|
Testua: Ziripot · Argazkiak: Maitane
|
Zazpi bazkide deitu ditugu beraiekin gure elkarteari buruz hitz egiteko. Batzuk berri-berriak, besteak urte anitzetan elkartean daudenak, sortzaileak batzuk. Haiek bildu gara gure elkartearen osasuna zein den jakin nahian. |
|
Siete socios de Axular nos cuentan la vida interna de nuestra sociedad. Algunos son recién llegados, otros de toda la vida, algunos de ellos socios-fundadores. La sociedad sigue teniendo un tono vital importante, aunque también los recuerdos son importantes. Juanan, Ana, Koldo, Pili, Josefina, Maribi y Maite reflexionan sobre
el pasado, el presente y el futuro de la sociedad, con la excusa del 25 aniversario
|
 |
JUANAN VIEDMA
Lehen bazkide zen, gero elkartea utzi zuen eta duela gutxi bazkide izateari heldu dio berriro ere, 2009ko urtarriletik aitzinera hain zuzen gure artean da.
Nola izan zenuen Axular elkartearen berri?
Burlatarra naiz, nola ez dut izanen bada elkartearen berri. Hagitz ezaguna da elkartea.
Zergatik egin zara bazkide berriro?
Euskal kulturaren alde lan egiten duen elkarte inportanteena delako. Ni horren alde nago eta hemen aurkitzen dut leku aproposa helburu hori lortzeko. Axular ez da peña bat, ez da elkarte gastronomikoa, zerbait gehiago da, hortxe duzu arrazoi nagusia niretzat. Bestela ez nintzateke izanen.
Nola hartzen duzu parte Axular Elkartean?
Momentuz oso gutxi hartzen dut parte, egia esan, bazkide berriz egin nintzenetik gaurkoa bigarren aldia da etortzen naizena. Orain alabekin denboraz juxtu nabil, baina espero dut hemendik aurrera denbora gehiago izatea.
Zer da Axularren gehien gustatzen zaizuna?
Giroa eta etxea. Etxea Burlatan ikurra da. Etxe zaharra, harriz egindakoa, sendoa. Ematen du euskal kultura dela etxea bera. Hori irudikatzen du. Aldizkaria ere hagitz ongi dago.
Zer da Axularren faltan botatzen duena?
Oraindik ez dakit. Axular, nire gaztetasunaren Axular zen, giro hura. Ez dakit igual giroa, agian gaztetan bizi genuen hura. Halere badakit lehenagoko giro hori ez dudala berreskuratuko, orain beste zerbait bilatu beharko dut.
Burlatako jendeak ba al du Axularren berri?
Nire ustez bai. Onerako ala txarrerako, badu bai. Batzuk beren iritzia emana izaten dute, zaila da kentzen, baina ezagutu, jendeak ezagutzen gaitu.
Nola ospatuko duzu elkartearen 25. urteurrena?
Saiatuko naiz hemen egoten. Jaialdian eta ekitaldietan. Nire alabak ere bazkide berriak dira eta haiekin saiatuko gara hementxe egoten eta esku hartzen ahalik eta gehien.
Bukatzeko bi galdera zail, gure elkartea ezagutzen duzunentz ezagutzeko. Zein da gure presidentea? Eta zenbatgarren alea aterako du Axular aldizkariak?
Mikel Ordoki izan daiteke? Eta aldizkaria ... berrogeita pikogarrena izan daiteke? Zenbakia ez dakit, baina zenbaki guztiak ditut etxean.
|
 |
ANA MENDINUETA
Noiztik zara Axularkide?
2009ko urtarriletik.
Nola izan zenuen Axular elkartearen berri?
Duela hamar urte. Betidanik etorri izan naiz Mikelekin.
Zergatik egin zara bazkide?
Hobeki parte hartzeko. Barrutik bizitzeko. Lehen kanpotik bizi nuen elkartea, orain barran sartzen ahal naiz, gauzak egiten ahal ditut. Ez dakit konpromiso mailan jauzi handia da. Nahi dudanean sartzen ahal naiz orain Axularren.
Nola hartzen duzu parte Axular Elkartean?
Ez gara asko etortzen. Orain trikitixa entseiatzeko etortzen naiz, etxean ezin dudanez, hementxe goxo-goxo inork kaltetu gabe jo ta jo aritzen naiz, patxada ederrean. Krosean ere parte hartzen dut, nahiz azkena geratu, aurten ere korrika egiteko asmoa dut.
Zer da Axularren gehien gustatzen zaizuna?
Giroa eta jendea.
