|
............................,,...Editoriala |
![]() |
|
|
|
Berrogeita hamargarren alea duzu, irakurle, esku-artean. Hamabi urte luze hauetan azkena dena, hain zuzen ere. 50.a, eta agian hemendik aitzinera ez dugu ale berririk aterako gure karriketara, izan ere, Nafarroako Gobernuak ez baitu 2009. urtean dirurik eman euskaraz argitaratzen diren komunikabide eta argitalpenak laguntzeko. Hortxe ibili dira urte osoan: orain bai, orain ez, akaso orain, orain dudarik gabe, azkenean sosik gabe uzteko euskaraz kaleratzen garen komunikabideak. Gure kasuan hagitz zail izanen dugu urtero –orain arte bezalalau ale kaleratzea, izan ere, gobernuaren laguntzarik gabe, hortxe-hortxe ibiliko baikara bi ale ateratzeko, ateratzen baditugu. Miseria da orain arte banatu dutena, eta miseria hori ere ukatu digute aurten, halere, gogoz segitzen dugu Axular Kultur Elkartean, gogoz eta indartsu gure proiektuarekin jarraitzeko. Gure Elkarteak 25 urte bete dituen honetan ez genuke euro batzuengatik ahotsik gabe utzi nahi Burlatako euskal komunitatea, badakigu hagitz gustura hartzen gaituzuela urtaro bakoitzaren bueltan, eta etorkizunean ere horrelaxe segitu nahi genuke, nahiz udaldean eta negualdean soilik karrikaratu. Apal segitu nahi dugu, ttiki, gure moldean, baina sendo eta tinko gure herriko hizkuntza komunitateari berriak gure hizkuntzan emanez, euskara pittin bat gehiago erabiltzen saia gaitezen egunero-egunero Burlatako eta Iruñerriko euskaldunen bizitzan. Eta agintean daudenei gauza bakar bat: ez badute benetan euskararen alde lan egin nahi, doazela etxera, dignitate pittin bat behar da. Euskararen garapenaren ardura dutenek lore-jokoetan dabiltza azken urte luze hauetan, haiek ere sinesten ez dutena eginez eta eskuin trogloditaren politika atzerakoienei bide emanez. Azken finean, euskara desagerrarazteko politikak dira gauzatzen dituztenak, glotofagiaren bidetik emanak, ea noiz konturatzen diren. Axular aldizkariaren erredakzio taldea |
|