|
|
140 LAGUN GEHIAGOK, IKASLE, IRAKASLE NAHIZ GURASOK, URTE OSOAN LANDUTAKO PROZESUAREN EMAITZA ERAKUTSI ZUTEN LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN. POESIA, ANTZERKIA, IRAKURKETAK, KANTUA, MUSIKA, IRUDIAK…SORMEN LAN ZORAGARRI BATEN ESZENATOKI BIHURTU ZEN APIRILAREN 23AN BURLATAKO KULTUR ETXEKO OHOLTZA GAINA. EKAITZ ETA IRATI GOIKOETXEA IRAKASLEEKIN ARITU GARA SOLASEAN; BERAIEK EMAN DIGUTE EGINDAKO LANAREN BERRI. |
|
Ikasturtea osoan zehar egindako lanak apirilaren 23an ikusi zuen argia…
Liburuaren eguna aitzakia polita izan da urtean zehar garatzen joan garen prozesua oso modu politean borobiltzeko. Urtean zehar beste hiru literatur emanaldi egin ditugu atsedenaldietan, eta azken hau aurretik sortutako guztiaren gailurra izan da.
Zer da sortu nahi izan duzuena?
Ekimenerako gogoa eta ilusioa. Ekimenerako inplikazioa. Olerki, kanta, dantza… sormenerako gaitasunean eragin nahi izan dugu, bai ikasleengan eta baita irakasleengan ere.
Institutuak eragiteko eta hausnarketarako gune izan behar du, asko dira oholtza gainean aritu direnak, baina baita entzule gisa parte hartze zuzen, aberats eta eraginkorra izan dutenak ere. Besteena ikusi, baloratu eta besteenarekin gozatzen ere ikasi egiten da. Aurtengo ikasleek hori lortu dute. |
| |
Liburuaren eguneko ekitaldiaren aurretik beste hiru emanaldi egin zenituzten.
Bai, eta hirurak institutuan bertan, eta atseden orduetan. Genero indarkeriaren aurkako egunean eta Emakumeen Egunean emanaldi bana ondu genituen, eta Gabon ostean Mikel Laboari omenaldi xume bat ere egin genion. Horiek izan ziren aurrera egiteko bultzada eman ziguten lehen pausoak.
Apirilaren 23ko emanaldirako institutu guztia jarri zenuten martxan.
Bai, modu batera edo bestera institutu guztia partaide izatea zen asmoa. Mintegi guztiek jarri dute beren aletxoa, izugarrizko lana egin da esparru guztietan, sortzen, atontzen, antzezpenak prestatzen, hariak lotzen… Denek izan dute zerbait esateko, eta helburuetako bat ere horixe zen, esateko dugun hori kanporatzen laguntzea.
Joxemiel Barandiaranek zioen moduan, denok dugu dakigun hori erakusteko eta emateko obligazioa, erantzukizuna. Zer elkarri irakatsi eta elkarrengandik ikastea baino ederragorik!
Ia bi orduko bi emanaldi prestatu dituzue. Nola egin duzue hori guztia?
Pittinka-pittinka. Ez da bi eguneko kontua izan, prozesu luze baten ondorio izan da. Atsedenaldiak, arratsalderen bat, eta klase orduren bat edo beste erabili dugu.
Inork pentsa dezake, halako iniziatibek arlo akademikoan denbora galtzea eragiten dutela.
Emanaldian txertatu dugun guztia programaziotik sortua da. Talesen Teorema, estatistika, deskribapen testuak, olerkiak, txirula doinuak, ahoskera (euskaraz, gazteleraz, ingelesez nahiz frantsesez)…Sorkuntza lan hori klase orduetan egin da, unitate didaktikoen barnean, eta behin sortutakoa entseatzeko atseden orduak erabili dira. Sortutakoa ondu eta oholtzarako prestatzea oso prozesu polita izan da, harremanak estutzen eta aberasten laguntzen baitute halako momentuek. Ikasleak oso motibatuta eta ilusionatuta ikusi ditugu, eta ez dugu inongo zalantzarik, horrek eragin zuzena izan du eta izango du beren garapen akademikoan ere.
Emozio eta sentimendu askoko proiektua izan da, ezta?
Eskolak bizia izan behar du, eskola emozio eta sentimendu ezberdinek elkar hartzen duten gune bat da, eta eskolaren erantzukizunak arlo akademikotik haratago joan behar du ezinbestean.
140 bat lagun taula gainean. Nola koordinatu hori guztia?
Zoriontzeko modukoa da norbanako bakoitzak egin duen ahalegina. Maila guztietako ikasleak nahastuta zeudela kontuan izanda, txalotzekoa da guztiek erakutsi zuten heldutasuna eta laguntzeko prestutasuna. Izan irakasle, ikasle edo guraso, berdinetik berdinera aritu gara denok lanean. Guztiak artista sentitu ziren apirilaren 23an; garbi gelditu da guztiok dugula artista txiki bat gure barrenean. Hitz egiten utzi behar zaio barruko artista horri.
Artistak ez ziren ikasleak eta irakasleak soilik izan. Gurasoak ere bai.
Bai, institutua hiru estamentuek (ikasle, irakasle eta gurasoek) osatzen dute, eta hiru estamentuek elkarrekin egin behar dute lan elkar aberasteko. Hunkigarriak izan ziren aita-alaben arteko elkarrizketak, esanahi handikoak. Ea hemendik aurrera gurasoak ere ikasle eta irakasleen artean ikusten ditugun dantzan, kantuan, antzezten…! |