Zer da Axularren faltan botatzen duena?
Ez dakit zer esan, ez zait deus etortzen burura
Burlatako jendeak ba al du Axularren berri?
Nire ustez bai.
Nola ospatuko duzu elkartearen 25. urteurrena?
Ekitaldietan parte hartuz. Etorriz eta lan eginez gauzen antolaketan.
Bukatzeko bi galdera zail, gure elkartea ezagutzen duzunentz ezagutzeko. Zein da gure presidentea? Eta zenbatgarren alea aterako du Axular aldizkariak?
Ez dakit, zuk zer pentsatzen duzu? Eta aldizkaria ... berrogeigarrena edo, ez dakit?
|

|
KOLDO MURO, PILI RODRIGUEZ, JOSEFINA GANUZA, MARIBI ZOKO ta MAITE EZKURRA
Beren karnetak zaharrenak dira. Haietako batzuk sortzaileak. Gure elkartearen oroimen historikoa dira. Beraiei esker elkarteari buruzko kontu dezente ezagutu dugu.
Noiztik zarete bazkide?
JOSEFINA: Hasieratik.
MARIBI: Alaizen biltzen hasi ginenetik
PILI: Bai, hasieratik. Urtea ez dakit. 1983tik edo? Nire giltza 40.ena edo zen.
KOLDO: 26 urte izanen dira. Urte oso bat egon ginen kuota ordaintzen oraindik etxean deus ez genuela, "ALAIZ" izeneko Centro de Cultura Popularren (Faustino Garraldan) biltzen ginen. Fondo bat paratu genuen elkartearekin hasteko.
JOSEFINA: Gu Malkaitz izeneko taldean biltzen ginen, psikologo batzuekin. Eta hemengo kontuen berri eman ziguten eta nik izena eman nuen.
Zergatik sortu zenuten elkartea?
JOSEFINA: Euskararen alde geundelakoz. Euskal kultura sustatzeko. Hasi eta hain gustura sentitzen ginen, aurrera egin genuela.
KOLDO: Paz de Zigandan geunden seme-alabekin eta Bizente Melerok elkartea sortzeko asmoa zegoela eta hurbildu nintzen hona. Horrelaxe hasi ginen, haurrentzat euskal mundua hurbil-hurbiletik eskaintzeko.
PILI: Gu ere ikastolan jakin izan genuen berria. Bizente Apeztegia etorri zitzaigun eta berria eman zigun. Haurrak euskal giroan murgildu nahi genituen.
MARIBI: Haurrentzako euskaraz egiten ziren jarduerak bultzatu nahi genituen. Euskaraz jolastu, mendira joan asteburuetan, udan, kontua zen haurrak euskal giroan sartzea. Eta helduentzat ere bai, euskal giroa, parranda euskaldunen artean egiteko. Burlatan ez baitzegoen deus, Etxebeltzara edota Berdintasunera joan behar izaten genuen. Bajerak zenbait ere begiratu genuen, etxe honek balio zuenak beldurra ematen zuen, baina ausartak izan ginen eta orain begira nolako etxe dotorea dugun. Burlatako jendeak inbidiaz begiratzen dio gure etxe honi. |
 |
Eta zenbat ordaindu zenuten etxe hau erosteko?
MARIBI: Ni ez naiz oroitzen
KOLDO: Sei milioi eskatu ziguten eta azkenean bost milioi eta erdi ordaindu genuen. Orduan Pilar Aranburuk, alkatesa zenak, galdetu zidan ea zenbat ordaindu genuen, nik lau milioi ordaindu genuela esan nion, eta berak, harrituta, udalari zortzi eskatu ziotela esan zidan.
MARIBI: Mailegu pertsonalak eskatu genituen. 17 pertsona ginen. Diru anitz zen. Izugarri.
KOLDO: Garai hartan pisu batek milioi bat eta erdi balio zuen, pentsa!
Etxea nola zegoen sartu zinetenean?
PILI: Ikaragarri gaizki zegoen. Oroitzen naiz kristoren katarroa harrapatu behin txistorra egiten ari nintzela. Ikaragarria izan zen hemendik atera genuen zikinkeria eta zaborra.
MARIBI: Ni oroitzen naiz sukaldatzen ari ginela gure hatsaren lurrina nabaritzen zela sukaldean, hotzaren hotzez.
KOLDO: Garbiketa lana egitean zer nolako isolamendua ikusi ahal genuen. Oholak kentzean lastoa eta zekaleak zeuden solairuetan, garia, garagarra isolatzeko erabiltzen zituztenak.
