 |
Hau idazten ari denaren osotasun pertsonala zaintzeko, hemen aipatzen diren hainbat datu aldaturik eta ezkutaturik daude, errealitatearekiko inongo lotura saihetsi nahian.
Aurreko egunean azaldu nintzen X hiriko Y erakunde prestigioduna antolatzen ari den
eta publiko porrot ikusgarria izaten ari den jardunaldietara, Z idazle ospetsuaren testu irakurraldi batera. Z, giza haragian, ikusteko aukera gutxi dauzkat. X-ko hitzaldi-areto handi batean izan zen: 500 bat eserleku eta sarrera libre zen arren ez ginen, askoz jota, 40tik gora izanen, erdiak baino gehiago antolakuntzakoak edo jardunaldietan lehenago hitzaldia emanak. Lehenagotik ezagutzen nion testuren bat edo beste irakurri zuen, batzuk ezezagunak; denak ifernuaren ideiarekin lotuak: beraz, hainbeste maite omen duen eta bere liburuetan barra-barra agertzen den Bronx auzoa eta munduko gerrak eta etorkizun apokaliptikoa eta Dante haizatzeko aukera zabala izan zuen.
|
| |
Hasieran testu ironikoak iragarri zituen: okerrenaren zain gelditu nintzen. Jendeari iragarpen hori ahazten joan zitzaion hasieran kortesiaz irritxoekin erantzuten zuten arren (esaterako, ipuin edo pasadizo bateko politikarien zinismoari), aurrera egin ahala umore puntu hori ahazten joan zen eta jarrera estatiko edo extatikoagora pasatu zen.
Oro har, ongi egon zen, irakurri besterik ez zuen egin, paperetik begirada igo gabe, ezer iruzkindu, testuinguruan jarri edo xehekiago esplikatu gabe. Batzuetan izan nuen inpresio bat: Z, urte luzeetan hainbeste miretsi izan dudana, gaur, arina izan gabe ere, ez zaidala batere sakona iruditzen, eta ez dakit, eta agian ez dut jakin nahi, berak okerrera egin duen, adinarekin batera, edo nik. Gerraz mintzo, den-dena azaldu behar du: didaktizismoz: Danteren "hona sartzen zaretenok utzi esperantzak oro" espresioa, adibidez, xeheki. Nire aurrean A irakaslea zegoen, xahar-xaharra, eta ea zer aurpegiak jartzen zituen berari begira egon nintzen. Nik (agian berezia naiz horretan) publikoari nolabaiteko iraintzat hartzen dut, kultura minimoaren presuntzioa ere ukatzen digulako.
Bukatu zenean, gainera, egiaztatu nuen, benetako publikorik ez zegoela, den-denak, mugitu ez eta aretotik irteteko nagikerian ari ziren, Z-rekin egoteko-poteatzeko-edo bezala. Erabaki drastiko bat hartu nuen, euskalgintzaren salbaziorako, eta publiko izendatu nuen neure burua, eta handik atera nintzen.
X-ko areto hori barrutik eta kanpotik ezagutzen baduzue, jakingo duzue zein korridore luzeak eta zein plaza luze-zabala dauzkan, bada zin dagizuet, lasterka egin ez arren (hori sinestuko didazue), atzera begira eta inork ez zidala jarraitu ezta urrutitik ere. Zeinen zaila den eta bat zeinen bakarka sentitzen den publikoa izanik.
|