.KOMA


OZEANOAREN BI ALDEETAN SAKEOA,
15 URTEKO KARRERA BETETZEAR

Testua: J. Óscar Beorlegui

 

 

Koma, Burlatako zapalgailu metalikoa makina bat da, argi eta garbi esan dezagun. Musikalki biribila den metala egiteko engranajea, ez alferrik bere taldekideek (Brigi, Natxo, Rafa eta Juan Carlos) ia 15 urte daramatzate elkarrekin joz. 2007an plazaratu dute beraien azken emaria, Sakeo, ozeanoa bitan zeharkarazi dien diskoa: 2008ko amaieran eta 2009ko hasieran. Zalantza izpirik balego, momenturik hoberenean daudela frogatzen du diskoak. Koma, gure eszena musikalaren Buldozzerra da, tentsio handiko metala, kaña seriez dakarrena, abesti sasoiko eta gihartsuen bitartez bikain islatua. Animal’s tabernan, horretaz eta taldeak bizi duen une berezi honetaz hitz egin dugu Rafa baxujolerekin eta Brigi gitarrajole eta kantariarekin. Hauxe esan digute.

 


Aurten hamabost urte betetzen dituzue, ezta? Zer duzue gogoan taldearen hasieraz?

Ez gara konturatu ere egin. Horrek erreta ez gaudela esan nahi du, daramagun denboraren kontua egiten ez dugu eta. 1994ean hasi ginen, jarraitu dugu eta honaino iritsi gara. Ez gara horretan pentsatzera gelditu. Orduan musika jotzea oso gustukoa genuen, ongi pasatzen genuen, orain bezala. Funtsean, "ezertaz ez konturatze" bat izan da.

Harira joan nadila. Hasteko, konta iezadazue Sakeo-ren aurkezpen jira nola joan den.
Estatuan eskaini ditugun artean kontzerturik nabarmengarriena Madrilgo Heineken aretoan egin genuena izan zen, bete baikenuen. Orain arte, berrogeita hamar kontzertu inguru eman ditugu, Mexiko eta Argentinakoak kontuan hartu gabe.

Herrialde horietara joateko aukera nola sortu zen? Eskaera, beraietatik etorri da?
Mexikorako bidaia, abenduan egin duguna, gure kontu bat izan zen gehien bat, bertan mini-jira egin nahi genuelako neurria hartzeko. Menturara joan ginen, ea zer zegoen. Ez, ez zen hemendik antolatutako ezer. Jende berria ezagutu genuen, gure istorioa gustuko izan zuten eta bizirik atera ginen. Lau kontzertu egin genituen: hiru Mexiko DFn eta bat Hermosillon, herrialdeko iparrean. Eta, gero, itzuli ondoren, aurten Argentinara joan gara, urtarrilean, La Renga taldeak gonbidaturik. Oraingoan beste maila batean jokatu genuen. Beraiekiko kontaktua, duela denbora bat, Marea-koekin izan zuten harremanetik etorri da, zeinari esker Marea 2007ko neguan eta 2008ko udaberrian Argentinan jotzen egon zen; eta beraiek, 2007ko udaberrian eta iazko udazkenean, hemen, Estatuan. Gurea entzun, gustatu eta Argentinara joateko gonbidatu ziguten.

Gainera, Sakeo gure azken diskoa une horretantxe plazaratu berria zen herrialde australean. Bideoa telebistan eman zuten eta guzti. Bertan, gaztelaniazko rock-aren hedapena oso zabala da eta zaletasun handia dago. Hura beste mundu bat da. Hiru kontzertu eman genituen, hainbat talderekin: La Renga, taldea baino gehiago erlijioa dena; Horcas eta Almafuerte, horko metalaren talde erreferentziazkoak. Horcas Argentinako Su Ta Gar bezalakoak dira. La Rengarekin Córdoban jo genuen, Gardelitos edo Tri mexikarrekin batera, eta Buenos Aireseko auzo batean Almafuerte eta Horcas taldeekin.

 


Bizipen honen ondoren itzuliko zinete?
Urrian itzultzeko proposamena egin digute, festibal handi batean jotzeko. Aurrekoan, beste mega festibal batean parte hartzeko esan ziguten, baina horrek bi aste gehiago eskatzen zizkigun eta ezin izan genuen. Deep Purple ere jotzen zuen bertan. Ahal izanez gero, itsu-itsuan itzuliko gara, horko mobidarekin izugarri flipatu genuelako

Gaiaz beste; Brigi, Koma-z gain, Txarrena-n sartuta zabiltza, bateria jotzen kasu honetan. Esaguzu zerbait.
Nire talde nagusia Koma da eta oraindik dugu zer esan asko. El Drogasen proiektu paraleloa den Txarrena-rekin, mini-jira bat egiteko eta disko bat grabatzeko aukera aztertzen ari gara. Niri tiratu egiten dit bateria jotzeko kristoren gogo bizia banuelako.

Eta nola ikusten duzue Komaren etorkizuna? Nik, epe motzean, behar bezalako DVD faltan daukat, disko berri bat baino lehenago.
Momentuz, asmoan duguna beste bideoklip bat grabatzea da, El Sonajero abestikoa. Uste dugu gure azken diskoa oraindik indarrean dagoela. Eta, gainera, lan piloa ateratzen ari zaigu.

Azkena: 2004ean Foruen plazan jaso zenuen arrakasta ondoren, inoiz ikusiko zaituztegu San Ferminetan berriro?
Ahaleginean gaude, baina zurrumurrua dabil Udalak egin nahi duela eszenategi batzuk kentzea dela. Ea zer gertatzen den.

KOMA ZUZENEAN:
ARRAKASTAREN SINONIMOA

Lerrook argia ikusiko dutenerako, urtebete igaroko zen Koma azkenen aldiz ikusi genuenetik, 2008ko apirilaren 11an, Atarrabiako Totem aretoan, non arrakasta ikaragarria bildu zuten, bai kontzertuaren bitartean (zalantzarik gabea, hemengo hau orduko oroitzapen kronika da), bai lehenagotik ere, txartel leihatilaren aurrean bildutako jendetzagatik. Gauak Niños de lapos guerra abestiarekin hasi zen, aurkezten zen diskokoa, eta horren ondoren La pelea eta Tío Sam mitikoa, soinuzko zartako erabatekoa, bertaratu guztiak ezinbestean jauzika jarri zituena. Ondoren, bolumen ikaragarrian, Vaya carrera que llevas, chaval aditu ahal izan zen. Kontzertuaren ezaugarria izango zena definiturik gelditu zen: abesti berriak, edo gutxi gorabehera berriak (La chulería bezala, musikariek nola eta trajez jantzita bikain interpretatu zutena, La fiera nunca duerme edo El pato, Sakeo diskoko hoberenetarikoa), taldearen klasikoekin tartekatuko ziren (azken hauen artean, El pobre, Aquí huele como que han fumao edo Mi jefe, lehen itxiera faltsua egiteko baliatu zutena). Zer une gehiago nabarmendu? Natxok tango erritmoan abestutako El muro de Berlín, edo, bestetik El sonajero, soinu kubatarreko kanta, taldearen esentzia primeran islatzen dutena: kaña eta dibertsio gogoa batera. Azkenean, bisetan, Sakeo (ezinbestean, izen bereko diskoaren aurkezpena zen eta) Protestantes eta Bienvenidos a Degüelto, gauari azken puntua jarri zion arrakasta.