MARIBI: Etxe honetan lau familia bizi ziren lehen.
Hasieran 16-17 bazkide omen zineten, nola lortu zenuten jende gehiago biltzea?
KOLDO: Uste baino errazagoa izan zen. Etxea ikusi zutenean segituan animatu zen jendea. Hirurogei bat azkar bildu ginen proiektuaren inguruan. Hasierak dira zailak baina behin egoitza bat izanik, orduan, jendea errazago batzen da.
MARIBI: Lagunengana joan ginen eta gainera jendeak horrelako zerbait nahi zuen beren seme-alabekin egoteko. Ostatuak ez ziren leku aproposak haurrak izateko, ez ginen hainbeste joaten tabernetara. Jende
PILI: Garai haietan bagenekien zer nahi genuen. Mugitu beharra zegoen zerbait nahi izatekotan.
MARIBI: Konpromiso handiko garaiak ziren haiek.
KOLDO: Ni harritu ninduen zeinen erraz atera zen proiektua. Konturatu gabe 60 pertsona bildu ginen kasik landu gabe. Urtebetean edo lortu genuen.
Asanbladetan nahiko saltsa izan omen zenuten bikotekideak ordaindu bai al ez. Kontsortearen kontzeptuarekin?
JOSEFINA: Ni bakarrik egin nintzen bazkide eta Josek gero kristoren inbidia izaten zuen.
MAITE: Saltsa izaten zen bai. Familiei tratu berezia eman nahi izan zitzaien diru-zama arintze aldera. Baina batzuk, nik adibidez, ez nuen ongi ikusten eta makina bat ika-mika izan nituen zuekin, bai. Biak sartzen ahal ziren elkartean baina ez zuten giltzarik eta ezin ziren barran sartu, teorian behintzat.
JOSEFINA: Asanbladetan agertzen zen gaia, behin eta berriro.
MAITE: Azkenean gehiengo batek lortu genuen hori aldatzea eta orain dagoen bezala uztea. Dena den, langabeen egoera ere kontuan hartzen zen. Gizartearen isla zen gure gizartea.
JOSEFINA: Orain ez duzu, bada, pentsio eskaseko alargunen kasua kontuan hartzen? Eh, zer esaten didazue niri?
MARIBI: Hori asanbladan aipatu beharko duzu Josefina, ez hemen. |
 |
Gaur egun nola hartzen duzue parte gure elkartean?
KOLDO: Nik kasik ez dut parte hartzen. Ez dut astirik eta ez naiz etortzen ahal. Kultur astean etortzen naiz eta urtean bitan edo, baina hagitz gutxi
JOSEFINA: Nik ez dut parte hartzen. Zaharra naiz.
MAITE: Gezurra esaten ari zara. Eta mus txapelketa zer?
JOSEFINA: Ah beno, nik esan nahi nuen ez dudala laguntzen, ez dudala antolaketan parte hartzen.
MAITE: Bai, bai, parte hartzen duzu, Josefina, zure moduan, jakina!
PILI: Ahal dudanean parte hartzen dut. Patata tortillak egiten ditut Laguntzen saiatzen naiz. Orain ez dut txokolate jaterik egiten, amei erakutsi genien eta haien txanda da.
JOSEFINA: Egia da, txokolatea egiteko osagaiak eta neurriak idatzita utzi genituen.
MAITE: Orain ez dut astirik. Auzolana dagoenean beti etortzen naiz. Barra egiten dut beti. Zikiro jate egunean zerbitzatzen dut, 25 urte daramatzat, aurten ere tokatuko zait seguruenik.
MARIBI: Aurten ez Maite, aurten ez dugu zerbitzatuko. Festa ere behar genuke, 25. urteurrena dugulakoz.
MAITE: Ez badut beste konpromisorik etortzen naiz. Hitzaldiak gustuko ditut, lehengoan izan nintzen Emilio Majuelok eman zuen batean.
MARIBI: Nik ere lana dela-eta juxtu nabil etortzeko, baina aste kulturalean, auzolanetan eta esku hartzen dut. Pintxoak egiten ditut, barra ez hainbeste. Segitu behar dugu elkartearen izpiritua mantentzen, ez zait ongi iruditzen kanpoko jendeari lan guztia ematea, guk geuk heldu behar diogu konpromisoari eta parte hartu elkartean ahal den gehien.
KOLDO: Badakizue zergatik ospatzen den urte honetan 25. urteurrena?
MAITE: Hasiera 1984. urtean izan zelakoz. Urte horretan erosi genuelakoz. Orduan sortu zen elkartea legalki, eraikina hurrengo urtean irekiko zen.
