| .Axular 25 · Ni huts |
|
|
|
|
Azalduko dut, edo saiatuko naiz, ahalik eta modu labur eta argienean, nola eta zergatik sartu naizen gauez, eta ez gautasunez, epaileak egozten didan moduan, Axular Elkarteak Ermita karrikan duen egoitzara, lapurtzearen eta egoitzaren bortxatzearen akusazioa bertan behera uzteko. Eguna normal hasi zen, igande guztiak hasten diren gisa berean, ez aje ez malenkonia ez den sentsazioarekin. Etxean inor gehiago ez, eta Iruñeko kafetegi handiren batera gosaltzera eta egunkariak bertan irakurtzera joatea erabaki nuen. Hola, topo egin nuen, nire bizitzan lehenengo aldiz, Martin Fröst-ekin. Nik ez dut kointzidentzietan Zer ikusteko du Paul Austerrek honekin guztiekin? Ezer gutxi. Donostiako Zinemal-dian, orain bi urte, bertako epaima- haiburu ibili zela aprobetxatuz, Martin Frosten barne bizitza filma, berak zuzendu berria estreinatu zuten, lehiaketaz kanpoz. Pelikula ikusi nuen –den-dena aitortu behar badut– eta ez zitzaidan gustatu. Baina kontua da gero alde zaharreko taberna batean lagunekin zerbait hartzen ari nintzela, barran zerbait eskatzera joan eta ohartu nintzen ondoan nuen gizona Paul Auster zela, bere edariari –whiskyari– begira. Esan berri dut, pelikula ez zitzaidan gustatu eta bereziki Auster zalea ez naiz. Baina denok barruan dugun mitomano puntua nire barruan hazten hasi zen. Nik ez nuen denborarik izan Austerri ezer ez esateko, niri begiratu eta, beste norbaitekin nahasita, bera hasi zitzaidalako hizketan. Ez, ni ez nintzela halakoa. Orduan bera desenkusatu zen eta kortesia hutsez izena galdetu zidan. "Harkaitz Cano", gezurra esan nion, "I’m a writer from Donosti". Behartuta sentitu nintzen Harkaitz Canoren eta euskal literatura osoaren zorra kitatzeko. Inpresioa dut, despeditu zen moduagatik, beste kopa bat onartu gabe, hotelerako presaz, pixka bat astun jarriko nintzela. Edo are, zenbait momentutan, zakarra ere, batez ere bere pelikulan Martin Frost izena erabili izana aurpegiratu nionean, izen hori beste norbaitena baita. Hasieran bere erabakia defenditzen hasi zen, Martin Frost, alegia Martin Laino, oso izen egokia zela pertsonaiaren barnea deskribatzeko. Ez ninduen konbentzitu edo, hobeto esan, ez zuen Harkaitz Cano konbentzitu. Martin Fröst (honelaxe, o gaineko bi puntutxoekin) klarinete jole ospetsua da, bueno, ez hain ospetsua, batez ere beraren izena interneteko bilatzaileetan Paul Austerren pertsonaiarenak jan dionetik, baina Mozarten klarinete kontzertua (K. 622) hoberen jotzen duenetarikoa da Martin Fröst suediarra. Bada, aurreko egunean Iruñean egon zen kontzertua ematen, Euskadiko Orkestrarekin batera. Ni ezin izan nintzen joan eta jada ahaztuta nengoen Martin Fröst, benetakoa, etorri behar zela. Horrexegatik, igandean, Iruñeko kafetegian egunkariak irakurtzen ez nuen ezagutu ondoko mahaian neska batekin zegoen gizonezko atzerritar ilehoria. Ez nuen ezagutu, baina inkontzienteko gauza hauek nolakoak diren, begia gainetik kendu ezinik egon nintzen. Egun horretako bazkalondoan, aita oporretan denez, beraren txakurra paseatzera atera nuen: Arga ibaiko ibilbidetik. Hor ibiltzen nintzen lehen aldia zen. Magdalenako zalditegi batetik hurbil eserita nengoela, bi ziklista igaro ziren. Nire ondora iritsitakoan, goizeko bi atzerritarrak zirela ohartu nintzen, udal bizikleta horietako bi hartuta. Gizonak ere ezagutu ninduen eta, Iruñean holako topaketa kasualak normal-normal balira bezala, erdi lagunarte giroan, agur esan zidan alaiki. Bideari jarraiki, argia egin zitzaidan eta jabetu nintzen hori Martin Fröst zela. Hori kasualitatea. Goizean ausaz bera zegoen toki berdinera gosaltzera joan eta arratsaldez ere elkar ikusi, ni inoiz ez joaten ez naizen baina auskalo zergatik hartzea erabaki nuen ibilbide batean. Modu arraro batean, hirugarren topaketa bat aurrez susmatzen hasi nintzen. Berei zena zela-eta, Paul Austerrekin elkar joka hasi nintzela (hau ez dut lehenago zehaztu?) kontatuko nion, eta Mozarten klarinete kontzertuaz hitz egingo nion. Baina kasualitatea bortxatzea oso kontu zaila da. Txakurra hartuta, noraezean ibili naiz Iruñetik, batez ere hoteletatik hurbil, baina alferrik. Martin Frösten eta bion ausazkotasunari zailtasuna gustatu ahal zitzaiolakoan, engainatzea eta gau ilunean Burlatarako bidea hartzea erabaki dut. Burlatan ez dabil inortxo ere. Ibiltzearen ibiltzeaz nekatuta, kasualitatez Fröstekin hirugarrenez topo egiteko aukera guztiak egun argiarekin batera galduko banitu bezala, txakurrak atea irekita topatu duen Axular elkarteko etxean sartu naiz, hori seinale on bat izan zitekeelakoan. Baina zer egin beharko zuen Martin Fröst klarinete joleak bertan? Paul Austerrek ere ezin askatuzko kasualitatea izango zen. |