrazioa argitaratu nuen.
Egun artikuluak egunkarietako idazten ditut;, batzuk argitaratzen dituzte, beste batzuk ez. Eta iritzia emateko web orrialdeetan ere idazten dut. Azken arlo honetan gauza harrigarria gertatu zait orain dela gutxi. Nire bi artikuluetara Marierrauskin izenpean pertsona batek erantzun dit nirekin bat ez datorrela erakutsiz. Baina esaten zuen modua erabat mesprezuzkoa eta iraingarria zen. Nik kritikak onartzen ditut, baina ez modu honetan. Jartzen zuena zen: Xanti, lurperatu zaitez; Xanti, gaixo hori, lehenengoan esan nizun bezala:
lurperatuzaitez. Hartu nuen patxadaz eta erantzun nion, noski, baina nik uste dut iritziak eman ahal direla modu onean eta zauritu gabe.

Zer eman dio euskarak Xantiri? Eta Xantik euskarari?
Niri asko eman dit, ez dakit... Txikitan ez nuen ikasi eta gaztea nintzenean pentsatzen nuen: jo, ze pena... Uda batean herriko apaizarekin (Juan Migel Etxarri) ikastaro bat egin genuen eta latina bezala ikasten genuen: izan aditza, NI NAIZ, ZU ZARA... Gero Iruñean hizkuntza ikasten jarraitu nuen oso gustura eta gainera aitari ilusioa egiten zitzaion... Gure baserrira oso jatorra zen emakume bat etortzen zen eta aitari esaten zion: -Ez, ez erakutsi euskera, bakarrik txoko hauetan hitz egiten da eta hemendik ateratzen bazara ez du ezertarako balio... Aitak asko sofritu zuen euskalduna izateagatik eta berari euskara gustatzen zitzaion, beraz oso pozik jarri zen nik euskera ikasten hasi nintzenean. Esan dudan bezala asko eman dit: lehen Euskal Herrikoa sentitzen nintzen baina garrantzitsuena falta zitzaidan: hizkuntza. Euskera ikastea kostatu zait- eta oraindik gauza asko ikasteko dauzkat- baina poza asko eman dit: bertsolaritza, musika, abestiak, irakurketak...
Eta nik euskarari? Ba asko eman diodala esaten dute baina niri iruditzen zait oso gutxi egin dudala. Batzuetan gaizki sentitzen naiz batez ere idatziz gehixeago eman nahiko nukeelako.

Aurten Larreko saria Euskalerria Irratiak eman zizun, nolakoa izan zen momentu hori?
Maiatzean deitu zidan Mikel Bujandak esateko aurtengo saria niri eman behar zidatela eta poz handia hartu nuen. Niri tokatu zait lauzpabost aldiz egotea Larreko saritua aukeratzeko bilera horietan eta aurten… Omenaldia asko gustatu zitzaidan, gauza txar bakarra gertatu zen: Ipar haizea zebilela eta Zaldi Zuriak ez du babesik iparraldetik. Eskerrak euririk ez zuela egin… Izugarria izan zen. Gero eskerrak emateko idatzi nuen, jende guztiarekin ezin nintzelako egon egun hartan.
Zuk elbarrituen aldeko lan mordoa egin duzu. Kontaiguzu pixkatxo bat.
Gai hau ez da batere bokazioa edo zaletasun bat niretzat, baina azkenean premia ikusten duzu eta aldarrikapenak egiten dira. Artikulu asko horri buruz idatzi ditut. Azken hilabetean gertatutakoa kontatuko dut. Tafallara joan ginen Teresa eta biok eta bazkaldu ondoren buelta bat ematera joan ginen. Harritu gintuen nola Kale Nagusian bertan oztopo asko elbarrientzako ziren. Orduan alkatesari gutun bat -euskaraz- bidali nion zirikatzeko eta egoera hori konpontzeko. Badira legeak gauza hauek erregulatzen dituztenak (Estatuko Legea, 82koa; Ordenantza bat, 82-84koa, oso aspaldikoa oso ona zen garai hartan, baina ez dute ongi bete, eta Foru Lege bat, aurten 20 urte bete dituena). Azken lege honek argi eta garbi esaten du letraz eta marrazkiz koskak gehienez 2 zentimetrokoak izan behar direla. Gauza hauek ez dira kontuan hartzen eta pena bat da. Adibidez, azken urte hauetan Otsagabian, Jaurrietan, Aurizberrin… kale lanak egin dituzte eta oso txukunak… baina elbarrientzako neurriak edo ez dute egin, edo gaizki eginak daude. Beti errebindikazioak egiten aritu behar dugula ematen du…