KOLDO: Inaugurazioa 1995eko maiatzaren 5ean egin zen. (1985-05-05)
Zer da Axularren gehien maite duzuena?
JOSEFINA: Mus txapelketa
KOLDO: Betidanik izan den elkarbizitza. Jendearen gustura egoten zinen. Ideia bereko pertsonen artean zinelakoz.
PILI: Etxean bezala sentitzen ginen
MARIBI: Ni gustura sentitzen naiz gutxi etorri arren. Egia da jendeak ez duela berdin pentsatzen, agian egitasmo politiko ezberdinak baina euskarak eta euskal kulturak batzen gaitu beti ere.
MAITE: Etxea, dugun espazioa pribilegio bat da Burlata bezalako herrian. Nire ustez gutxi erabiltzen dugu. Gutxi etorri arren, jendearekin topatzen zara eta kalean baino denbora gehiago duzu elkarrekin egoteko eta elkarbizitza egiteko. |
 |
Zer da Axularren falta dena?
MAITE: Euskararen hutsunea nabaritzen dut. Gutxi samar erabiltzen dugu. Erdarara gehiegi jotzen dugu. Gure helburua euskara erabiltzea izan da eta horri erreparatu beharko genioke.
MARIBI: Euskara erabiltzeko konpromisoa denon artean. Jende berriari bereziki eskatuko nioke euskara zaintzea eta erabiltzea. Eta jardueretan inplikatzea
JOSEFINA: Lehen gusturago sentitzen nintzen. Orain gutxiago etortzen naizenez harremana galdu dut. Etortzen naiz eta galduta aurkitzen naiz.
KOLDO: Etortzen naizenean jende aunitz ez dut ezagutzen eta ez dut lehenagoko harremana.
MARIBI: Agian kemen gehiago egin behar genuke, hurbildu jendearengana.
25 urte pasa ondoren, jendeak ezagutzen al gaitu. Axular ezagutzen al dute, nahiz Aksular edota Ausular deitu?
KOLDO: Bai, ezagutzen dute, baina susmo txarra adierazten dute batzuk.
MARIBI: Jende talde bat izan dugu beti gure aurka egon dena. Dena den guk gure alde dagoenarekin egin behar dugu lan.
MAITE: Bai ezagutzen gaituzte, onerako nahiz txarrerako. Etxea bai ezagutzen dute. Euskal- tzaleak Burlata bizitzera datozenean guregana hurbiltzen dira, erreferentea gara, zalantzarik gabe.
MARIBI: Izugarri hobetu dugu. Oraingo etxea ez da lehengoa. Sukaldea, bodega, ekitaldiak ... Eta kanpoko jendea ere horretaz jabetzen da |
 |
Nola ospatuko duzue 25. urteurrena?
KOLDO: Jan-edanean. Gustura. Behar den bezala. Ahal den guztietan parte hartuz
MAITE: Nik dantza eginez ospatuko dut
JOSEFINA: Nik Lasarekin dantza eginen dut, ez ezazue zalantzarik izan.
MARIBI: Urteurrena prestatzen ari naiz dagoeneko. Lagunduko dut
MAITE: Urteurrena ez da bakarrik kultur astean izanen. Urte osoan baizik. Dena den, esfortzu berezia eginen dut ekitaldietan parte hartzeko. Nahiz hagitz lanpetua nabilen.
PILI: Familiarekin gaizki nabil, Errioxara askotan joan behar dut familiarrak han ditudalakoz, halere, ahal badut hurbilduko naiz, bai horixe!
Eta 50. urteurrenera iritsiko al gara?
JOSEFINA: Ni ez iritsiko
MARIBI: Espero dut baietz
MAITE: Nahi nuke! Axular iritsiko da, gu ez dakit.
Amaitzeko norbaitek zerbait gehiago esan nahi al du?
KOLDO: Oroitzen al zarete nork proposatu zuen AXULAR izena elkarteari paratzeko?
MAITE: Bai oroitzen naiz. Aukera batzuk izan ziren eta Josu Goldarazek proposatu Pedro de Axular. Hagitz ongi azaldu zuen, Centro de Cultura Popularreko aretoan izan zen. Ederki azaldu zuen gainera, nor zen, zer idatzi zuen, lehen idazle nafarra zela, ... Denok baietz esan genuen.
MARIBI: Guk ez genuen Axular nor zen batere ideiarik
Eta hitz eta pitz ordu eta erdi joan zitzaigun konturatu gabe. Milesker guztiei eta ez atzendu 25 urte barru berriz elkartuko garela. |