.Axularren 25. urteurrena, ekitaldiz ekitaldi |
|
|
|
|
2.009. urtea beste urteak bezalaxe hasi zen, Txori Galduen Bermutarekin. Urtarrilaren batean, eguerdian elkartera hurbiltzen denak badaki frijituak aurkitzen ahal dituela hozkailuan urte berria bermut berezi batekin hasteko. Baina nahiz eta hasiera hau izan, 2009 ez zen urte arrunta: Axularrek bere 25. urteurrena ospatzen zuen Euskal Kultura zabaltzen Burlatan. Ez genekien oso ongi nola ospatu. Zerbait berezia egin nahi, noski, baina nola, hori beste kontu bat zen. Bazkide pila eta desberdin gaude elkartean eta guztiok sentitu behar genuen ospakizuna gurea zela. Hasi ginen bilerak egiten eta 25. urteurrenaren batzordea sortu zen, eta hor zeuden pertsonek haien ikuspuntua eman ziguten. Ideiak zeuden baina horretan ez gelditzeko, mugitu behar genuen eta horrek esan nahi zuen lan egin behar genuela ohi baino gehiago. Urtarrilaren 9an Mus Txapelketa hasi zen. 17 bikotek hartu zuten parte, ostiralero bi partida jolasten. Oso giro polita egon zen eta jendeak gero eta merienda gehiago ekartzen zuen, jolastu eta gero geratzen ziren afaltzera… oso ostiral biziak izan ziren egia esateko. Otsailean elkarteak parte hartu zuen herriko ekitaldietan. Santa Ageda, Burlatan Kantuz (otsailak 21) eta egun berberean, gure elkartean ospatu zen mozorro afaria. 23 eta 24an beste burlatarrekin, inauteria ospatu genuen, hori bai, antolakuntzan geunden. Apirilaren 23an, NEPAL "Herririk sakonena eta garaiena" hitzaldia izan genuen gure elkartekide Xabi Zelaiarekin, ederki aritu zen gure Xabi. Maiatzaren 7an, Emilio Majuelok bere liburua "La generación del sacrificio" aurkeztu zuen. Lehenengo Axular Mendi Ibialdia izan zen maiatzaren 26an. Oso arrakastatsua eta mendian egon eta gero, oso paella goxoa bazkaldu genuen elkartean. Mila esker sukaldariei! Maiatzaren 31n, izan zen Axular II Herri Krosa eta jende asko hurbildu zen elkartera parte hartzera. Zorionak Axular Korrikalari Taldeari! Urtero, Kultur Astea egiten dugu, baina aurten, aste hori ez da zazpi egunetakoa izan. Hasi, ekainaren 29an hasi zen, eta bukatu zen ekainaren 7an. Hasteko, bakarrizketa batzuk izan genuen Uharteko Zanpantzarrekoekin herriko kaletik egon eta gero. Larunbatean, Hiru Herri Jokoa txapelketa egin zen peña eta elkarteen artean eta tranpa egin gabe, elkarkide batzuek irabazi zuten. Ekainaren 4an Asisko Urmenetaren hitzaldia izan genuen. "Euskaldunberrikeriak" kontatzen, oso tarte atsegina pasatu genuen. Ostiralean, Broken Brothers Brass Band-ek Jazz musika ekarri zigun Burlatara. Tabernaz taberna joan ziren haien musika jotzen. Larunbata goizean Oreka Antzerki Eskolak emanaldi bat eman zuen kaletik eta oso gustura egon ziren umeak haiekin eta gero, txapak egiten egon ziren utzitako txapa egiteko makina bati esker. Arratsaldean Herri Kirola eta gauean, Anje Duhalde izan genuen kontzertuan. Euria egin zuen, baina hala ere, jendez gainezka izan zen kontzertua. Nahiz eta hauteskundeak izan, gure egun handia ospatu nahi genuen ekainaren 7an eta baimenak eskatu ondoren, kalera atera ginen zanpantzar, erraldoi eta kilikiekin, Burlatako Txistulari eta gaiteroekin… eta izugarrizko kalejira ondoren, gure betiko zikiroa bazkaldu genuen. Dantzaldia, pilota partidua… aukeratzeko gauza ezberdinak zeuden. Uztailean jai hartu genuen kultur batzordean baina prestatu behar ziren Burlatako Jaiak horregatik opor gutxi izan genuen. Burlatako jaietan Euskararen egunean parte hartu genuen eta elkartean prestatu zen guztion afaria. Ekon taldearekin disfrutatu genuen eta rocka gustatzen ez zitzaienentzat, Jarauta 69 izan genuen. Urriaren 2an Keu Agirretxearen kontzertua izan genuen eta hilabete horretan, 22an, laburmetrai batzuk euskaraz paratu genituen kultur etxean. Jende gutxi hurbildu zen kultur etxera, pena! Euskarazetamol antzerkiarekin bukatu genuen urria. Oso komedia barregarria. Jende gehiago etorri ahal izateko, kultur etxean egin zen. Azaroan, antzerki bat erdaraz izan genuen, "Pareja de Tres". Mus txapelketa abenduaren 11n hasi zen, eta 19an 25.urteurrenaren emanaldia izan genuen Kultur Etxean eta guri gustatzen zaigun moduan, festa mundial batekin bukatuko dugu urtea, ongi afaltzen eta dantzatzen. Eta hasi ginen bezala, urtero egiten den zerbaitekin, horrela bukatuko dugu urtea. Olentzerori gurdia prestatzen... Berriro Eguberria ailegatu zaigu, urtea pasatu da jada! Kultur batzordeak ahalegin handia egin dugu ekitaldi hauek guztiak arduraz prestatzen, gure denbora eta lana ematen eta noski, ekonomikoki ere esfortzu handia egin dugu. Esan behar dugu beste komisioak gure aldean egon direla eta pila bat lagundu digutela eta bazkide batzuk ere bai. Mila esker! Zoritxarrez, laguntzen duten bazkideek beti berdinak dira eta jardueretara etortzen direnak, ia, ia, ere bai. Uste dugu bazkide batzuk ez direla enteratu ere egin aurten urteurrena izan dugula. Batzuentzat elkarteak bazkari eta afariak ospatzeko da eta benetan pena ematen digu horrelako izaera. Hemendik bizikieskertu nahi genuke hor zaudetenei, laguntzaile eta ikusle bezala, zuen parte hartzeak aurrera jarraitzen laguntzen gaituelako. AXULAR ELKARTEKO KULTUR BATZORDEA
| |
|
|
![]() |
|
![]() |
|